Konposatzaileak

Bernaola, Carmelo Alonso (2009ko bertsioa)

Musika ekoizteko, transmititzeko eta mantentzeko moduei esker, arlo ugari dago arte-jeinutasun hori adierazteko.



Agertokiko foku beroen lurrunean egiten den adierazpena (interprete, bakarlari edo atril-musikari gisa) eta orkestra edo koruko zuzendariena dira, apika, publikoaren hurbilekoenak. Argien eta frisoen beste aldean, konposaketak hala bere era prestigiotsuenean (kultu eta opus ekitaldiarena) nola irabazien ikuspegitik (hedabideen, publizitatearen, antzerkiaren eta ingurumariaren merkatuari esker), alderdi pedagogikoa ahantzi gabe, koadro koloretsua, zorrotza eta lehiakorra osatzen dute, eta hori zail da berez nabarmentzen.

Carmelo Alonso Bernaolak arlo horietan guztietan (konposaketa, zuzendaritza, interpretazioa eta pedagogia) bere arrastoa uzteko lantegi nekeza gauzatu zuen. Horretarako, bere ezaugarri izan zen profesionaltasun bereziaz gain, eskuzabaltasuna eta jarrera hedatzaile nabaria, bere izaerarekin bat zetorrena, erakutsi ditu.

Bernaolaren izaera, alde batetik, zuzena eta ziztatzailea zen gizakiekiko harremanean eta, beste alde batetik, izaera liriko eta adierazkor atsegina ageri zuen partituraren gainean soinua barreiatzerakoan. Bere prestigioa abangoardiazko musika-ondare sinfoniko sendo batek indartu bazuen ere, agian gutxiengoa zena beste bitarteko batzuei erreparatuz gero, aipatu izaerari esker, aldi berean, soinu-banda, musika intzidentala edo telebistako sintonia landu zituen. Hain zuzen, azken jarduera horri esker lortu zuen ospea. Nazioartean lehen lerroan kokatzen zen konpositore-karrera baten eskakizunak gainean izan arren, bere izaera aldagaitz mantendu zen bere instrumentua interpretatzeari zegokionez. Klarinetea, askorentzat instrumentu apala zen, baina musikariaren bidelagun izan zen bere bizitza profesionalaren zati handi batean, bandak, orkestrak eta ganbera-musikak zuzentzeko atril konplexuaren aldamenean. Kemen eredugarria erakutsiz, Bernaolak bere ahalmen pertsonal anitz eta askotarikoa proiektu pedagogiko handietan isuri nahi izan zuen. Akademiak edo, hobe esatera, musika-eskolak sortuz. Azken izendapen hori kontserbatorio hutsal edo lizunduaren aurretik lehenetsi zuen bere bizi-aldarrikapenetako batean. Xehetasun horiek guztiak izaera sortzaile bateko ezaugarri dira, bere bitarteko esperimental eta praktikoan islatu zuena. Bere proiekzioa didaktikoa izan zen, konposaketaren eta interpretazioaren gotorlekua eraikiko duten belaunaldi berrien akuilu.
 

Carmelo Alonso Bernaola Otxandion jaio zen 1929ko uztailaren 19an. Musika ibilbideari dagokionez, klarinetearen gerizpean abiatu zuen bere jaioterrian, Bizkaian. Gerra zibilean La Arboledan (San Salvador del Valleko Udala, han jaio baitzen bere aita Amado Alonso, Rufina Bernaola bere amaren senarra izango zena) eta Zorrotzan izandako gorabehera dramatikoen ondotik, Medina de Pomar herrira joan zen bizitzera familia. Zazpi urtez izan ziren han (1937-44) eta Bernardino Peredaren klarineteko ikasle izan zen. Gerora, bandako irakasle ere izan zen eta Trío medinés taldearekin hainbat festa eta dantzatan parte hartu zuen. Beranduago, dagoeneko nerabe zela, Burgos hirira mugitu zen, 1944an. Han Domingo Amorettiren ikasle gisa onartua izan zen, hots, Burgosko Katedraleko kapera-maisu, organo-jotzaile eta Orfeón burgalés delakoaren zuzendariaren ikasle izan zen. Aurrerago, oposizio bidez (laugarren sailkatuta) musikari militar plaza eskuratu zuen (1948) Ingeniarien Musika Bandan eta bigarren plaza erdietsi zuen klarinetearekin hiriko Orkestran aritzeko (1949). Bide batez ,aipagarria da azken talde horretako concertino Frühbeck y Frühbeck izan zela (gerora "de Burgos"). Carmelok arrasto ezabaezina utzi zuen Gaztelako probintzia hartan. Maitasun hori musikaria desagertu ostean ere mantendu da, hala, ildo horretatik, aipagarria da 1990ean Medina de Pomarreko seme adoptatu izendatu zutela eta herri horretako musika-eskolak bere izena hartu zuen.

