Kontzeptua

Baztango mutil-dantzak

Iparraldeko jauzien eta mutil-dantzen arteko harremana edo lotura aspalditik apuntatua izan da, Pirineoko mugetatik haratago begiratu denetik, hain zuzen. Izan ere, bai J.M. Guilcherek, bai M.A. Sagasetak aipatuko dituzte harreman horiek (Ikus Biblio), baina balizko ekibalentziak (batez ere, urratsen alorrean) zehaztu gabe. Musikei dagokienez, Sagasetak Muxikoak, Kattalin, Ainhoarrak eta Añuar ttipia jauzien eta Muxikoa, Tellarin, Billantziko eta Añoar haundi, eta Añarxume mutil-dantzen arteko antzekotasunak seinalatuko ditu, hurrenez hurren.

Baina jauzien kontrara, urratsak erabat arauturik eta izendaturik dituztela, mutil-dantzek ez daude etapa horretan. Mutil-dantzen ikaskuntza imitazioan oinarriturik izan da, urratsen analisian eta izendatze bereiztuan baino gehiago. Honek ez du esan nahi Baztango urratsek ez dutela izenik, bederen kasu batzuetan. Baina urrats ezberdinen multzoaren handitasunak zailtzen du horien sailkapena eta izendapena. Urratsen izen batzuk lirateke Aitzina, Aitzina pasa, Gibela, Gibela pasa, Ezkerra, Buelta eta erdi... Izenak ikasten ari den dantzariari egiten zaizkion mugimenduaren ohartarazpenetatik ateratzen dira. Kontutan izan beharko dugu sailkatze eta izendatze horri esker, jauziak era "kantatuan" izan daitezkeela dantzatuak (musikariak eta dantzari batek kantatzen ditu urratsak) edo ez (dantzariek memorizatu behar dituzte urratsak). Azken era hau, aintzinean oso baloratua, Baztanen mutil-dantzetan praktikatzen dena da.