Marinelak

Astigarribia, Juan Antón de

Itsasgizon eta merkatari gipuzkoarra Mutrikun jaio zen XVI. mendearen lehen erdian, eta itsasoz haraindiko produktuak salerosten eta garraiatzen zituen, hala nola euskal burdinazko manufakturak, fruitu lehorrak, gatzunetan egindako arraina, zerealak edo esklabo beltzak, Atlantikoan eta Mediterraneoan, Espainiako Koroaren hedapen ekonomiko handiaren garaian.

Garai hartako itsasgizon askoren ohiko ibilbideak jarraitzen zituen, garraioan eta merkataritzan ziharduten euskaldun askorentzat: Europako Iparraldeko kostaldetik Mediterraneoko ia hondoraino, Ingalaterran, Flandesen, Herbehereetan, Frantzian, Espainian, Portugalen, Italian eta Grezian porturatuz. La Trinidad izeneko hirurehun tonako itsasontzi handi batekin ("nao gruesa") nabigatu zuen. Bidaia asko egin zituen harekin, eta "dukat kopuru asko eta asko irabazi zituen", garai hartarako benetako dirutza.

Gizon ausarta eta tinkoa izan zen eskifaiaren diziplina mantentzen. Ez zuen zalantzarik izan bere herrikide eta eskifaiako eskribaua zen Martin Arexmendi bere sorterritik urrun zegoen kartzela batean abandonatzeko, horrelako ekintzen ondorio guztiei aurre eginez.

  • AZPIAZU ELORZA, Jose Antonio: Esklaboak eta trafikatzaileak. Euskal Herriko historia ezkutuak, Ttarttalo, Donostia, 1997.