Kontzeptua

Balea-ehiza

XV. mendean, euskal kostaldean baleen presentzia gutxiagotzen hasi zelarik, arrantzaleak Kantabria, Asturias eta Galiziara irteten hasi ziren, bertan ez baitzen zetazeoak modu antolatuan harrapatzeko ohitura. Iraila eta urrian nahiz otsaila eta martxoan bidaiatzen zuten zonalde horietara. Baxurako arrantzarekin alderatuta, itsas zabaleko arrantzan inbertsioa handi samarra zen (ontzi handiagoak, gizon gehiago, bizigai gehiago, denbora gehiago, etab.). Horrela, enpresari edo armadoreek antolatzen zituzten espedizioak, izan ere, bidaiak finantzatzeko dirua mailegatuta eska zezaketen. Kantaurialdean harrapatutako baleetatik lortutako produktu asko euskal portuetan saltzen ziren, edo Europako portuetara esportatzen ziren. Balea harrapatzeko Galiziara egiten ziren espedizioetan, aldi berean, truke komertzialak egiten ziren Ribadabian, sardina eta ardoa eskuratuz Euskal Herriko burdina eta armen truke.

Espedizio horiek, Irlanda eta Ingalaterra aldera egiten ziren beste arrantza-bidaia batzuekin batera, izan ziren ondoren egingo ziren itsas haraindirako bidaien oinarri.

Ballena
Ballena

XVI. mendean portugaldar eta frantziarrak bakalaoa bilatzen hasi ziren aurkitu berri zuten Amerikako Kontinente berriko kostaldean, Ternua irlaren zonaldean. Eremu horretan agertu ziren lehen euskaldunak Ipar Euskal Herritik joanak ziren, 1520. urtea baino apur bat lehenago.

Haatik, espedizio horietan bakalaoa zen helburua. Hala, 1530. urtean hasi ziren Euskal Herritik balea harrapatzeko lehen espedizioak ateratzen, bakailaoa ere harrapatzen bazuten ere.

XVI. mendearen lehen erdialdean Espainia eta Frantziaren arteko gerrak zirela medio, ez ziren asko izan atera ziren espedizioak. Gainera, harrapatuak izateko arriskua ere bazegoen. Garai hartan arrantzale asko kortsario bihurtzen ziren.

XVI. mendearen erdialdera hasi ziren Ternua jomuga zuten espedizioak ugaritzen. Horrela, bakailaoa harrapatzeko eta zetazeoak harrapatzeko bidaiak konbinatzen ziren, eta Amerikan balearen euskal industria abiatu zen. Hastapen horiek etena izan zuten Espainia eta Frantziaren arteko beste gerra baten erruz (1551-1559). Gerra hark, gainera, kortsarioen arriskua ekarri zuen, eta itsasontziak eta tripulazioak konfiskatu egiten ziren Erregearen flota hornitzeko.

Privilegio
Ballena

1559-1585 bitartean ugaritu ziren gehien zetazeoak harrapatzeko asmoz euskal arrantzaleek Ternua aldera egiten zituzten espedizioak. Badirudi urte onenetan 40 bakailao-ontzi eta baleontzi inguru irten zirela hara. Dena den, baleontziak erdia baino gutxiago ziren eta, hala ere, urtero 400 zetazeo harrapatzen zituzten. Ternuan, zehazki esatera, Labrador hegoaldean, zetazeoen harrapaketa euskal monopolio bilakatu zen. Egoera horretan, eskarmentu handiko tripulazio baleazale asko Amerikako arrantza-tokietara joaten ziren. Horrek bere eragina izan zuen baxurako arrantzan, Irlandan eta Ingalaterran egiten zen euskal arrantzan eta Kantabria, Asturias eta Galizian garatutakoan, izan ere, ia tripulaziorik gabe geratu ziren.

Euskal balea (Eubalaena glacialis) eta Groenlandiar balea (Balaena mysticetus) ziren harrapatzen ziren zetazeo espezieak, urteko sasoi ezberdinetan agertzen zirenak. Euskal balea ekaina eta iraila bitartean agertzen zen eta Groenlandiarra urria eta maiatza bitartean. Horrela, zonaldean bi arrantza-denboraldi ireki ziren. Bi denboraldi horien artean bakailaoa arrantzatzen zen eta, sarritan, tripulazioak zonaldean geratzen ziren negua iritsi arte.

Ballena
Ballena

Beste zonalde batzuetako itsas zabaleko arrantzan gertatzen zen moduan, Ternuara espedizioak armadoreek antolatzen zituzten. Horiek, ahalik eta etekin handiena lortzeko asmoz, itsasontzi handiak pleitatzen saiatzen ziren. Itsasontzi horiek, orduan zeuden arriskuak aintzat hartuta, bidaiatu aurretik aseguruak kontratatu behar izaten zituzten. XVI. mendearen amaieran Espainiatik joandako euskal arrantzaleen presentzia gainbeheran zegoen Ternuan, eta zonaldean zegoen ontzi kopurua ere nabarmen murriztu zen. Espainia Ingalaterrarekin gerran sartu izana izan zen egoera hori ekarri zuen faktoreetako bat, izan ere, esan bezala, koroak ontzi eta tripulazioak konfiskatzen zituen gerran baliatzeko (galera material eta humano asko eraginez) eta, gainera, Ternuan ontzi arerioen mehatxua indartu egin zen, konpetentzia Holanda eta Ingalaterratik iristen baitzen. Gainera, inuiten etsaitasuna sortu zuen.