Gasteizera laurogeiko hamarkadan iritsi zen lehen aldiz (hiri horrek Urrezko Domina eman zion eta hiriko nazioarteko musika jaialdiak bere izena hartu zuen) eta 1981ean Kontserbatorioko Zuzendari izendatu zuten. 90eko hamarkadan itzuli zen, bere helduaroan pertsonalki landu zuen musika-prestakuntzarako proiektu itxaropentsuarekin: "...tratar de hacer un conservatorio a mi imagen y semejanza..." (hitzez hitz) Jesus Guridi musika-eskolan. Baina, Bernaolak konpositore-karrera ia osoa, batez ere, Madrileko giro musikal eta geldigaitz batean sustraitutako belaunaldi berri batean garatu zuen. Burgosetik aldizka hara bidaiatzen zuen Tomas Blanco maisuaren eskutik konposaketarekin lotutako ikaskuntza bereziak jasotzera, eta 1951n han geratzea eskatu zuen Banda de Música del Batallón del Ministerio del Ejercito delakoan jarduteko. Bi urte beranduago, oposizio bidez, beste batzuen artean, Julian Menendez, Jesus Arambarri edo Victorino Echevarriak osatzen zuten Banda Sinfónica Municipal ospetsuko kide izatea lortu zuen. Banda horretan, aurrez, Miguel Yuste, Pablo Sorozabal handia edo Ricardo Villa aritu ziren, besteak beste. Hain zuzen, azken hark sortu zuen banda 1909an (mendeurrena duela gutxi ospatu zen, 2009ko ekainaren 2an). Manuel Angulo, Angel Arteaga eta Cristobal Halffterrekin batera Cuarteto músico-militar osatu zuen eta horri esker, musikari gazteen Madrileko giroan barneratu zen.

Eta XX. mendeko azken herenean Pirinioez haraindiko haize kultural susmagaitzak Espainiara erakartzeko erantzukizuna hartu zuen musika jite irregular hori egituratu nahi izan zuten eskola ugarietako, ustezkoak nahiz egiazkoak, barneratutako belaunaldietako (51), pertsona entzutetsu (independente eta ez independente) eta familietako gorabeherak aintzat hartuz, gortea aipatu beharko litzateke. Bernaola hainbat hamarkadatan hiriburuan antolatutako abangoardiazko multzo hautatu hartako kide esanguratsua izan zen. Garai irekia eta korapilatsua zen, politikan aldaketa sakonak ezagutu zituena.

Mazorra Incera, Luis

Bere lehen obretan bere instrumentuarekin, zurezko haizea, lotutako generoak ageri dira; dena den, laster, Madrileko Musikako Goi Mailako Errege Kontserbatorioan (Real Conservatorio Superior de Música de Madrid), Julio Gomezen gidaritzapean (Cales, Mosso edo Forns ere izan zituen irakasle) egindako ikasketek eraginda, partitura haiek molde eta hartzaile unibertsalagoak hartu zituzten. 1944. urtean Medina de Pomarreko (bere) bandarako idatzitako orrialdetik abiatuz (Entre las torres) 1955ean idatzitako Música para quinteto de viento bitartean Serenata (1946) eta Breve capricho (1948) tartekatzen dira, klarinete bakarlari gisa, eta koroan kantatzeko pieza hauek A media noche (1946), Al agudillo (1948), Villancico (1949), Canción a seis voces mixtas (1954) eta Beti penetan (1955); 1954an Santiago de Compostelan saria jaso zuen Pieza para instrumentos de pulso y púa obrari esker. Rosalia, Machado (Manuel) eta Juan Ramoni buruzko Canciones zikloekin batera, bestelako tinbre-doinu batzuetara abiatzen ziren obrak ageri ziren, apal-apal: Txistu eta tronpaz jotzeko Dúo, pianoz jotzeko Concertante edo Trío-Sonatina, guztiak 1955ekoak. Urte hartan, Musikako Sari Nazionalaren (Premio Nacional de Música) ohorezko aipamena jaso zuen eta Samuel Ross eta Premio Nacional de compositores del S.E.U. sariak eskuratu zituen. Azken hori 1956an jaso zuen, gerora, Cuarteto de cuerda 1 lanari esker, lehen Musikako Sari Nazionala (Premio Nacional de Música) jasotzeko.

