Arkitektura

Basque Culinary Center Fakultatea. Donostia

Basque Culinary Center (BCC), Mondragon Unibertsitateak zenbait euskal sukaldariren babesarekin, Juan Mari Arzak, Karlos Arguiñano, Andoni Luis Aduriz eta Martin Berasategi besteak beste, garatutako proiektuaren emaitza da, eta bere ateak 2011an ireki zituen. Helburuak, euskal sukaldaritzaren lidergoa sendotzearekin batera, ikerketa, berrikuntza, ezagutza eskualdatzea eta formazio profesionala sustatzea dira. Horrela, Donostiako Gastronomia Zientzien Fakultateak eta Gastronomiaren eta Elikaduraren Ikerketa eta Berrikuntza Zentroak osatzen dute BCC.

BCC

Eraikinaren diseinurako, BCC fundazioak nazioarteko ideia lehiaketa sustatu zuen 2009an eta Donostiako VAUMM arkitektura eta hirigintza estudioak aurkeztutako "Culinary Landscape" izeneko proposamena izan zen aukeratua. Eurek garatu zuten oinarrizko proiektua eta, aldiz, exekuzio proiektuaren definizioa, eraikitze lanen jarraipena eta kudeaketa LKS enpresari esleitu zitzaion helburu horretarako sustatutako lehiaketan garaile gertatu ondoren.