Politikariak eta Kargu publikoak

Lapaza, Jose Francisco de

Tolosan jaio zen eta Berrobin hil, 1770. urtean.

Antzinako Erregimenean Gipuzkoako egitura politikoko kargudunen ohiko bizimodua izan zuen, oro har, Jose Francisco Lapaza Sarriak. Ekonomia eta gizarte aldetik probintziako leinu garrantzitsuenen ahaide zen jatorriz haren familia. Aitaren aldeko amona, Luisa, Zarauz-Ganboa leinukoa zen. Amonaren senarra, Nikolas Lapaza Gaztealzategi, Gipuzkoako lurjabe handienetako bat izan zen, eta Tolosaldeko maiorazko-sare baten jabea. Hain zuzen, Gipuzkoako ahaldun nagusi izan zen 1658. urtean Tolosan bertan. Era berean, Santiago Zaldun-ordena esklusiboko kide ere izan zen. Bien arteko ezkontza hartatik hiru alaba eta hiru seme jaio ziren: Ana Maria, Felipa Nicolasa eta Maria Lapaza, eta Manuel Francisco, Geronimo eta Francisco Ignacio Lapaza. Hain zuzen, azken horren eta Josepha Sarriaren arteko ezkontzatik sortu zen Jose Francisco Lapaza.

Ez dago datu zehatzik egin zituen ikasketei buruz. Eskueran dugun dokumentazioaren arabera, ordea, ezaguera sendoak zituen, Antzinako Erregimenean Gipuzkoan kargu politikoa zuten gehienek ohi zuten moduan, eta hainbat arlotan baliatu zituen ezaguera horiek: administrazio publikoan, esaterako, Tolosaren ordezkari izan zen Madrilen 1754. urtean Echauzeko kondearen aurkako auzi bat eramaten; mandatari izan zen 1768an Tolosako bertako Miserikordia etxea eraikitzeko lanetan; eta Segurako alkate ere izan zen, 1748. urtean. Bestalde, izeba batek, Felipa Nicolasak, 1744ko urtarrilaren 20an utzitako testamentu oparoari esker oinordetza zabala eskuratu zuen, besteak beste Tolosatik hurbileko Gaztealzategiko maiorazkoa, eta ondorengotza hori guztia kudeatzeko ere baliatu zuen bere jakintza. Garai hartan indarrean ziren kanon foralei jarraituz, lurjabe handia izateari esker Tolosako barrutiko ahaldun nagusi izendatu zuten 1749 eta 1768 artean, laguntzaile batzuetan eta titular bestetan. Osasun arazoak tarteko, bizitza publikotik erretiroa hartu zuen erregearen agindu zuzen baten bidez, eta, hala, hil baino bi urte lehenago utzi zuen kargua.

Eginkizun publiko hori dela eta, Espainiako monarkia inperialak Frantziako erresumarekin aliaturik mundu mailan eta batez ere Erresuma Batuaren aurka martxan jarritako operazio geoestrategiko handien testuinguruan jardun zuen nagusiki Lapazak. Hala, 1749ko uztailetik 1750eko uztailerako Batzar Nagusien arteko interregnoan, Tolosako barrutiko ahaldun nagusi modura izan zuen lehen zereginean, Fernando VI.aren erregealdi eztabaidagarrian izan ziren gertakari nagusienetan esku hartu beharrean gertatu zen, zeharka izan bazen ere. Bereziki gorte haren auzi nagusian; hau da, Ensenadako markesak Erresuma Batuko armadaren aurrean Espainiakoa indartze aldera bultzatutako planen ondorioz sortu ziren gorabehera haietan. Madrilgo gorteko beste alderdietako batek, José de Carvajal eta Lancaster Estatu idazkaria eta Benjamin Keen Erresuma Batuko enbaxadorea buru zirela, Espainiako armada indartzearen aurka egin zuen, Ensenadaren asmoak, bistan denez, Londresko gortearen itsas hegemonia kaltetu zezakeelakoan.

Hala, garaiko Foru Aldundia, eta, beraz, haren kargura zegoen Jose Francisco Lapaza bera, ia beste lanik gabe aritu ziren Ensenadako markesak Madrildik bidalitako eskutitz zorrotzei erantzuten. Kantauri itsasalde osoan ontzigintzako lana areagotzeko plana zehaztasun osoz ezartzea galdegiten zuen markesak eskutitz haietan.

Markesaren eskakizunak arlo eta gai askori loturikoak ziren. Batzuk, teknikoak, hala nola Diputazioak Gipuzkoako egurraren gain ezarri beharreko kontrol zorrotzari loturikoak; izan ere, markesak galarazi egin zuen borrokarako ontzi berriak eraikitzeko erabil zitekeen egurra beste zeregin batzuetarako erabiltzea (etxeak eraikitzeko, adibidez). Hain zuzen, auzi hori izan zuen eztabaidagai Diputazioak, Tolosan, 1749ko uztailaren 13an izan zuen saioan, Jose Francisco Lapaza ahaldun nagusiaren ondokoa zela. Bilera hartan interesdunek azaldu zuten Pedro Michelenak habeak behar zituela Donostiako Lorencio kalean etxe bat eraikitzeko, eta Aldundiak onespena eman zion eskaerari, egur hura ez zelako egokia ontziolan ontziak eraikitzeko.