Carmelok hautatutako bidea gerra arteko Vienako bigarren eskolako (Segunda escuela de Viena) dodekafonismoarena izan zen. Bere bertsioa heterodoxoa zen gutxi-asko, nolabait estilo latindarra, betiere, bere ahalmenaren barneko beste edozein baliabide gisa ulertua izan dena, soinuaren zerbitzura eta ez alderantziz. Egoera horretan, Europako musika oldarraldi, haustura eta autokritika betean zen eta Bernaolarekin konpositore berri bat ukan zuen, atonala, espresionismo liriko hartako ondareen arabera nagusitzen zen eta Bergek ekarri zuen serialismo oraindik dodekafonikoaren ildotik. Testuinguru hartan sortu ziren bere helduaroko lehen obrak: Suite-Divertimento eta Tres piezas 1956an, Homenaje a Domenico Scarlatti I 1957ko klabe bakarlariduna, Canción y danza (1958), Cuatro piezas infantiles (1959), Cecilia1 lehen alabarentzat jaio aurretik idatzitakoa (Erromako Sariko proba luzeetan jaio zen), "egunen batean interpretatzeko itxaropenez" eta, batez ere, Piccolo concerto aipatu behar da 1959koa. Urte hura, 1959, era berean, bere ezkontza urtea izan zen (otsailak 5), Burgoseko probintziako herri bateko (Pedrosa de Valdeporres) neskatxa batekin, Mari Carmen Ruiz Morodorekin, Madrileko Errege Kontserbatorioan ikasketak amaitu eta urtebetera. Instituzio horren barnean, 1956. urte hartan, lau sari akademiko jaso zituen alajaina! (klarinetea -lehen saria-, kontrapuntua eta fuga -lehen saria-, ganbera-musika -lehen saria eta sari berezia- eta bitxikeria modura, ikerketako sari bat, "Mozart" izenekoa, haren bigarren mendeurrena zela eta). Ibilbide hori 1958an biribildu zuen, Konposizioko Lehen Saria eta Sari Berezia jaso zuenean.

Sokarako Cambio (1960) obrarekin Carmelorentzat erabakigarria izan zen biurteko bat has izen, 1959. urtearen amaieran Erromako Sari (Premio de Roma) desiratua jaso ondoren, Espainiako Akademian (Academia española) sartzea lortu zuenean (1960-1962), betiereko hiri hartan. Han, idatzi zituen Constantes (1960) eta Sinfonietta progresiva (1961). Halaber, han osatu zuen Superficies n.1 (1961) fenomenologia klabean, bere bigarren alabaren, Lilianaren, jaiotzarekin biribildu zen garai pertsonal hura apainduz. Goffredo Petrassi izen zuen maisu Italian. Prestakuntza haren osagarri derrigorrezko hainbat egonaldi egin zituen Darmstadt (musika berriaren "ikastaro" gorenak), Sienako Academia Chigiana, Venezia, Munich edo Pariseko Espainiako Kolegioan. Bidaia horietan bere garaiko punta-puntako adituak ezagutu zituen eta ezin aipa gabe utzi, Angelo Francesco Lavagnino handiaren eskutik zinemarako musika ikasketak egin zituela (Campanadas a medianoche eta Otello (Wells), Calabuch (Berlanga), besteak beste). Baina ez zen hura bere irakasle bakarra izan, izan ere, Sergiu Celebidache, Errumaniako zuzendari karismatiko eta grinatsuaren ikasketak jaso zituen, musika fenomenologia eran ulertzen nagusi izan zena.

Musika garaikidearen sorkuntzaren beste muturrean elektronikaren garai oparoa nahasten da. Haren eraginpean, Bernaolak eta haren belaunaldiak konposiziorako baliabideak berregituratu zituzten. Horren ondorioz, kontrolpeko ausazkotasuna etorri zen eta errepika sortu zen eraikuntzarako ezinbesteko prozesu modura. Aro garaikide hartako gurasoek hartako propietate dis-tentsiboak esplotatu bazituzten ere (horien artean Stravinsky nabarmendu behar da) "loops" (eraztunak) direlakoen erabileraren bidez, sortu berria zen elektronikaren laguntzaz, ahalmen sortzaileak eskuratu zituzten interpreteek, hala, ohiko mugak gainditu ziren.

1Cecilita: "il più grande capo laboro di Bernaola" [al decir de su maestro Goffredo Petrassi].

