Kontzeptua

Banketxeak. Arkitektura

Euskal Herrian lehen banketxeak hiri nagusien erdigunean zabalduko dituzte, Bilboko kasuan alde zaharrean, San Nikolas plazan -Bilboko Bankua, Eugene Lavalle eta Severino Achucarroren lana izanik-, eta beste hirietan -Donostian Gipuzkoako Bankuaren egoitza Ramon Cortazarena, eta Gasteizen eta Iruñan Espainiako Bankuaren egoitzak, Jose Yarnoz arkitektoaren lanak- lehen zabalgunetan. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran altxatuko diren banketxetako egoitza hauetan sarreran aipatu diren ezaugarri guztiak aurkitu daitezke: eraikin eklektiko eta historizistak dira, baina ez oso esanguratsuak ezta oso adierazgarriak ere -Cortazaren eraikina salbuespena izanik, Donostian altxatzen duen eraikinean barrokoaren aldeko apustu esanguratsua egingo baitu-, orokorrean nahiko xumeak eta soilak baizik.

Baina XX. mendeko hirugarren eta laugarren hamarkadetan, Bilbon oraingoan ere -garai honetan Euskal Herriko hiriburu ekonomikoa-, alde batetik Pedro Guimon eta Ricardo Bastidak Bilboko Bankuaren egoitza berrian, eta bestetik Manuel Ignacio Galindezek Hispano Amerikar Bankuan altxatuko dituzten eraikinetan, gure lurraldean tipologia honen eredua finkatuko dute, bi eraikinetan hasieran aipatutako ezaugarri guztiak bilduko dituztelako, oraingoan eklektizismoaren aldeko apustua modu adierazgarri eta esanguratsu batean eginez.

Baina, berrogeitamargarren hamarkadatik aurrera, lehen aipatutako aldaketak eraikinaren estiloan eta funtzioan Euskal Herrira ere helduko dira; modernotasuna gure artean zabalduko da ere, arrazionalismoaren alderdi funtzionalena garatuz. Honen adibide izango dira Bizkaiko Bankuaren egoitza nagusia Bilbon -Jaime Torres, Enrique Casanueva eta Jose Maria Chapa-, Bilboko Bankua Gasteizen -Francisco Hurtado de Saracho-, Santanderreko Bankua Donostian -Luis Gutierrez Soto- eta Popular Español Bankua -Emiliano Amann Puente- Bilbon ere. Eraikuntza hauen materialak eta estiloak gaurkotasunarekin jorratuko dira, banketxetako tipologia garai berriekin bat egiten saiatuko dela argi adieraziz. Berez, bi hamarkada beranduago arkitektura garaikidean posmodernidadearen moda zabaltzen denean eta berriro antzinera begiratzeko joera gure artean zabaltzen denean, gure hiriburuetan ere estilo honetan eraikitako banketxeak aurkituko dira, zehazki Araban bi adibide egonik, Santanderreko Bankuaren egoitza -Fernando Chueca Goitia- eta Bankoa Bankuarena -Luis Peña Ganchegui- biak Gasteizen.

Azken hamarkadetan banketxe gehienak aurreko hamarkadetan eraikitako eraikinekin jarraitu badute ere -kasu batzuetan ere egoitza zaharrak erosi eta zaharberritu dituzte-, beste zenbait kasutan banketxe batzuk hirien erdigunetik irteten hasi dira, hiri handien alboetan dauden parke teknologikoen eremutan kokatuz. Hori izan da, Gipuzkoako Kutxak Donostian egin duena -Joaquin Montero arkiteko gipuzkoarraren lana-egoitza berria Ibaetan altxatuz.