Arkitekto eta hirigile gipuzkoarra, Donostian jaioa 1906ko azaroaren 12an. 1996an zendu zen
Arkitektura Madrilen ikasi zuen eta ikasketak burutu ostean, 1931an itzuli zen. Madrilen bizi zenean, Francisco Prieto-Morenorekin batera, 1936an maiatzetik ekainera bitartean bertan ospatutako Arte Ederren erakusketan parte hartu zuen eta Granadako Albaicin auzoa Kontserbatzeko egitasmoa aurkeztu zuen.
Guda zibilaren ondoren (1936-1939), Madrilgo Berreraikuntza-Batzordeko Bulego teknikoaren arduraduna izan zen, eta bere agindupean egin zen 1941eko Hirigintza Antolaketaren Plan Nagusia. Aipatutako Plangintza hori, 1941ean onartutakoa, Secundino Zuazo eta Herman Jansenen Madrilgo Hedapen-Plangintzan (1929), eta Julian Besteirok bultzatutako 1939ko Madrilgo Lurralde-Plangintzan oinarritzen zen.
1950eko hamarkadan zehar burutu zen lehen aipatutako bateratze prozesu horren bitartez, Fuencarral, los Carabancheles, Vallecas, Vicalvaro, Canillas, Canillejas, Hortaleza, Barajas eta Chamartin de la Rosa udalerriak Madrilgo udal barrutiak izatera iritsi ziren.
Plangintzak "Madril Inperiala" sortzeko proposamen estetikoa ere bazuen. Horretarako Manzanares ibaiaren ertzetan Felipe II.aren garaiko Espainiako (XVI) arkitektura estilodun etxaurreak eraiki nahi zituzten.
1951n, Torres-Balbas, Cervera-Vera eta Chuecarekin batera, Historia del Urbanismo en España (Tokiko Administrazio Ikerketetarako Institutua) argitaratu zuen, lan horretan Donostiako Zabalgunea ikertuz. Beste argitalpen batzuk: El desarrollo urbanístico de Madrid (1964),
Unibertsitate-Hiriko Mendi Ingeniarien Eskola Tekniko Gorenaren egitasmoa egin zuen eta Sevilla kalean barrena hedatu zen Bilboko Banketxearen eraikinaren handitze lanak bere gain hartu zituen (1975-1981). Besteak beste, Etxebizitzaren Kontseilu Nagusiko Presidentea izan zen. Francisco de Ibero Institutu gipuzkoarreko kidea izan zen.
- RODRIGUEZ AVILA, Luis. "Historia del urbanismo contemporáneo español. Pedro Bidagor Lasarte". Urbanismo: revista oficial del Colegio de Arquitectos de Madrid, 2. 71. orr.
- MINDANT, Jean Paul (Zuz.). Diccionario Akal de la Arquitectura del siglo XX. Madril: Akal, 2004.
- DIEGUEZ PATAO, Sofia; GALIANA MARTIN, Luis; TOLEDANO; Juan Manuel; BASSOLS COMA, Martin; SAMBRICIO, Carlos (argit.). Plan Bidagor 1941-1946: Plan General de Ordenación de Madrid. Madrid: Herrilan, Hirigintza eta Garraio Saila, 2003.
- SAMBRICIO, Carlos. Madrid, vivienda y urbanismo: 1900-1960. Madril: Akal, 2004.
- SAINZ GUTIÉRREZ, Victoriano. El proyecto urbano en España génesis y desarrollo de un urbanismo de los arquitectos. Sevilla: Sevillako Unibertsitatea. Argitalpen Zerbitzua, 2006.