Dagoeneko berriz ere Madrilen zela, lehen Musikako Sari Nazionala eskuratu zuen, Cuarteto de cuerda núm. 1 lanari esker. 1962. urtea zen, hain zuzen, Espacios variados eztabaidagarria osatu zuenekoa (1969an berrikusia) eta bere aita zendu zenekoa. Azken obra horrek harrera liskartsua izan zuen, eta Katalunian estreinatu zuenean nolabaiteko zalaparta sortu zen, bere maisuetako bati buruz hau esan baitzuen "... Ordutik aurrera Bernaola izen ospetsua izango zen" [Gerardo Gombau]-. Musikazko irtenbideen konbinazio erreinua, partzialki jotzailearen eskura direnak. Halaxe sortu ziren Pontevedra y Superficie núm. 2 (biak 1962an) eta núm. 3 (1963) abestiak. Urte horretan piano eta instrumentu-multzorako Morfología sonora agertu zen, "musika vs pintura" norgehiagokaren atea zeharkatu zuena. Halaber, gitarraz jotzeko orrialde bat, Permutado sortu zen eta hauekin batera: Heterofonías (1965) eta Músicas de cámara (1967). Azken biekin Premio Juventudes musicales a la mejor obra española estrenada en Madrid saria jaso zuen bere garaian.

Episodio ["San Mateo"] (64), errugabeen lepomozteari buruzkoa, Hezkuntza eta Kultura Zerbitzuko Musika Gelak eskatutako enkargua izan zen eta musikariaren katalogoko erlijiozko alderdiaren zerrenda estreinatu zuen lan horri esker, izan ere, garai hartan artzapezpikutzaren musika-aholkulari zen Madrilen. Urte hartakoa da baita ere Mixturas (1964) ganberako orkestrarako sortua; aurrerago iritsi ziren Traza (1966), perkusiozkoa, Iruñeko erlijiozko musikaren nazioarteko asterako (Universa laus) Liturgiako Idazkaritza Nazionalak enkargatutako Procesional de entrada (1967) obra (liturgia-kanta), Jarraipen obra elektronikoa (1967), Dos canciones, pianorako Continuo eta Superficie núm. 4- Cuarteto de cuerda núm. 2 (azken hauek 1968an).

Bestalde, garai hori oso oparoa izan zen musikariarentzat zinema-musikari dagokionez, hala, hirugarren semea jaio zen (bere izen bera zuena, Carmelo) urtean bertan, 1965ean, Antonio Gimenez Ricoren Crónica, Torremolinos musikatu zuen. Hurrengo urtean ia hamar lan egin zituen zazpigarren artearekin lotuta. Musika arlo horrekiko grina oso indartsua zen eta hamar urte beranduago soilik gainditu zuen orduko ekarpena. Halaber, aipatu irrikak berehala ekarri zion saria: Premio a la mejor música del Círculo de escritores cinematográficos (1967). Sari hori bera beste bitan jaso zuen, hain zuzen, 1969an eta 1972an. Beranduago, Premio nacional de música cinematográfica jaso zuen bitan (1969 eta 1973).

Berezko hizkuntza sendotzen pasa zuen sasoi luzea hamarkada bat beranduago biribildu zuen "tour de force serializado": Impulsos (1968-72) obrarekin. Eta bere dirdira han-hemen ageri zen 1974an Sinfonía en do moldatu zuen arte. Obra hori mugarri bilakatu zen bere ekoizpenean. Espainiako Orkestra Nazionalaren enkarguz sortu zuen eta Montevideoko Musika Jaialdian (1980) Premio a la mejor obra extranjera saria jaso zuen; obra hari zor zaio Las negaciones de Pedro (1975). Erlijiozko arloari dagokionez, Procesional de entrada eta Magnificat (1969) aipatu daitezke, Vicente Enrique y Tarancon Espainiako Kardinal Primatuak Espainiara (Toledora) egindako bisitaren aitzakian sortuak. Orobat, aipagarriak dira irrati-obra hauek: El Génesis (1970) eta Séptima palabra (1971, Rómulo lanarekin batera), edo Pieza (1972) organo-liburua. Azken hori Musika arloko Komisariotza Orokorrak enkargatu zuen eta Kataluniako Palau delakoan estreinatu zuen Montserrat Torrent ezagunak (1973).

Bernaolak korua berreskuratu zuen Polifonías (1969) eta Aurretxo txikia (1970) lanekin eta sasoi berean moldatu zituen Oda für Marisa (70) eta Canción vasca (1970). Azken horretan Guridi bera aipatzen du, bere prestakuntzan Madrileko Errege Kontserbatorioko antzinako ikur izan zena (organo-jotzaile eta konpositorea). Urte hartan jaio zen bere laugarren semea, Gonzalo. Hurrengo sasoian Relatividades (iseka eginez ¡Que comenten..! azpititulua ezarri zion) moldatu zuen, Ataulfo Argenta Castroko musikari unibertsalari omenaldi egiteko. Ganberako obren artean garai horretan hauek azpimarratu behar dira: Argia ezta ikusten (1973) edo Per due eta Presencia (Gombauren omenezko kintetoa), azken biak 1974koak. Urte hartan bitxikeria bat utzi zuen, garai hartan eta garai honetan ere giro instrumentalean bitxikeria dena oraindik, Liberame Domine obraz ari gara, Buenos Aireseko erreferente paregabe bandoneonaren tinbrearen berezitasunari ohore eginez moldatu zuena.

