Lexikoa

baltsamo

Herri-medikuntzan era askotako baltsamo edo ukenduak erabili izan dira. Horietako bat Azkuek Zeanurin jasotakoa da eta gomendagarri da hamalau gaitz sendatzeko. Arto eta garagarrari ateratako alkohola azunbre eta erdi, "oleos zukotrino" (sic) 150 gramo, intsentsua 50 gramo, mirra 50 gramo, zarbi-belarra 50 gramo eta larre-lirioa 12 gramo; hori guztia txiki-txiki egin eta ardotan nahastuko dira botila handi batean. Ekainean egin eta abuztura arte noizean behin astinduz eduki. Zauri guztiak sendatzen ditu, baita ondorengo gaitz hauek ere: erefistula, larruazaleko gaitzak, pozoia eta txakur amorratuen hozkadak, almorranak, belarriko eta hagineko minak, ahoko zauriak, erreuma, begietako min guztiak, pleuresia, eta urdailari lagundu, pixa lodia mehetu eta zizareak hiltzeko ere balio du; azkenik, baita buruko minak kentzeko ere baldokiak bustiz eta odoljarioak geldiarazteko ere harizko txaplata bat bustita ezarriz gero.