Dantzari donostiarra. Parisen hasi zen dantza garaikidea ikasten, Peter Goss, Menàgerie de Verre, American Center eta Paris Centre estudioetan, eta hainbat talde independenteren muntaietan ere parte hartu zuen. Ondoren, dantza garaikideko hainbat konpainiarekin lan egin zuen, hala nola Malaga Danza Teatro eta Carmen Senra eta Rayo Malayorekin, Madrilen.
1993an, Donostiara itzuli zen, eta Adeshoras Danza taldearen sorreran parte hartu zuen. Harrezkero, taldeko kide izan zen, dantzari gisa, eta hainbat koreografia egin zituen, hala nola Evento Cola edo Performance Pub, espazio publikoan egindako esku-hartzeak. Era berean, Adeshoras erakundeak dantza publikoarekin komunikatzeko garatu dituen ekintza guztietan parte hartu du, kalera hurbilduz, tailer irekien bidez eta dantza irudikatzeko bide eta agertoki alternatiboak erabiliz.