1975. urtearen inguruan Espainiako Historia Garaikidean data erabakigarriak tartekatu ziren. Garai horretan, Espainiako musika garaikidearen garapena bultzatu edo bulkatu nahi zuten musika-proiektuak sortu ziren. Horietako zenbait, esate baterako, L.I.M. instrumentu-multzoa, berezko ekimenaren burugogorkeriaren ondorio izan ziren eta Carmeloren katalogokoan sormena eragiteko eta hura nazioartean hedatzeko akuilu izan ziren.

Dagoeneko aurrez moldatutako alderdi poetikoak ekarriz, izenburu adierazgarria zuen partitura bat kaleratu zuen: Ayer... soñé que soñaba (1975), Machadori (A.) buruzkoa. Garai berean, instrumentuaren formatuan jauzi bat emanez, Juegos (1978) eta, batez ere, Villanesca (1977-8) ezagutarazi zituen. Azkena, Francisco Guerrerori egindako omenaldia zen eta Holandan (Hilversum) estreinatu zen Jean Fourneten eskutik. Bi lan horiekin 80eko hamarkadako obra handietarako bidea urratu zuen: Sinfonía núm. 2 eta Galatea, Rocinante y Preciosa.

Sasoi horretan, aurreikusita bezala, ganbera-musika birsortu zen aipatutakoaren antzeko interpretazio-proiektuei esker: Superposiciones variables, Así edo Tiempos (1976), Achode (1977), ¡Qué familia! (1979), L.I.M. klarineteen kintetoari eskainiak, A mi aire, Koankintetto, Variantes combinadas-Superficies variables núm 2 (guztiak 1980koak). Soloan interpretatzeko musikari dagokionez, Superficies delakoaren bosgarren sortarekin (kontrabaxua) amaitu zuen zikloa 1979an. Urte hartan bertan, Carmelo bandetara itzuli zen Entrada obraren eskutik. Banda-musikako atal horretan Paco Molero pasodoblea nabarmendu behar da, Madrileko Banda Sinfonikoak, bere bandak, estreinatu, grabatu eta hedatu zuena.

Konposaketan eman zuen azken sasoian hainbat enkargu, oroimen eta omenaldi txandakatu ziren. Orri horietan konposizio-aro baten sintesia barneratzen da:Homenaje G. P. (1994) (Petrassi maisuari egindako omenaldia, Carmeloren eta Espainiako musikan izen ezagunak diren beste askoren maisu izandakoa). Aipagarriak dira, halaber, birtuosismoaren orrialdeak, esate baterako, Página para violín solo (1994) edo Solo para clarinete (1995). Azken hori Jacinto Guerrero Saria emateko ekitaldian interpretatu zen, Madrileko Arte Ederretako Akademiako aretoan.

Laurogeiko hamarkada kontzertuko obra handietara bideratutako bosturteko batekin abiatu zen. Pasemisí... pasemisá perkusiorako, Tres piezas (Comienzo, Redicho eta Final) klarinete eta pianorako, erro folklorikoa duen aldi garaikidearen aitzindariari eginiko omenaldi bat (Béla Bartók-I, Omenaldia (guztiak 1981ekoak), Omar Khayyami buruzko organo eta ahotsa (El rubí), Valladolideko seme Jorge Guillenen omenezko Versos (Udalak enkargatuta), Ormatikaiss...für (klabezina) Genoveva, Diferencias pianorako (azken hauek 1982koak), Cántico eta Las siete últimas palabras de Cristo en la cruz erlijiozkoak (biak 1984koak), Cuencako Jaialdirako prestatuak, Non che digo nada... perro ¡vaya! korua (1985). Hala, urte emankor batera iristen gara, hots, 1986. urtera, izan ere, urte horretan kontzerturako fresko ikusgarriak moldatu zituen: Cuasi una fantasía, Juegos concertantes eta Nostálgico (1986), pianoa azkenekoan eta biolin solista beste bietan, biolontxelo kontzertuarekin osatuko zirenak (Clamores y secuencias) bosturteko oso bat igarota (1993).

