Instrumentugilea

Beltran Argiñena, Juan Mari

Musikaria, musika egile eta herri-musikan jolea, ikertzailea eta irakaslea. Donostian jaioa 1947an.

Gaztetatik herri musikan murgildurik izan dugu, 11 urteekin Etxarri Aranatzeko txistu taldean eta Udal Musika bandan klarinete-jolea zen eta 16 urteetarako ARGIA taldean genuen. Garai hartan besteak beste Zuaznabar eta Goikoetxea txalapartari, Txilibrin, Patxi Gorrotxategi eta Leon Bilbao albokari, I. Ansorena eta M. Elizalde txistulari eta Gipuzkoako dultzainero zaharrekin ikasi zuen, geroztik ere konstante bihurtu den lan batean: musika, musikari eta instrumentu informazio bilakatze eta ikerketa.

Zenbait taldeetan partaide izan dugu, R. Ruiz Balerdik sortutako musika garaikide taldean, "Sustraiak", "Azala", "Eltzegor", "Xabier Amuriza hirukotea" edo "Txanbela", azkeneko gaur egun jarraitzen duen taldea eta "J. Goikoetxea-J.M. Beltran" bikote gisa egindakoa. Talde hauekin zenbait disko grabaturik ere baditu. 1999. geroztik Juan Mari Beltran izenean, bakarrik, bikote edo hirukotez Euskal Herri Musika eta Herri Soinu-tresnak emanaldi didaktikoa eskaintzen du eta seikotez euskal herri musikaz eta berak sortutako musikarekin osatutako kontzertua. 2002ko hasieran grabatu eta argitaratu zuen Arditurri izeneko diskoa. 2004. urtean Tantaka-Kukai taldeen 1937 Gogoaren bidezidorretatik dantza ikuskizuneko musika egin zuen. Geroztik besteak beste honako lanak argitaratu ditu: 2006an Orhiko xoria bere izenean egindako bigarren CDa, 2007an Astiasaran anaiekin batera Amasatik Arratera CDa, 2008an Mendukiloko hotsak, 2009an Txalaparta eta 2012an Xirolarrua.

Bilketa eta ikerketa aldetik zenbait gauza publikatu ditu, Eusko Ikaskuntzarako, Cuadernos de Etnografía y Etnografía de Navarra, Txistulari, Eufonía, etb. Lan guzti hauek soinu-tresna, dantza-joko eta herri-musikari buruzkoak dira. Honetaz gain "Euskal Herriko Soinu tresnak" disko eta pelikula, Oiartzungo hotsak bideoa eta Euskal Herriko Soinu tresnak CD-ROMa egin ditu halako euskarrietan ezagutzen den bilduma garrantzitsuenetakoa delarik. Idatzitakoetan besteen artean honako liburuak egin ditu: Soinutresnak euskal herri musikan, San Telmo Museoko soinu eta hots tresnak, Dultzaina Gipuzkoan-La dulzaina en Gipuzkoa, Txalaparta eta beste aldaera zaharrak, Herri Musikaren Txokoa en Oiartzun, Txalaparta, Xirolarrua...



Pedagogi mailan, oinarrizko hezkuntzan musika irakaslea izan da eta 1985tik, Hernani Musika Eskola Publikoan, txistu, dultzaina, alboka eta txalaparta irakasten du. Eskola honek 1987.z geroztik urtero Hernanin "Txalaparta Festa" jardunaldiak eta 1994.z geroztik "Albokarien Hernaniko topaketa" antolatzen ditu. Baita ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Irakasle Eskolan, Institutuetan, Musika eta bestelako ikastetxeetan ikastaroak, hitzaldiak eta emanaldi pedagogikoak ematen ditu. Txalapartari eta txalaparta irakasle gisa 2007an Andres Doñate informatikoaren laguntzarekin TTAKUN 2.1 Txalaparta musika idazteko programa informatikoa txalaparta eskoletan erabiltzeko CDRoma prestatu zuen..

Bere bizian zehar osatutako herri-musika materialen bildumarekin (soinu-tresna bilduma, biblioteka, fonoteka eta irudi artxiboa-argazki eta pelikulak), Oiartzunen eta bertako Udalarekin batera 2002-03-01. geroztik publikorako funtzionatzen duen "Herri Musikaren Txokoa", Herri Musikaren Dokumentazio Zentroa antolatu zuen. Gaur egun SOINUENEA-HM Txokoa zuzentzen du.