Medikuntza

Beguiristain y Gorriti, José

1879ko urtarrilaren 22an Donostian jaiotako mediku ospetsua. 1952ko irailaren 26an hil zen.

Marianistetan egin zituen ikasketak. Ondoren, 1899an, Valladolidera joan zen Medikuntza ikastera eta hura amaituta, Parisera jo zuen.

Han azaleko gaixotasunak eta sifilia sendatzen espezializatutako Saint-Louis ospitalean aritu zen batez ere. Sourauden agindutara lan egin zuen eta hark erakutsi zion ezkabiaren diagnosia egiten. Gainera, Darier eta Brocq ere izan zituen maisu, larruazaleko gaitzetan espezializatuak. Orobat, Salpetriére izenekoan ere izan zen eta hantxe ezagutu zuen Babinsky. Hôtel Dieu ospitalera ere hurbildu zen Dieulafoyren esanak entzutera. 1909-10 bitartean Berlinen zegoela, Boas eta Schitenhelm goi-mailako irakasleak ezagutu zituen. Mediku gisa San Antonio Abad ospitalean hasi zen lanean eta 1906an ospitale horretako zaintzako mediku izendatu zuten. Beguiristain X izpiak pribatuan erabili zituen lehen mediku gipuzkoarra izan zen. Garai hartan mediku bikainaren ospea bereganatu zuen eta Marañon eta Jimenez Diazek ere harengana jo zuten aholku eske. Gipuzkoako Medikuntza eta Kirurgia Akademiako presidente izan zen. Nagusiki digestio-aparatuko, nerbioetako eta azaleko gaixotasunekiko irrika izan zuen eta, bereziki, Besnier-Boeck-Shaummannen eritasunak infekzioetan zuen eraginarekiko grina erakutsi zuen.

Berez, idazki gutxi taxutu zituen eta U. Gastaminzaren arabera "jarduera medikuan ahozko tradizio harrigarria baino ez zuen utzi". Hala eta guztiz ere azpimarragarriak dira haren hitzaldi eta argitalpen batzuk:

  • Infarto de miocardio;
  • Caso insólito de Latirismo;
  • Casos de Esclerósis lateral amiotrófica;
  • Pleuresía exudativa de carácter probablemente tuberculoso;
  • Historia febril de tres años;
  • Enfermedad de Cushing;
  • Síndrome de Marfan;
  • Enfermedad de Mickulicz;
  • Quistes de páncreas;
  • Esplenitis sifilítica terciaria;
  • Diabetes y Anemia graves;
  • Dos casos de enfermedad ósea de Paget;
  • Un caso de Botón de Oriente de Guipúzcoa, eta abar.

Erreferentzia: Gastaminza. "Formación y labor científica del Dr. Beguiristain", Sesión necrológica en memoria del Dr. D. J. Beguiristain, Donostia, 1953.