Bitxikeria moduan, Himno del Athletic Club de Bilbao ereserkiaren moldaketa aipatu behar da (1982), Anton Zubikarairen hitzak zituena. Moldaketa hura egiteko, Feliciano Beobideren Altza Gaztiak kalejiran oinarritu zen eta bere bihotzeko kirol-proiektuari emandako babes pertsonala izan zen hura. 1983ko martxoaren 30ean Bartzelonarekin jokatutako kopako final laurdeneko kanporaketan estreinatu zen. Bi urte beranduago Carmeloren futbolarekiko maitasun hark Urre eta Harribitxizko Domina eman zion. Bere jaioterriarekiko maitasunaren ondorioz Sabino Arana Saria jaso zuen (1993). Estimu horren hainbat adibide ditugu, hala, esate baterako, Eusko Jaurlaritzako Musika Hezkuntzako Kontseiluko kide izan zen eta, aurrez, Kultura Ministerioko Kontseiluko nahiz Egile eta Editoreen Elkarte Orokorreko Administrazioko kide.

Carmelo Bernaola dagoeneko helduaro betean zen eta garai hartan jaso zuen Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina (Medalla de Oro al Mérito en las Bellas Artes), 1987an. Bere sorkuntza berrien artean, Perpetuo, cántico y final, una página para [A.] Rubinstein (1987) piezaren ostean (Albeniz Fundazioak enkargatutako pianorako proiektua), Santanderreko Nazioarteko Jaialdian eginiko Mompouri omenaldia (Per a Frederic-Cançó i danza), 1988koa, eta ziklo bati amaiera eman zion Cuarteto núm. 3 (1990) aipatu behar dira. Nocturno (para un catedrático de conservatorio, pianorako) eta Tapies pieza organorako obrekin (biak 1990ekoak), sinfonismoan barneratzen gara bete-betean, hots, Bernaolaren bosgarren esentzian: Música para metales, piano y timbales eta, batez ere, Abestiak, música para una quincena (biak 1989koak), bigarren hori Antxietari eginiko omenaldia eta Monumento triptiko sinfonikoko bigarren kapitulua. Halaber, aipagarri dira ¡Tierra! Amerikan estreinatu zena (bere hogeita bi urteko seme Gonzalori eskainitako Pieza II -accordamenti e giustaposizioni- obrarekin lotzen dena), eta Rondó (1992), Madril Europako Hiriburu Kontsortzioak eskatutako enkargua. Tartean, Concertantes eta bere Tercera sinfonía (azkena), biak 1990ean orkestrarako sortuak. Azkenak, gainera kuartetoekin lotutako zikloa itxi zuen.

Ahots-musikaren atalean, Rosalia, Aleixandre edo Marques de Lozoyari buruzko Canciones, Música en Compostela delakoak editatutako Poemas, El pueblo está en la ladera (1989) eta Agur maitea (1990eko korua), Tres canciones de Segovia eta Homenaje-Aniversario (biak 1992koak) aipatu behar dira. Mística (1991) obrarekin, San Juan de la Cruzen testuei buruzko kantata, Bernaolak triptiko berri bat zabaldu zuen, erlijiozkoa. Haiekin batera hiru ganbera-obra sortu ziren: Filarmónica trioa (1990), L.I.M.-rako espresuki idatzitako Toromenaldiak haizezko kintetoa eta Música para la Academia: gitarrarekin izen bera zuen San Fernando Arte Ederretako Akademian sartzekoa, bigarren Musikako Sari Nazionala (1992) jasotzearekin bat.

Musikari "intzidental" arloari dagokionez, 1989an beste sari bat jaso zuen bere lan nekaezinak, zinemarekin lotutako arloan zilarrezko ezteiak ospatzeko bezperan zela: Musika original onenarentzako Goya Saria (Premio Goya a la mejor música original), Jose Luis Garcia Sanchezez Pasodoble delakoaren eskutik, zeina azken soinu-banda izan baitzen denbora askoan. Azkena, hain zuzen, hil baino bi urte lehenago moldatu zuen, izan eren, zuzendari beraren film bat hartuta agur hunkigarri bat utzi zigun: Adiós con el corazón. Besteak beste, luzemetraietarako nahiz laburmetraietarako musika eta telebistarako sintoniak konposatzen hogeita hamabost urte pasa zituen (1965-2000) eta karrera entzutetsu hori 2002an biribildu zuen zinema Akademiak Urrezko Domina eman zionean.

