Argazkilariak

Badillo, Koldo

1958ko ekainaren 6an Urduñan jaiotako argazkilari bizkaitarra.

1982an Biologia Zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). 1978-1982 bitartean argazkilaritza ikasi zuen Unibertsitate bereko Argazkilaritza-tailerrean.

Iñaki Oñateren publizitate-estudioan lan egin zuen. Irakasle modura aritu zen argazkilaritza eta berrukipen digitaleko hainbat ikastaro laburretan. 1988an kamerari, argi-emaile eta errealizatzaile modura hasi zen lanean telebista ezberdinentzat. Irudi arloko profesional modura lan egiten du Bainet produkzio-etxearentzat.

1995-1998 bitartean Foto Klik sortzen lagundu zuen. Asegarceren Club Frontón aldizkarian argazkilaritzako zuzendari izan zen.

Bidaia-erreportajeak egiten eta natura-paisaien argazkiak ateratzen aditua izaki, aldizkari ezberdinetan kolaboratzen du maiz, esate baterako, Euskalherria, Pirineos, Viajes y vacaciones edota De viajes, Viajes National Geographic aldizkarientzat. Paisaia-liburuetan ere kolaboratzen du, esate baterako, Orduña puerta del Señorío edo Árboles singulares de España liburuetan, eta baita hainbat egunkaritan ere. 2006an Colores de Navarra argitaratu zuen eta 2011n NATURA: Regards Créatifs sur la nature, PortfolioNatural.com kolektiboarena (paisaia jorratzen duten artisten kolektiboa, bertako sortzaileetako bat izaki).

Argazkilaritzan ehun sari inguru jaso ditu, besteak beste: lehen sari zenbait Urduñako "Ochomayo 85" argazki-ralyan; Amurrioko Udalerriaren II. Lehiaketa (1988); Sari Nazionala Zarautzeko Lehiaketan (1996); Barakaldoko Rallya (1995) eta Sari Nazionala Eibarren; Ohorezko saria Bizkaiko XXXIII. Argazki Hamabostaldian (1999); edo Hirugarren Kolore Saria Bergaran (2001).

Bere lana ikusgai ipini du Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat udalerritan, eta baita Iruñea, Madril, Valladolid, Tarrasa eta Zaragozan ere.


Art Aretoa

Bere obraren lagin bat Euskonews aldizkariaren 272 zenbakiko Art Aretoa atalean ikusi ahal da.