Kontzeptua

Modernitatea

Modernitatea fase kultura korapilatsua da, erabat dinamikoa eta heterogeneoa dena. Europako gizarteetan du jatorria, erdi aroko kristautasunaren ordenaren krisian zirenak, trantsizio errenazentistan zehar, eta sekularizazio- eta globalizazio-prozesu orokor gisa hautematen da.

Giza jakinduriaren eta esperientziaren arlo guztietan eragiten du eta zibilizazioaren ondarea hartu zuten gizarteetan nabari da eragin hori, apurka edo bortizki, Mendebaldearen kolonia-hedapenak ekarritako eragin politiko, ekonomiko eta kulturala jasotzean. Pasabide bat marratzen da eta, artean Miguel Angel eta Marcel Duchamp kokatzen dira bi muturretan; literaturan Cervantes eta Franz Kafka, tartean delarik Baudelaire; zientzian Newtonen mekanika alde batean eta Heisenbergen indeterminazio-printzipioa bestean; gogoeta politikoaren alorrean Maquiavelo batean eta Hannah Arendt bestean; filosofian Deskartes mutur batean eta Ludwig Wittgenstein eta Jacques Derrida bestean.

Ikuspegi zabal horretatik, zibilizazioaren aldeko apustuaren irismena eta tamaina antzeman daitezke, zenbaitetan zibilizazioarekin berarekin nahastu izan delarik. Ikuspuntu horrek gizakiaren askatasuna historiaren ardatz izatera eraman du eta sortu eta suntsitzearen etengabeko prozesu bat sorrarazi du, oraindik oreka egokirik bilatu ez duena. Dagoeneko atzean utzi badugu, postmodernismo gisa izendatu izan denaren barneko pentsalari batzuek iradokitzen dutenez; Zygmunt Baumanek erabilitako espresio adierazgarri bat hona ekarriz fase likido batean sartu bada, edo oraindik abian den proiektu bat bada, egoera berrietarako baliagarria izango dena eta nahimen zaharrak asetzeko gaitasuna izango duena, gure ahalbideak erruz gainditzen dituen zer bat da.

Asko eta oso ezberdinak dira modernitatearen sorreran eragina duten eta hura zilegitzen duten faktoreak. Alde batetik, humanismo errenazentista ezberdinen agerpen bat-batekoa. Humanismo horien sentsibilitateari eta orokorki onartutako dogma teologiko handiekiko independentziari esker, arnas berria barreiatzen da ordura arte erudizio eskolastiko handiputz baten nagusitasunpean zegoen giro kulturalean. Beste batzuen artean, Lorenzo Valla, Erasmo de Rotterdam, Joan Lluis Vives eta Michel de Montaigne berezkoa, inspiratua eta leiala den intelektual baten bilaketan murgiltzen dira, autoritatearentzat tokirik gabea. Bi mende beranduago Immanuel Kantek Sapere aude!, ausar zaitez jakitera, ausar zaitez zeure kabuz pentsatzera, leloa aldarrikatu eta ezagun egin zuen. Lelo hori modernitatearen jatorrian kokatzen da.

Badira aintzat hartu beharreko beste faktore batzuk. Esate baterako, greziera eta latina zaharreko funtsezko testuak berreskuratzea, jakintzaren eta galdekizunaren alorretan esparru berriak zabalduko dituztenak. Aurkikunde geografiko berri eta bikainak, Amerika, Asia eta Afrikarekin merkatua zilegitu zutenak eta, horren eskutik, hiri-burgesiaren hedapena eta sendotzea. Halaber, aipagarria da zientzia positiboan apurka barneratzen den metodo esperimentalaren eta ikerketaren aplikazioa, izan ere, arlo horretan egiten diren aurkikuntzei esker, munduari buruz dugun ezagutza areagotzeaz gain, hura menderatzeko gaitasuna antzematen da.

Azkenik, Mendebaldeko lehen inprentaren sorrera aipatu behar da, 1449an, Johannes Gutenbergi zor zaiona. Gertakizun hark ustekabeko ondorioa izan zuen. Erdi Aroko kultura arloa kopiatzaileek taxututako eskuizkribu nekagarrien inguruan garatzen zen. Kopiatzaile horietako asko, kleroaren edo goi-nobleziaren enkarguz, esklusiboki errezoan eta aleak kopiatzen aritzen ziren monje eta fraideak ziren. 1600. urte inguruan, dagoeneko inprenta lantegiak oso hedatuak ziren Europa osoan zehar. Horrek indar handia eman zion idatzitako hitzari: ideiak hasiak ziren mugak nahikoa erraz gainditzen eta tipografia oso lagungarria zen horretarako.

