Bergaran 1958an jaiotako margolari gipuzkoarra.
87-88 eta 89 urteetan artista berrien erakusketa ibiltaria egin zuen Gipuzkoako hainbat herritan: Donostia, Errenteria, Azpeitia, Zarautz, etab. 1987an Donostiako Arte Bienalean finalista geratu zen, 1988an Gasteizko VII. Bienalean epaimahaiaren aipamena jaso zuen, Errenteriako Gaspar Galerian "Hiru margolari" erakusketan parte hartu zuen eta Euskal Arte Bienalean hautatua izan zen. 1990ean accesita jaso zuen Osakidetzako Pintura Lehiaketan (Gasteiz), Artelekun Tailerra egin zuen Frederic Amatekin eta Gasteizko VIII. Bienalean hautatua izan zen.
1991n Irungo Amaia Kultur Zentroan eta Bergarako Errotalde Jauregian "20 Miradas" ekimenean parte hartu zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren beka jaso du Japonian erakusketa bat egiteko. 1997an Madrilgo La Kabala Galerian, 1998an Donostiako Olaetxea Galerian eta Eibarko Portalean egin zituen erakusketak eta Zamorako XIV. Pintura Biurtekoan hautatua izan zen. 1999an Bilboko Berta Belaza Galerian eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan egin zituen erakusketak.
2001ean, Osakako eta Kobeko (Japonia) zenbait galeriatan lan egin zuen. 2002. eta 2011. urteen artean, taldekako hainbat laginez gain, banakakoak ere egin zituen: "Oroitzapenak/Memorias" Bilboko Berta Belaza galerian (2002) eta Iruñeko La Cava galerian eta Bergaran (2002) erakutsi zituen lanak. 2004ko maiatzean, "Itxurakeriak" izenburupean, hiri- eta industria-paisaiari buruzko hogei bat mihise erakutsi zituen Arrasaten (Gipuzkoa). 2005eko apirilean Iruñeko Pintzel galerian erakutsi zituen bere paisaiak. 2006ko otsailean, "Bajo control" izenburupean, oihal gainean akrilikoan egindako 18 lan jarri zituen ikusgai Gasteizko Felisa Navarro galerian (2009an berriro jarri zuen erakusgai). 2007an Urretxun eta Valentziako Galería Oruga Azulen erakutsi zituen lanak. 2011n, Soraluzeko Oreka Art galerian egin zuen erakusketa.
Bere lanaren lagin bat Euskonews aldizkariaren 344. zenbakiko Art Aretoa sailean ikus daiteke.
- Ricardo Azkagorta. Euskonews, 159. zk., 2002. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 13a].
- Ricardo Azkagorta. Euskonews, 344. zk., 2006. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 13a].
- Ricardo Azkagorta. Web orri pertsonala [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 13a].

