Pintoreak

Ascunce Elia, Jose Maria

Pintorea Beasainen jaio zen 1923ko irailaren 14an eta Iruñean hil zen 1991ean.

Bere arbaso guztiak nafarrak ziren, eta bera ere, Iruñean finkatu zen haurra zela. Marrazketa- eta pintura-ikasketak Iruñeko Javier Ciga Echandi jaunarekin hasi zituen. Nafarroako Foru Diputazioak deitutako lehiaketa-oposizioan, "Aparteko pintura-beka" esleitu zitzaion, aho batez, ikasketak Madrilgo San Fernando Arte Ederren Goi Eskolan egin zitzan. 1946ko urriaren 15ean hasi zen bertan.

Karrera egin bitartean, hainbat sari eta ohorezko matrikula lortu zituen, eta Paisaia-irakasgaiagatik "Paular Barnetegia" eta San Fernando Arte Ederren Akademiaren Carmen del Rio Fundazioaren Natural Marrazki Saria jaso zituen. Karrera amaitzean, Eskolak Santanderreko Gobernu Zibilaren "Santillana del Mar Barnetegia" beka eman zion, espediente akademiko onena zuen ikaslea izateagatik. 1952an, Hezkuntza Ministerioak marrazketa artistikoko irakasle izendatu zuen Corellako Arte eta Lanbide Artistikoen Eskolan (Nafarroa), eta, ondoren, ikastetxe horretako idazkaria izan zen. Donostiako Udalak 1957ko urrian antolatutako Pintura Lehiaketan, lehen-saria lortu zuen El puerto lanagatik. Obra hori Donostiako Udalak du gaur egun.

1958an, lehenengo saria eskuratu zuen Nafarroako Sindikatuen Probintzia Ordezkaritzak antolatutako Pintura, Marrazketa eta Artisautza lehiaketa-erakusketan. Urte horretako irailean, Nafarroako Foru Diputazioak aparteko beka eman zion, atzerrian arte-ikasketak egiten jarrai zezan. Horri esker, Parisko La Grande Chaumière akademian ikasi zuen. Ondoren, Erroman ikasi zuen, eta hainbat italiar eskola bisitatu zituen.

1965eko urrian, oposizio bidez, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolako Marrazketa eta Pintura Irakasle-lanpostua atera zuen. Ascuncek hainbat teknika menderatzen bazituen ere, nagusiki olioa erabiltzen zuen.

Kolore beroak zituen gogoko, eta ia indarkeriaz ezartzen zituen oihalean; izan ere, pintore aldartetsua zen. Bi garaitan, bere estiloa desberdina izan da: lehenengoan, Pariseko eskolako ardurak bizi izan zuen (1958-1960). Garai horretan, Ramon Faraldok honako hau esan zuen Yan, Artearen Lagunen Elkartearen erakusketa zela bide:

"Ascuncek, Lasterra eta Muñoz Sola nafarrekin batera, sortzaileena dirudi erakusketa kolektibo honetan. Olioak akuarelen bizkortasunarekin maneiatzen ditu. Bere koadroak inspirazioz hausten edo ordenatzen duten kolorezko masa dinamikoak dira. Paleta fina, nola grisetan, hala kolore osoetan, erregistro zabalarekin. Deskribapenek pintoreak errealitatean eta beregan jartzen duen guztia orekatzen dute: horrek kolore pertsonala eta erreferentzia biziak ematen dizkie paisaiei".

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

Apurka, estilo pertsonalago baterantz eboluzionatu zuen, figuratibismoaren barruan. Hasierako garaietako hiri-paisaia handiak ikuspegi kromatiko berri bat bilakatu ziren; ñabardura ugarirekin, itzal trinkoak eraikuntza formalarekin ordezkatuta, eta argia eta gardentasuna artistaren ezaugarri nagusi eginda. Ascunceren pintura ez zegoen zorroztasun akademikoaren mende: forma libre eta heterodoxoekin adierazten zen, nahiz eta bere koadroek egitura sendoa zuten.

Euskal paisajista handienetakotzat hartzen da. Euskal Herriko herri zaharren ikuspegi berezi bat lortu zuen. Bertako arkitektura bitxiak zehaztasunez marrazten zituen batzuetan, eta beti, oso modu pertsonalean; zelai eta lur sinpleetatik, berriz, bertsio desberdinak egiten zituen, arinagoak eta eskematikoagoak. Bi estilo horiek jarrera estetiko eta tematikoetan dute sorburua.

Pintoreak herrietatik muin partikularra hartzen du, forma eta egituren bidez, eta kolore-balioak eta pasadizozko balioak nahastuta. Lur biluziaren aurrean, Ascuncek beste jarrera bat du: pasadizozkoa dena alde batera uzten du, eta paisaiaren funtsa interpretatzen du, bere sinpletasunera murriztuta. Bere koadroetan, margotu gabeko hondoak agerian uzten dituzten enpasteetan, era trinkoan erabiltzen da materia; baliabide tekniko horrek originaltasun eta funtzio handia ematen die bere olio-pinturei, baita profiletarako erabiltzen duen beltz puruak ere.

"Kritikarien aburuz, bere marrazketa ezin hobea da"

(La Voz de España, 1966);

"arrazako artista bat da"

(Diario Vasco, 1966);

"Ascuncek oreka eta zuhurtasun magistraleko maisulana aurkeztu du"

(El Pensamiento Navarro, 1966).

(Itzulpen moldatua gazteleratik).

Hainbat erakusketa partikular egin zituen Iruñean, Donostian, Bilbon, Gasteizen, Madrilen, Zaragozan, Santanderren, Segovian, etab. Arte Ederretako Erakusketa Nazional ugaritan parte hartu zuen, eta 1962an, Korporazioen Saria jaso zuen. Bruselako "Europako Arte Erakusketarako" hautatua izan zen, eta bere obrak "Zaragozako Bienaletan", "Valdepeñasko Lehiaketetan" eta "Lehiaketa Nazionaletan" hautatuak izan ziren.

Bere obrak Nafarroako Museoan, Arreseko Museoan (Corella), Santillana del Marreko Museoan, Nafarroako, Gipuzkoako eta Santanderreko Diputazioetan, Donostiako Udaletxean eta atzerriko eta Espainiako hainbat kultura-erakunde eta bilduma partikularretan daude.

Bere obra piktoriko garrantzitsuenen artean, El puerto, Bodegón, Peralta, Pesqueros en Motrico, Hondonada, San Pedro de Olite, Puerto de Guetaria, Plaza del Castillo eta saritutako erretratu, natura hil eta marrazkiz osatutako bilduma baliotsua daude.