1543an inolako zalantzarik gabe modernitateko lehen gertakaritzat duguna gertatu zen: Nicolas Kopernikok De revolutionibus orbitum coelestium argitaratu zuen. Liburuxka horretan Eguzki Sistemaren teoria heliozentriko ahantzia berreskuratu zuen zorroztasun matematiko txundigarriz. Oso ausarta: muzin egin zion Lurra erdian kokatzen zelako eta mugigaitz zegoelako ideiari eta Eguzkiaren inguruan orbitan dabilela adierazi zuen. Berehala azaleratu ziren bere eredu astronomikoaren ondorio filosofikoak. Egindako kalkulu zehatz horien arabera, Kopernikok ukatu egiten zuen gizakiak kosmosean zuen kokapen pribilegiatua, etengabeko errotazio mugimendu bat esleitzen ziolarik: aldaketa berezi hori "Kopernikoren iraultza" izendatu izan da.

Bestalde, merkataritzako egitura berrien eraginez erdi arokoa baino askoz dinamikoagoa den gizarte bat azaleratu zen. Gizartea dagoeneko ez da estamentuzko komunitate bat, nekazal jardueren inguruan egituratzen dena eta ahaidetasunezko lotura eta harremanen arabera garatzen dena. Hala, klase-gizarte bilakatzen da, norbanakoaren ekimena azpimarratzen duena eta merkatu-trukeak barneratzen dituena.

Izan ere, zenbaitentzat aberastasunak pilatzea jadanik ez da bekatu. XVI. mendearen lehen laurdenean Martin Luteroren erreforma protestantea indarrez sartu zen eta harekin batera elizari aurka egiteko beste mugimendu batzuk, esate baterako, Münster hiriko altxamendua eta anabaptismo ugariak. Europa osoa krisi sozial eta espiritual gogor batek astindu zuen, horren ondorioz, kontinente guztia hankaz gora utzi zuten Erlijio Guda suizidak sortu ziren. Erlijio ebanjelikoa bilatu eta ezartzeko modu berriekin batera, sekularizazio-prozesu hasiberriak aurrera jarraitu zuen etengabe: Eliza katolikoak boterea galdu zuen arlo guztietan, motel eta nekez. Errealitatea definitzeko gaitasuna bere monopolio ukaezina izan zen mila urte baino gehiagoan; dena den, monopolio hori galdu egin zuen apurka, eta federako deien eta Inkisizioko bortizkeriaren bidez ikara, erreferentzia sineskorren gabezia eta nahasmena areagotu baino ez ziren egin.

Hor ageri zaigu modernitateak aurre egin beharreko lehen kontraesanetako bat, oraindik ebazteke dagoena eta gehienbat akuilu eta pizgarri gisa jarduten duena. Lotura feudalak askatuta ziren eta Elizaren autoritatea deuseztatua. Egoera horretan, erreferentzia soziopolitiko, sinboliko eta ezagutzazko zehatzik gabe, nola birsortu zitekeen gizartearen batasun apurtua eta jakinduriaren batasun galdua? Arazoari irtenbidea emateko mila ahalegin egin ziren, galdutako batasuna ordeztuko zituzten batasun saihestezin berriak egituratuz. Baina ezinezko lantegia zen hori. Ez antagonismo sozialek ez eta jakintza ezberdinek, sarritan elkarren aurkakoak izan eta lehian zirenak, ez zuten behin betiko batasun bat finkatzea lortu. Arrazoirako (dagoeneko autonomotzat jotzen zena eta, horrenbestez, fedetik apartekoa) dei etengabeak ez ziren aski, gizaki guztien oinarri ordezkaezinezkotzat jotzen bazen ere.

Norgehiagoka kritikorik gabe egiak alboratuta eta fedea ezagutzaren berme modura bertan behera utzita, modernitateak hastapenetik hasi behar du, zerotik. Rene Deskartes (1596-1650) mito sortzaile gisa ageri zaigu: bere etxearen aterpean, su baxuaren aldamenean, bere metodologia aplikatze hutsarekin, suposizio jakinik hartu gabe, ezagutza objektiboren bat bermatzea ahalbidetuko duen gogoeta-prozesu bat abiarazten saiatzen zen. Inork eta ezerk ez zioten enbarazu egin behar erronka horretan. Paradoxa bat: prozesu bat hastapenetik menderatzea sortzea da. Horrenbestez, modernitatea konstruktibismo epistemologiko baterantz bideratzen da. Kantek mende bat igarota esan zuen moduan, objektuak eraikitzen direnean ezagutzen dira, hau da, subjektibotasunak esangura-funtzio jakin batzuk proiektatzen dituenean datu ugaritasunean.