Arkitektura

Baluarte Jauregia. Iruña

Baluarte Batzar Jauregia eta Nafarroako Auditorioa, Iruñako musika gune eta biltzar jauregia da. 2003ko urriaren 30ean inauguratu zen, Ziudadelaren ondoan. Edozein eratako kultura eta merkataritza ekitaldiak hartzeko gune aproposa da, mota honetako Espainiako handienetakoa hain zuzen, guztira 63.000 m² ko azalera eraikia du. Patxi Mangado arkitekto lizarratarrak diseinatua eta Nafarroako Gobernuaren laguntzaz eraikia. Baluarte izena eraikinaren azpian eraitsitako Ziudadelako baluartearen omenez jasotzen du. Baluartek areto sinfonikoa, ganbera aretoa, erakusketa gelak, batzar aretoak, konferentzi gelak, jatetxea, kafetegia eta 900 kotxerentzako aparkalekua ditu besteak beste.

Patxi Mangado Beloki (Lizarra, 1957) arkitekto nafarra da eta Baluarte eraikina dela eta estatuko momentuko arkitekto ezagunenen artean nabarmendu zen. Arkitektura Iruñako Nafarroako Unibertsitatean ikasi eta Karrera Amaierako Proiektu onenari saria jaso zuen. Irakaslea da Nafarroako Unibertsitatean 1982az geroztik. Irakasle gonbidatu bezala lan egin du bestalde Texasko Arkitektura Eskolan, Harvard unibertsitatean eta Kataluniako Nazioarteko Unibertsitatean. Gaur egun Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolako Arkitektura Diseinuko Masterreko irakasle da. Paraleloki bere Iruñako estudioan arkitekto lana betetzen du. 2008an Arquitectura y Sociedad izeneko fundazioa sortu zuen.



Ver mapa más grande