Konposatzaileak

Baratas Riaño, Maximo

Gasteizen, 1927ko urtarrilaren 15ean jaiotako konpositore arabarra. Madrilen hil zen 1994ko abenduaren 22an.

Bere jaioterrian musika ikasketak hasi zituen. 1945ean Madrilera bizitzera joan zen, han bere ikasketekin jarraituz eta bertan amaituz. Pedro Carrasco, Rafael Rodríguez Albert eta Manuel Paredes izan ziren bere irakasleak. Azken honekin kantua ikasi zuen. Kontserbatorioan kalifikazio bikainak lortu zituen. Konposizioa ikasten hasi zen eta Benidorm-eta Irrati-Telebistako Kantu Jaialdietan sariak irabazi zituen. Antonio Aretarekin batera, haurrak oheratzeko garaian telebistan entzuten (eta ikusten) zen "Vamos a la cama" abestiaren sortzaile izan zen. Abesti ugari konposatu zituen, horietako asko abeslari eta orkestra famatuek diskotan grabatu zituztenak.

Zinema musikari dagokionez, hainbat filmetan egin du lan: Joaquín Hualderen Las nieves del Pirineo (1959), NO-DO laburmetrai-dokumentaletan (1943 urtean, Bigarren Mundu Gerra bitartean, dekretuz sortutako albistegi eta dokumentalak ziren hauek, Ardatzaren aldeko propaganda politikoa egiten zutenak, nahiz eta gero joera aldatzen joan), Pedro Lazagaren No firmes más letras, cielo (1970) eta Silvio F. Balbuenaren Una mujer y un cobarde (1975).

  • LARRAÑAGA, Koldo; CALVO, Enrique. Lo vasco en el cine (Las personas). Donostia-San Sebastián: Euskadiko Filmategia-Filmoteca Vasca, 1999.