Aurrekariak
XIX. mendearen bigarren erdian Nerbioiaren arroa eraldaketa nabarmena bizi izan zuen. Burdin mehatzeen ustiapen intensiboak bultzatu zuen industrializatze prozesua izan zen aldaketaren eragile. Mende bukaerarako Bilbo penintsula iparraldeko burdin-industriaren gune bilakatu zen. Horrek aldaketak eragin zituen hiri mailan 1874-ko zabalgune egitasmoarekin. Lurralde mailan eta komunikabide azpiegiturei dagokienez, trenaren garapen izugarria bizi izan zen merkantzien mugimendua asko arindu zuelako.
Garrantzi edo bokazio ezberdineko linea ugari egin ziren. Tutera eta Bilbo arteko trena izan zen eraikitzen lehena 1863an, Madril-Irun linearekin Miranda-Ebron lotzen zena. Aldi berean "mehatze-trenak" hasi ziren garatzen, hiriburua mehatzekin lotzen zutenak. Beranduago etorriko ziren Bilbo Durango eta Donostirekin lotuko zituen linea edo Santanderrera iritsiko zena, batzuk aipatzearren.
Santander-Bilbo trena
Bilbo eta Santander arteko trenbidea formatu estuko hiru zatiren bat-egitearekin etorri zen: Zorrotza-Balmaseda trena (1890ekoa), Santander-Solares trena (1892koa) eta Zalla-Solares trena (1893-94koa). Beraz, hasiera batean lineak Santander-Zorroza ibilbidea egiten zuen. Laister Bilbora luzatuko zen, 1896an linea osatua geratu zelarik. Bi urte geroago, 1898an, trenbidearen ekialdeko buru izango zen Bilboko geltokia eraiki zen. Bilbao-La Robla ikatz-trenaren buru ere izango zen, gerora Leoneraino helduko zena.
Proiektuaren eragileak Bizkaiko eta Kantabriako burgesiako pertsona esanguratsuak izan ziren, empresa eta negoziotan oso aktiboak. Victor Chavarri y Salazar enpresaria edo Valentin Gorbeña ingeniaria kasu.
"Konkordiaren lurrak" izenez ezagutzen zen parajean eraiki zen tren geltoki berria dagoeneko existitzen ziren beste biren artean: Abando (Tutera-Bilbo linea) eta La Naja (Bilbo-Portugalete). Ezartzeko leku zaila eta azaleran mugatua zenez, merkantzien geralekua aparte utzi zen, Ametzolan, eta han egon zen XX. mendeko azken hamarkadara arte. Bidaiarien geltokia, horrela kokatua, balkoi bat moduan agertu zen hiribildu zaharrari eta itsasadarrari begira, Bilboko lehen zabalgunearen barne.
