Kontzeptua

Besta Berriak Bidarrain

Besta Berrietako alderdi sakratu bai profanoan dantzak beti ukan du bere garrantzia (Etxehandi, 1989). "Bidarraitarrak beti espartin xuritan" dio erran zaharrak. Gostu horren lekuko dira baita ere Bidarrain eman izan diren tobera-kabalkadak azken bi mendeetan (1833, 1862, 1908, 1909, 1923, 1945, 1946 eta 2002an, bertzeak bertze). Bidarraiko dantzariek maiz irabazten zituzten han eta hemen antolatuak ziren dantzari primak. Jean Espilondo "Arnaval"-ek ereman zuen dantza jauzien lehen prima Hazparneko lore jokoetan 1894an, eta Bidarraiko taldeak zuen Baionako dantza lehiaketa ereman 1946an. Herrian berean bazituzten dantza erakasleak, Ganix Iriart bezala XX. mendearen lehen partean, edo Mañaeneko Beñat Duclos bigarren gerla ondoan.

Besta Berrietako parte sakratuan, kaxkarot martxaren urrats neurtu eta idorra zuten erabiltzen. Gaur egun, eliza sartzeko urratsak Heleta eta Lekornekoa du orroitarazten, eta ez baitezpada Luhuso edo Ortzaizekoak. Violet Alford etnologoak zion 1922an Bidarraiko zapur batek, bere dantzaren beroan, aldare gainerat jauzi egin zuela (Alford, 1937: 176). Guilcher-ek ahatik ez zuen, apentziarik ere, gisa hartako oroitzapenik bildu Bidarrain egin zuen inkestan (1984: 445).

Bidarraiko Besta Berrietako parte profanoan ere dantzak beti ukan du bere garrantzia. Bezperetarik lekora, guardak hiru plaza itzuli egiten zituen kaxkarot martxa eman aintzin. Ondotik dantza jauziak eskaintzen zituzten. 1921an adibidez, Socodiabehere "Xatorra" Arruntzako soinulari famatua zutela gidari, eman zituzten Besta Berriz jauzirik zaileenak: Mutxikoak, Milafrangarrak, Azkaindarrak (edo Ainhoarrak) eta kaxkarot dantzak (Eskualduna, 1921.VI.10) . 1926an aldiz, Ainhoarrak, Milafrangarrak eta Laphurtarrak (Eskualduna, 1926.VI.18) . Beñat Duclos-k erakutsi zigunaren arabera, pikoak urratsean emaiten zituzten, Heleta edo Makeako gisara. 1960 urteetan ziren hasi jauzika antrexatekin, Garaziko moldean, Baionako dantza erakasle baten eraginez. 1970 urteetarik goiti ahatik dantza jauziek doi bat galdu zuten beren ospea gazteriaren artean. Komuzki, dantza jauzietarik landa, neskak gomitatzen zituzten dantza kordara. Itsasun bezala (Itçaina, 2009), plazan eta ostatuz-ostatu zebilan dantza korda, bereziki Otabaz. Albert Arrabit herriko soinulariak azaldu zigunez, Bidarrain emaiten zen dantza korda Baigorrikoaren parekoa zen, bere lau zatiekin. Kadrilla eta fandangoekin bururatzen zen tokiko gizartean garrantzi haundia zuen, eta neurri batean duen, aspaldiko errito erlijioso-zibikoa.