Pintoreak

Balda, Pedro Martín

Pintore, kartelgile eta ilustratzailea. 1920. urtean jaio zen Iruñean, hiriaren erdigunean dagoen San Anton kalean. 2009ko abenduaren 27an zendu zen.

Kulturaren eremuan lehen urratsak ez zituen artearen eskutik eman, musikaren eskutik baizik, izan ere, solfeo-ikasketak egin zituen Remigio Mugicarekin eta Iruñeko bizimodu musikalean parte hartu zuen, besteak beste, Orfeoiko abeslari eta Santa Cecilia Orkestrako biolin-jotzaile gisa. Garai hartan, kontzertuekin batera pintore modura lehen urratsak ematen hasi zen. Diziplina hartan modu autodidakta batean prestatu zen, tokiko lehen kartel-lehiaketetara aurkeztuz. 1948an Iruñeko Aste Santua iragartzeko kartel bat egin zuen, aurrez beste artista batzuek egin bezala, esate baterako, Basiano, Ciga edo Arcayak. 1951n Ramon Millor marrazkilariarekin batera San Fermin festetako kartela egin zuen, eta lehen saria jaso zuten. 1955. urtean berriro irabazi zuen lehiaketa hura, kasu hartan Cesar Muñoz Solarekin. Urtebete beranduago saria eskuratu zuen berriro, bakarka kasu hartan. Hurrengo urteetan kartelak egiten jarraitu zuen, ez soilik Iruñerako, Tutera eta beste zenbait udalerrietarako ere bai.

1997an kartelgile modura urratutako ibilbidea laburtzen zuen erakusketa antologiko bat antolatu zen Iruñeko Zitadelan. Bertan, Javier Balda semeak komisario lanak egin zituen eta Iruñeko Udalak argitaratutako katalogoan Baldaren karteletan erabilitako teknika izan zuen mintzagai.

"Pedro Martín Balda elabora los carteles sobre una idea previa con varios bocetos realizados en papel cebolla, trasladando el dibujo definitivo a un soporte de papel de acuarela pegado sobre cartón rígido, después los pinta con pintura de gouache, al agua, con pinceles suaves y otras herramientas como cepillos, tiralíneas, etc. para conseguir determinados efectos. Estos carteles originales seguían otro proceso en las imprentas que consistía en redibujar los elementos en planchas litográficas separadas según cada color, un trabajo artesanal de fiel interpretación que realizaban los dibujantes de las imprentas".

Pedro Martin Balda San Ferminetako lagunarteen pankartaren egile modura ere ezaguna izan zen. Jarduera horrekin 1943. urtean hasi zen eta 40 urte baino gehiago eman zituen eginkizun hartan. Pankarta horietan, hiriaren errealitatea ongi ezagutzen zuelarik, Baldak Iruñean bizitako gertaera guztiak islatu zituen umorea, ironia eta errespetua ardatz hartuta. Urte horietan lagunarteen 200 pankarta baino gehiago pintatu zituen, berak azaldu zuen moduan:

"salieron a la calle como banderas al viento; fueron bulliciosas, coloristas, alegres. Criticaban, con atrevimiento y respeto, la actualidad local, historias de la vida municipal, sucesos, cambios".

2009ko urrian Martin Baladak Erreinuko Ohorezko Auzotarraren bereizgarria jaso zuen, Nafarroako kultura, historia eta ondare aberastasunaren enbaxadore modura egindako merituengatik.

Bere kartelak galería sanfermin.com helbidean ikus daitezke.