Pintoreak

Bierge, Roland

Biluzien, paisaien eta natura hilen margolari, Bokalen (Lapurdi) jaio zen 1922ko apirilaren 16an, eta Saint-Antoninen (Gers) hil zen 1991ean.

Hamabost urte zituenetik, Baionako Marrazketa eta Margolaritzako Udal Eskolan ikasi zuen.

Gerora, dekoratzaile gisa lan egin zuen Comédie Française-n. Hasieran, natura hilak margotzen zituen, konposizio neurridunekoak. 1965etik aurrera, berriz, Marc Chagallen eraginpean, harekin lan egin baitzuen Parisko Operako sabaian, koloreak erakarri zuen, eta, figurazioa alde batera utzita, inbrikatze soinudunez osatu zen haren idazkera piktoriko berria: musikari eta kolorearen azti. 1971ean, abstrakzioan murgildu zen guztiz, La Terre promise lanarekin. 1947tik aurrera, erakusketak egin zituen aldizka Parisko erakusketa-aretoetan (Salon d'Automne, Salon de la Jeune Peinture, Salon des Comparaisons), natura hilak batez ere, eta Marseillan. 1957an, Marseillako hiriaren domina jaso zuen.

Zenbait museotan ikus ditzakegu haren lanak: Agenen, Amberesen, Fontenay-le-Comten, Göteborgen, Marseillan, Montaubanen, Montfermeilen, Parisen (Musée d'Art Moderne), Puteauxen, Les Sables-d'Olonnen, Sèten eta Villeneuve-sur-Loten.

"Jakinduria handiz antolatutako kolore-eztanda; batzuetan, indarkeriaz kontrajartzen dira, eta, beste batzuetan, bat egiten dute erabateko harmoniaz. Bierge margolaria da batez ere, eta koloreztatutako materia bere barne-mundua adierazten duen kolore-festa bihurtzeko gai da"

(Avermaete, arte-kritikaria, Sud-Ouest, 1997-06-10, itzulpen moldatua gaztelaniatik) .

  • 1965: "Expressions 65, Rencontre des Artistes Contemporains". Honako lan hauek aurkeztu zituen: Portrait de M. Seward Eric, Pins au Castelet eta On nous prend pour des poires.
  • 1970: "Expressions 70, Rencontre des Artistes Contemporains". Honako lan hau aurkeztu zuen: Nature morte.
  • 1997: Angelu, ekainetik irailera; Bierge Pompidou galerian, udaletxeko patioan eta Béatrix Enean. Bere senarraren lanaren erakusketa horien ondoren, Bierge andreak olio bat eman zuen Angeluko udal-bildumarako: Composition.

Les Grands pommiers (olioa), Deux mangues (olioa), Helios (olioa), Composition nº 259 (olioa), Arbres au bord du Pô (olioa), Féterne (olioa), Composition (akuarela), Composition (olioa) eta Arcande (olioa), beste batzuen artean.