Aktoreak

Barea Monge, Ramon (20082ko bertsioa)

Bilbon 1949an jaiotako aktore eta zuzendari bizkaitarra.

Heziketa autodidaktaduna, txikitatik antzerti eta zine ikusle amorratua, 24 urterekin Bilboko antzerti-eremu burujabeetan aktore gisa hasi zen. Comicos de la legua eta Karraka konpainiekin interpretazioan izena landu zuen. 70eko hamarkadan Euskadin antzerki burujabe baten sendotzean funtsezko pertsona izan zen.

Antzerki hori izan zen zine-ateak zabaldu zizkiona. Imanol Uriberen La fuga de Segovia (1981) filmarekin estreinatu zen. Une horretatik aurrera laurogeiko euskal zine sortu berriaren ekoizpen batzuetan pertsonaia ugari interpretatuz parte hartu zuen, oro har komikotasuna eta erregistro ilun eta likitsak dituzten konposizioak txandakatuz. Bere vis komikoa nabarmen azaltzen da Enrique Urbizuren Tu novia esta loca (1987) filmean. Aldiz La muerte de Mikel (1983) (Juan Uriarte buruzagi politikoa), Golfo de Vizcaya (1985) (poliziaz kanpoko bizkartzaina), Ehun metro (1985) (polizia torturatzailea), 27 horas (1986) (nasako langilezain arroa), Ander eta Yul (1988) (polizia elbarria) bezalako filmetako bere parte-hartzeetan ukitu maltzurragoa erakusten du. Horietan guztietan erabilitako erregistroetatik haratago, Bareak arte dramatikorako aparteko talentua erakusten zuen. 80ko hamarkada bukatzean iritsi zitzaion bere lehen protagonista papera Jose Maria Tuduriren. Santa Cruz, el cura guerrillero (1990) filmean Santa Cruz apaiza interpretatuz.

90eko hamarkadatik aurrera euskal zinemagile gazteek Bareagan, bere ironia eta tragikomikotasunarekiko zaletasunari esker, euren proposamen berritzaile eta garratzetarako berebiziko laguna aurkituko dute. Izatez, aktore bilbotarrak bide horretatik nora arte heltzeko gai zen jada erakutsi zuen Pablo Bergerren Mama (1988) edo Alex de la Iglesiasen Mirindas asesinas (1990) bezalako euskal zinearen film labur esanguratsuetan parte hartuz. Horrela, Enrique Urbizuren Todo por la pasta (1991), Alex de la Iglesiasen Acción mutante (1993) edo Juanma Bajo Ulloaren La madre muerta (1993) bezalako filmetan Bareak ia komik odoltsutik irten eta inolako arazorik gabe lurralde horretara egokitutako pertsonaiak interpretatzen ditu. 1995ean Adiós, Toby, adiós, film laburrarekin zuzendari gisa arrakasta handia lortu zuen. Film hori, pertsonaia barregarridun plano nahasiz, berriz ere, iruzurrean eta tragikomedian kokatua da. Film laburrak Zuzendaritzarik Hoberenari Saria eta Alfaz del Pi-ko (Alicante) Film laburrik Hoberenari Saria lortu zituen, Cannesko Zinemaldian Kritikaren Asterako hautatua izanez. Urte horretan Luis Guridi eta Santiago Aguilar zuzendariekin bere lankidetza konplizeari, "La cuadrilla", Justino, un asesino de la tercera edad (1995) filmean hasiera eman zion. Zinemagileon eskutik hurrengo urtean, Matías, juez de línea (1996) izenekoan bere paperik ospetsuenetariko bat, Pellejo, interpretatu zuen. 1996ean ere humore beltza eta izaera surrealistadun erromantikotasuna nahasten dituen Muerto de amor (1996) film laburra zuzendu zuen. Filma 1997an Cannesko Zinemaldirako hautatua zen, "Urrezko Erraila" Saria irabaziz. Bilboko Film Laburraren eta Zine Dokumentalaren Nazioarteko Zinemaldian Euskal Zinearen Sari Nagusia eta Euskal Zineari "El Mundo" Sarien V. edizioko Film Laburrik Hoberenari Saria lortu zuen. 1997an beste paper protagonista bat, langabezian zegoen argiketariarena, interpretatu zuen Enrique Gabrielen En la puta calle (1997) filmean.



Bere lanak kritikaren laguntzaz gain, Euskal Zineari "El Mundo" Sarien VII edizioan Aktorerik Hoberenari Saria eta Amiensko Zinemaldian eta Huelvako zinema Iberoamerikarraren Zinemaldian ere sariak lortu zituen. 1997an ere Juan Ortuosteren Entre todas las mujeresen paper protagonista izan zuen. Eta 1998an, berriz ere "La cuadrilla"ren agindupean, Atilano, presidente egin zuen. Urte horretan Donostiako Zinemaldian zuzendari gisa bere lehen film luzea aurkeztu zuen: Pecata minuta komedia; Bareak berak idatzi eta Euskal Herri guztian arrakastaz irudikatutako antzerki-testuan oinarritutako lana. 50eko hamarkadako italiar eta espainiar komedien aztarnez euskal zinemagileak komentu barruan bizi ziren lekaime talde batek kanpo-mundua ikustekotan gauzatutako ihesaren argazki hunkigarria egiten zuen. Film luzeen eremuan bere estreinaldia zen horretan Alcalá de Henaresko Zinemaldian Ikusleen Sari Berezia, Peñiscolako Komediaren Nazioarteko Zinemaldiaren XI. Edizioan Opera Primarik Hoberenari (1999) Calabuch Saria, Cadizko Zinemaldi Atlantikoan Ikusleen Saria edota 1999an Santanderko Zinemaldian Zuzendari Gazterik Hoberenari Noray Saria lortu zituen. Pablo Bergerren Muertos de risa (1999), Las huellas borradas (1999), Silencio roto (2001), El otro lado de la cama (2002) -Euskal Zineari "El Mundo" Sarien XI. Banaketako Aktorerik Hoberenari Saria-, 800 balas (2002) edo Torremolinos 73 (2003) bezalako filmetan interpretazio aipagarriak egin ostean, Bareak bere bigarren film luzea zuzendu zuen, El coche de pedales (2004), frankismoko Espainia ilunarekiko egilearen aipamen autobiografikodun kronika sentimentala. Borja Cobeagaren Éramos pocosen (2005), Fikzioko Laburrik Hobereneko Oskar Sarira izendatutako film laburra, Bareak bere ibilbide guztian zehar estilo marka izan duen humore beltz berezia berriz askatu zuen. 2007ko Donostiako Zinemaldian Barea Euskal Herrian arte eszenikoen egoerarekiko ikaragarrizko diagnosia egiten zuen bere Nos sentamos a hablar (2007) aurkeztuz eta Diego Fandosen Cosmos (2007)eta Gracia Querejetaren Siete mesas (de billar francés) (2007) filmetan interprete gisa parte hartuz ia toki guztietan ibili zen.

2008an Euskal Filmategiak bere ibilbidea omendu nahi izan zuen Carlos Roldan Larretaren Secundarios vascos de primera liburuan atal berezi bat eskainiz. Berez liburu horretan Euskal Herriko zortzi aktore eta aktoresen ibilbidea aztertzen da.

Gero Ur taldearen ibilbideari buruko dokumentala zuzendu zuen Ur- 20 urte (1988-2008) (2008). ETBko Euskolegas humorezko saioan Santiren papera antzeztuz ospea lortu zuen eta Adolfo Suarez, presidente (2010) telebistako saioan Alfonso Armada jenerala izan zen.