Museoak

Barandiaran Museoa

Barandiaran museoa Ataungo San Gregorio auzoan dago, Larruntza errotan hain zuzen ere. Ataungo herria Gipuzkoako hego-ekialdeko ertzean eta Goierriko eskualdean dago. Probintziako udalerririk luzeena da, 14 km ditu alde batetik bestera, baina oso zabalduta dago auzo ugaritan zehar, nahiz eta biztanle gehienak San Martin, San Gregorio eta Aia auzuneetan bizi diren.

Jose Migel Barandiaran museo multzoa, eta honi atxikitako eraikin eta instalazioak, Ataungo udalaren jabetza publikoko ondasuna dira. Bertaratzen diren bisitarien arreta eta dinamizazioa Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak darama, 2010. urtetik geroztik, Ataungo Udalak eta aipatutako fundazioak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker.

Barandiaran Museoa 2010eko ekainaren 25ean inauguratu zen. Hortik gutxira publikoari zabaldu zizkion ateak.

Museoa kokatuta dagoen eraikinen lehenengo aipamenak XV. mendekoak dira, baina eraikin hauek hobekuntza eta aldaketa prozesu ugari izan dituela esan behar da. 2003ko uztailaren 24an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Epe luze honetan, ordea, ez dira multzo hidraulikoko eraikin guztiak batera lanean aritu, historian zehar bakoitzaren garapena eta erritmoak askotarikoak baitira: errota, errota eta burdinola, errota eta errotatxoa, turbina eta zerrategia.

Burdinola baino zaharragoa da errota. Burdinola errotaren azpiegituraz baliatuz ezarri zuten. Errotaren lehenengo aipamena 1408koa da eta burdinolarena, berriz, 1489koa. Era berean, burdinolaren bizitza laburragoa izan zen eta 1697 aldera erabiltzeaz utzi zuten, nahiz eta errota eta errotatxoak martxan jarraitu. Errotatxoak bere erabilpenarekin jarraituko du XX. mendearen hasiera arte, momentu horretan ura turbinaren tutuarekin kanalizatu zen arte. Turbina 1929an eraikitakoa da. Hortik aurrera eginkizunez aldatuko du eta, ehotze lanak gelditu ondoren, makinaria aroztegi eta zerrategirako egokituko dute.

Ataungo ondarea berreskuratu eta zaindu nahian, azkeneko urte hauetan udalak Larruntza errota eta bere inguruan ekimen ugari burutu ditu.

Barandiaran Museoan arreta zerbitzu orokor bat emateaz gain, ekintza ugari antolatzen dira urtean zehar (talo tailerrak, mitologia ibilaldiak eta jolasak, arkeologia tailerrak, bisita bereziak, mendi ibilaldiak, erakusketak...) eta hauen berri izateko Gipuzkoako Parketxe Sarearen bloga edota web orrialdea kontsulta daiteke.