1899an Irunen jaio eta 1987an Etxalarren (Nafarroa) hil zen pintore gipuzkoarra.
Arte eta Ofizioen Eskolan egin zituen ikasketak Echeandia eta Alvarez Sotomayor maisuekin. Hogei urterekin Gipuzkoako Hasiberrien Erakusketan aurkeztu eta arrakasta itzela ukan zuen, izan ere, Carnestolendas izeneko margolanak oihartzun handia izan zuen eta, aski goretsia izan zen. Hurrengo urteetan (1921, 1922, 1923) hasiberrien erakusketetan parte hartzen jarraitu zuen eta hainbat sari jaso zituen. 1923an erakusketa bat egin zuen El Pueblo Vasco aretoetan eta 1926an Madrileko Ateneoan hainbat obra paratu zituen, askotariko iruzkinak izan zituztenak.
Gerora, Madrileko Arte Ederren Erakusketa Nazionalean parte hartu zuen, bi margolan aurkeztuta. Zenbait erakusketa egin ostean Hendaiara joan zen eta han Miguel de Unamunoren erretratu bat egin zuen, idazle ezaguna han behartuta zegoela baliatuta.
Espainiako gerra zibilaren ondorioz, Argentinako Errepublikara mugitu behar izan zen. Mar de Platan finkatu zen eta, denbora gutxira, Salón de Primavera izeneko erakusketan parte hartu zuen, merezitako zilarrezko domina jaso zuelarik. Beranduago, Kasinoan egindako Euskal Artisten erakusketan paratu zituen obrekin arrakasta handia ukan zuen. Mar de Platatik Boliviara joan zen, Santa Cruz Arte Eskolako zuzendaritza hartzeko. Gero Txilera jo zuen eta Txiletik Euskal Herrira itzuli zen, hain justu Aranaz herrixkara (Nafarroa). Garai hartan, aldian behin erakusketaren bat egin zuen eta, gerora, Bidasoaren ibaiertzera mugitu zen.
Euskal Herrian girotutako obrak oso ospetsuak izan ziren eta berehala eskatu zizkioten. Horrela, Pescador izeneko margolana izan zen desiratuenetako bat, New Yorkeko Collin Wooffran bilduman paratzen dena. Bere obrak gaztelania mintzagai duten herrialde askotako bilduma partikular eta ofizialetan zehar sakabanatzen dira, gehienak Bolivian daudelarik. San Telmo Museoak hiru obra hartu zituen.
Muralak ere egin zituen, horien artean, Guadalupeko Ama Birjinaren santutegiko pinturak Hondarribian eta San Antonioren omenezko arkuteria oso bat Altzateko auzoko elizan (Baztan, 1953).
Gainera, Viejo de mar y niño, De vuelta de la pesca eta Retrato de Unamuno izeneko margolanak aski goretsiak izan ziren.
"Bienabe Artia tokiko kutsuaren zalea da. Dena den, bere pintura ezin esan folklore hutsa denik. Hala, tokiko balioak unibertsoan zehar hedatzen ditu bere plastikaren indar ikaragarria baliatuz. Ildo horretatik, pertsonaien gaiak arruntagoak dira paisaiak baino. Hori, bestalde, euskal eskola guztian ageri den berezitasuna da. Hala ere, Bienabe Artiak indar hertsi eta trinkoz beztitzen du paisaia, zenbaitetan, Regoyosen lan gogoangarrienak ekartzen dituelarik gogora. Bere paletan, akorde bortitzetarako joera erakusten duena, gama zabal eta harmoniatsua ageri da, bat datorrena bere zorroztasun formalarekin eta bere konposaketaren ordena zehatzarekin, betiere, masaren eta pigmentuaren bateratzera bideratua"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik).
(Angel Marsa, Gaceta de las Artes, Bartzelona, 1954).
2001eko abuztua eta iraila bitartean autorearen atzera begirako erakusketa bat egin zen Iruneko Amaia Kultur Zentroan.