1993an, Arte Ederretako modalitatean Sabino Arana Saria jasotzeaz gain, Madrileko Udalaren Meritu Artistikoaren Domina (Medalla al Mérito Artístico por el Ayuntamiento de Madrid) eskuratu zuen. Señor [, ya me arrancaste lo que yo más quería] (1994koa), hori da azken sasoi horretan nabarmentzen den izenburua, Machado gogoratuz. Bernaolak azken hamarkada kontzerturako partitura itzelak sortzen igaro zuen: Clamores y secuencias (1993) eta Piezas caprichosas (1997), biolontxelorako eta biolinerako soloak, hurrenez hurren, bigarrena Soriako Udazkeneko Musikaldian. Horrez gain, Imita, Imita que algo queda (1995) Madrileko Sinfoniaren laurogeita hamargarren urteurrenean eta Julian Menendez klarinete-jotzaile eta konpositorearen oroimenez. On Julianen klarineteak bat egiten zuen Antonio Romero y Andia polifazetikoaren edo Yusteren tradizioarekin eta baita Jesus Villa Rojoren abangoardiazko joerarekin. Nolanahi ere, Carmelok ez zituen alboratu askatasun gehien eta baliabideei dagokionez ekonomia gehiago eskaintzen zuten obra solistak: Página para violín solo (1994), Preludio-fantasía a la constancia eta solopara clarinete (biak 1995ekoak), edo pianokoak: Pequeña pieza (1995), David bere semearen omenez, Pieza III (1996), Fallaren omenez, Pieza IV (1997) eta Ofrenda-homenaje a Hazen (1998), azken horietan perkusioa gaineratzen zen.

1995eko orkestra arlo ikusgarrian Fanfarria-Preludio, Perpetuo Pepe osatu zuen Jose Garcia Roman konpositorearen omenez eta Euskadi (Euskarai abestia) koruaz. Bi urte beranduago sortu zuen Celari buruzko Madrid (Erkidegoak hala eskatuta) obra agertzen zaigu beste obra handi baten aldamenean, izan ere, Otxandioko musikaria munta handiko eta gai klasikoko genero batean murgildu zen: La Celestina baleta (1996-1997), hurrengo urtean Ballet Nacional de España delakoak estreinatu zuena. Jarraian, Líneas (trio) etorri zen, ganberakoa eta idiomatikoa zen instrumental batera hurbilduz. Hain zuzen, urte hartan, 1998an, Honoris Causa Doktore izendatu zuen Madrileko Universidad Complutense ospetsuak. Arrazoi horrek bultzatuta orkestrarako Complutum idatzi zuen.

Adiskidetasunaren eta oroimenaren ordainak eta eskaintza kuttunak pilatzen dira: Tiento (Aguilera de Herediari omenaldia) 1999koa, Monumento obraren azken kate-maila (triptiko sinfoniko itzela Abestiak -1989- eta Villanesca -1978- obrekin batera). 2001ean Madrileko Sinfoniaren programan bere izena ageri zen bere Juan Jose Menaren zuzendaritzapean. Urte hartan B.B.C.-ko Orkestrak eta Andrew Davis handiak Fantasías estreinatu zuten Granadako Jaialdian. Tres estampas burgalesas lanarekin hiriari zuzendutako esker onak berretsi zituen, izan ere, hiri hartan piztu zitzaizkion musikarako irrikak, artean, berrogeiko hamarkadan, Orfeón burgalés delakoaren tenore zela (gerora sokako buru ere izan zen). 2001eko urtean, Jesusen Bihotza Parrokiako organoaren inaugurazioa zela-eta Loiolako Kultura Etxearen enkarguz tinbre liturgikoak berreskuratu zituen: Mutaciones rítmicas. Amaierako urte hori IX Premio de música de la Fundación Guerrero sari desiratua jasota biribildu zuen.

Bere katalogoko azken obra kriptikoa izan zen: 2-2-2-2 --- 80. Epitafio eta zifra; zenbaki bat musikaren hastapen eta amaiera pitagoriko batentzat, erritmoaren eta maiztasunaren abstrakzio modura. Akademiako zuzendari Ramon Gonzalez de Amezuaren omenezko urtebetetzea (80 urte) eta han Manuel Carra pianoa jotzen ikustea, anekdota gisa geratu ziren bere heriotzaren atarian, Madrilen 2002ko ekainaren 5ean zendu baitzen.