Haatik, hegoaldeko euskaldunen presentzia asko murriztu bazen ere, iparraldeko euskaldunek bere lekua mantendu zuten Ternuan, bakailao-arrantzan aritu arren.

Egoera horretan eragin handia izan zuen gertakari batek, izan ere, XVII. mendearen hastapenean euskal arrantzaleek Ternuan hartutako zonaldetan zetazeoen presentzia izugarri murriztu zen.

Privilegio
Ballena

1611tik aurrera ingeles eta holandarrek baleak harrapatzeko espedizio gehiago antolatu zituzten beste zonalde batzuetan (Spitsberg irlak, Norvegia). Espedizio haietara euskaldunak eramaten zituzten zetazeoak harrapatzera irteten ziren tripulazioetan. Baina ontzi euskaldunen partaidetzari betoa jarri zitzaion. Modu horretan, balearen ehizan eta komertzializazioan euskaldunek zuten monopolioa amaitu egin zen, ingeles eta holandarren onuran. Hala eta guztiz ere, XVII. mendearen lehen erdialdean, artean ontzi batzuk Ternuara irteten ziren baleak eta bakailaoa harrapatzera, eta Kantaurialdean balea-arrantza mantendu egin zen, nahiz eta jardun-maila ezin zitekeen aldera XVI. mendean zehar egon zenarekin. Gainera, ordurako tripulazio eta ontzi asko galdu eta konfiskatuta zeuden Espainiak bizi izandako etengabeko gerren ondorioz.

Itsas zabaleko arrantzarekin batera, garai modernoan baxurako arrantza ere mantendu egin zen. Jarduera horretan galeoi, txalupa eta pinazak erabiltzen ziren, arraunak eta haize-oihalak erabiliz mugitzen ziren ontziak. Ontzi horiek marinel-arrantzale gutxi batzuk erabiltzen zituzten, beti programatutako arrantza-jardunean gerta zitekeen balea-ehiza baterako prest irteten zirenak. Programatutako jarduera horietan sardinak edo itsas aingira harrapatzen zuten kostaldean bertan, eta baita bisigua, hegalaburra eta legatza ere, urrunago joanda.

Privilegio
Ballena

Haatik, XVI. mendean portuetan harrapatzen zen zetazeo kopurua ez zen oso handia izaten, oro har, urtean, batez beste, bost pieza harrapatzen ziren eta, sarritan, bat bera ere ez harrapatzea gertatzen zen. Kopuru hori murriztuz joan zen, XVIII. mendean jarduna ia erabat desagertu zen arte. Zetazeo gutxi zeudenez, baleazaleak beste jarduera batzuetan aritzen ziren balea-ehiza garaian, esate baterako, portuetan itsasontzi handiak atoian eramanez, kostaldeko garraioan edota baxurako arrantzan.

Baleatik eratorritako produktuen eskaera handia zen eta prezioa ere ez zen apala. Horren ondorioz, euskal portuetako baliabideen zati handi bat jarduera horretara bideratzen zen zegokion sasoian. Horri zetazeo kopuru urria gaineratzen bazaio, konpetentzia handia zen. Horrela, portuetan, gutxienez, dozena erdi ontzi (txalupak eta pinazak) izaten ziren balea harrapatzeko. Bakoitzean sei edo zortzi arrantzale joaten ziren.

Privilegio
Ballena

Baxurako arrantza nabigatzaile eta arrantzaleen kofradiek antolatu eta arautzen zuten.

Arrantzaleak zetazeoak harrapatzera irteten ziren bistaratzen zituztenean edo talaiariak abisu ematean. Talaiaria kontrataturiko zaindaria izaten zen, altuera jakin batean eta porturik hurbil kokatuta egoten zena. Talaiariena oso kargu garrantzitsua zen, eta harrapakinaren parte bat eramaten zuen. Zetazeoari arpoia iltzatzen zion lehenak eskubidea zuen zein ontzik lagunduko zioten erabakitzeko. Haiek eskuratutako zati bat eramaten zuten trukean.

Ballena

Zetazeoa ontzira soka batekin lotutako arpoi bat iltzatuta harrapatzen zen. Behin arpoia sartuta, ugaztuna batera eta bestera mugitu, eta hondora jotzen zuen askatu asmoz. Ur azalera itzultzen zenean behar beste arpoi jaurtitzen zitzaizkion. Zenbaitetan zetazeoak askatzea lortzen zuen. Egoera hori oso arriskutsua zen baleazaleentzat, izan ere, harrapaketarako erabiltzen zituzten ontziak oso ahulak ziren animaliaren balizko oldarraldi baten aurrean. Balea sabela gorantz zuela geratzen zenean, hilik zetzan.

Behin hilda, ugaztuna portura eramaten zuten. Bertan enkante publikoan ipintzen zen.

Etekinak banatu egiten ziren, lehenik eta behin, ekintzan parte hartu zuten tripulazioko kideen artean.

Ondoren, animalia zatikatu egiten zen eta eskuratutako haragia, gantza eta bizarrak erosleei saltzen zitzaizkien.