Zinema, antzerkia eta telebistarako musika izan da Bernaolaren obraren dimentsio aniztasunaren beste pizgarria eta, zenbaitetan, musika hori zuzendu ere egin zuen. Hain zuzen, bere izenak arlo horretan izan zuen oihartzun handiena, izan ere, mundu horretan zuzendari garrantzitsuen arreta bereganatu zuen; filmografia luzea osatzen da hala, Espainiako zinemako titulu ospetsuak erakusten dituena. Bere ideiak elkarrizketa askotan islatzen ziren eta seigarren zentzu bat ikusten zen haietan, funtzionala, soinu-bandak zituen era guztietako ondorioen jakitun baitzen. Zinemaren munduko ikurrek, langile, zuzendari zein ekoizleek, onarpen agerikoa erakutsi zioten. Bere musikak, arlo horretan, zuzendariak eszenan islatu nahi zuen asmoaren irudi izatea zuen helburu. Dena den, abangoardiazko zertzelada batzuk ere nabari daitezke hainbat orri ukiezinetan, esate baterako, La clave saioaren sintonia ezagunean, merkataritzazko esparruan soinu-elementu ordura arte ezezagunak ageri zituena (tinbal bidezko glissando). Horiekin batera, aipagarri dira arruntagoak eta marmarrean kantatu ohi direnak, esate baterako, Verano azul edo El pícaro.

Hala ere, hala bata (abangoardiazko musika "serioa") nola bestea (tonu estetika edo erabat arina zen musika funtzionala), abagune ederra izan ziren Bernaolarentzat konpositorearen lanbide poliedrikora zentzu onez hurbiltzeko. Hurbilketa horretan jite gizatiarrak uneko aldarte oro zeharkatzen du eta aldarte profesionala gizakiaren lehen hatsari dagokio eta datxekio: premia, kuraia eta sortzeko irrika.

  • BALBÍN, José Luis eta beste batzuk. [Jesús Villa Rojo (editorea)]. Carmelo A. Bernaola. Estudio de un músico. Bilbo : Ikeder, Mínima Bilduma: Música-danza-drama, 2003. [Testu honetako kapituluetako egile dira: José Luis Balbín -Algo del Carmelo que conocí-, José Luis García del Busto -Pequeño retrato de un gran músico-, Carlos Villasol -Un encuentro con C. B.-, Juan Antonio Zubikarai -Músico vasco-, José María Sánchez Verdú -Fantasías o el elogio de la repetición-, Joan Padrol -Carmelo Bernaola, músico de cine-, Sabin Salaberri -La Escuela de Música de Carmelo Bernaola- y lerro hauen egilea Luis Mazorra Incera -Inventario y retóricas-].
  • BERNAOLA, Carmelo A. Sobre el género sinfónico: discurso del académico electo Excmo. Sr. D. Carmelo Alonso Bernaola, leído en el acto de su recepción pública el día 17 de enero de 1993, y contestación del Excmo. Sr. D. Luis de Pablo Costales. Madril : Real Academia de Bellas Artes de San Fernando, 1993.
  • CHARLES Soler, Agustín. Análisis de la música española del siglo XX: en torno a la generación del 51. Valentzia : Rivera, 2002.
  • Diccionario de la Música Española e Hispanoamericana. Madril: Editorial Fundación Autor - Egile eta Editoreen Elkarte Nagusia, 2002. [Emilio Casares Rodicio (zuzendari eta koordinatzailea); Ismael Fernández de la Cuesta; José López-Calo (editoreak)].
  • GARCÍA DEL BUSTO, José Luis. Carmelo Bernaola. La obra de un maestro. Madril : Iberautor promociones culturales S.L., 2004.
  • IGLESIAS, Antonio. Carmelo Bernaola. Madril : Espasa-Calpe, 1982.
  • MARCO, Tomás. Carmelo A. Bernaola. Madril : Dirección General del Patrimonio Artístico y Cultural, 1976.
  • MAZORRA Incera, Luis. "Bernaola, de oficio y retóricas (¡Que comenten...!)". In: Konzertuak Egitaraua-Musika Garaikidearen BBK Jaialdiko XXII. edizioko kontzertuen egitarau. Bilbo : BBK, 2002; 52-62. or.
  • PADROL, Joan. Diccionario de bandas sonoras [hitzaurrea: José Nieto]. Madril : T&B, 2007.
  • PADROL, Joan. Pentagramas de película: entrevistas a grandes compositores de bandas sonoras; Madril : Nuer, 1998.
  • Proclamación oficial como hijo adoptivo de la Ciudad de Medina Pomar (Burgos) a Carmelo Alonso Bernaola; Burgos : Caja de Ahorros Municipal, (D.L.) 1990.
  • VV.AA. [Fernando Calvo (koordinatzailea)]. Evolución de la banda sonora en España : Carmelo Bernaola; Alcalá de Henares : Festival de Cine de Alcalá de Henares, 1986.
  • VV.AA. [Jesús Villa Rojo (editorea)]. Músicas actuales. Ideas sobre una teoría. Bilbo : Ikeder, 2008 [Liburu-aterakin honetako egileen artean testu hau ageri da kapitulu askotan].
  • VV.AA. Bernaola, Carmelo A.: catálogo de obras. Bartzelona, Madril : Editorial de Música Española Contemporánea, 1976.