Gipuzkoako egurra erabiltzeko kontrol hori beste arlo batzuetara ere hedatu zen eta, hala, merkataritzarako itsasontziak eraikitzeko ere ezin zezaketen erabili. Auzi hartan ere esku hartu zuen Jose Francisco Lapazaren kargura utzitako lehen Diputazioak 1749ko uztailean eginiko beste saio batean. Orduko hartan, Ensenadako markesak berak emandako aginduak bete eta erakundeak baimena eman zien Juan Arizmendi eta Manuel Aizpururi Pasaiako portuan itsasontzi bat eraikitzeko falta zuten egurra ebaki zezaten. Bi ontzigileek ordurako hitzartuta zuten itsasontzia Nicolás del Vallerekin, Cadiz eta Buenos Aires arteko nabigaziorako.

Probintziako egur-baliabideen erabilerari loturiko gai arruntez gain, Jose Francisco Lapaza buru zuen Diputazioak eskakizun askoz zorrotzagoei ere egin behar izan zien aurre Ensenadaren planak bete ahal izateko. 1749ko uztailaren 21ean, esaterako, ministroak kritika egin zion Diputazioari Bernardino Freireren eskakizunei erantzuteko atzerapena zela eta. Ferrolgo ontziola berrian Espainiako monarkia inperialaren zerbitzuko armada ahaltsua eraikitzeko plan haiek gauzatzeko funtsezko gizonetako bat zen Freire.

Gerora, abenduaren 31ko saioan, Richard Root eta haren familia ahalik eta hobekien zaintzeko eta haien kargu egiteko agindua jaso zuten Diputazioko buruek. Ontzigintzan aditu handienetako bat zen Root. Ensenadak eta hark Ingalaterran zituen agenteek, industria-espioitzako operazio konplexu baten bidez, Erresuma Batutik atera eta Espainiara eraman zuten armadorea. Aurkariari teknikari onenak kentzea eta Espainiako koroaren mesedetan lanean jartzea zen operazio haren xedea, era horretara itsaso zabalean hedapen militarra areagotzeko. Diputazio hark, beraz, Jose Francisco Lapaza ahaldun nagusiaren ondoko zela, Rooti harrera egiteko ohorea izan zuen hilabete batzuen buruan. Horrela berresten dute erakundeak 1750eko martxoaren 17an hartutako erabakiek. Horrenbestez, goi-mailako auzi diplomatiko hartan erabateko esku-hartzea izan zuten Diputazioak eta Lapazak.

Harrezkero, Jose Francisco Lapazak behin eta berriro egin behar izan zien aurre gorabehera politiko, militar eta diplomatiko haiei bere eginkizun publikoan edo diputatu karguan.

Bere kasuan are nabarmenagoa izan zen hori Fernando VI.a hil eta haren anaia Karlos Espainiako erregetzara iritsi zenean. Hau da, Karlos III.a, 1760. urtera arte Napolesko errege izandakoa eta harrezkero Espainiako eta Indietako erregea.

Errege izendatu berriak kanpora begirako askoz politika oldarkorragoa bultzatu zuen Erresuma Batuaren aurka Fernando anaiak aurrez egindakoa baino. Izendatu eta berehala, Zazpi Urteetako Gerran (1757-1763) bete-betean sartzea erabaki zuen: hala, beste familia-hitzarmen bat jarri zuen indarrean Frantziako Borboiekin eta haiekin batera ekin zion Erresuma Batuaren aurkako borrokari Europaren kontrola eta herrialde bakoitzak Amerikan eta Asian zituen inperio kolonialen kontrola eskuratzeko.

Erabaki horiek berehalako ondorioak ekarri zituzten Gipuzkoara; izan ere, kostalde osoa etsaiaren erasoen arriskupean izanik, gerra-adierazpen horren eragina zuzenean nozitu zuen Lapazaren eskumeneko lurraldeak.

Erresuma Batuko itsasontziek alerta egoeran eduki zuten Gipuzkoako kostalde osoa eta horrek lan nabarmena sortu zien 1762an Diputazioa eratzen zuten kideei, eta horien artean, bereziki, Jose Francisco Lapazari. Itsasertz horren guztiaren defentsa antolatu eta etxe atarian zuten etsaiari zorrotz eutsi beharra ez zen, inondik ere, eginkizun makala. Horren adierazle izan zen, esaterako, Zarautz inguruan hainbat itsasontzik Erresuma Batuko itsasontzien eskutik jasan zuten erasoa. Etsaiek, ordea, ez zuten behar beste indar izan Lapazak eta kideek antolatutako neurriei aurre egiteko; Diputazioak mehatxatutako portuetako edo barnealdeko herrietako -hala nola Usurbilgo- bizilagunen miliziak antolatu eta armatu zituen, britainiarren lehorreratzerik gertatuz gero errefortzu moduan ekiteko.

Bizitza pertsonalari buruz, eskueran ditugun datu apurrek adierazten dute bere maila eta garaiko gizonezko baten ohiko bizimodua izan zuela.

Bi aldiz ezkondu zen. Lehenik Josefa Lorenza Arangurenekin eta, bigarren aldiz, Maria Francisca Javiera Leizaur Aguirre Oquendorekin.

Bi harreman haietan ez zuen semerik izan. Lehen emaztearekin alaba bakarra izan zuen, Maria Josefa Lapaza. Eta bigarrenarekin, lau: Maria Francisca Javiera, Maria Brigida, Maria Concepcion eta Maria Martina. Guztiak adingabeak ziren artean bera hil zenean. Baldintza horren ondorioz hainbat auzi eta liskar sortu ziren 1770. urteaz geroztik haren ondorengotza eskuratzeko. Batik bat Manuel Fernando Barrenechea suhiak, lehen ezkontzako alaba bakarraren senarrak, piztu zituen auziak. Hala, Jose Francisco Lapaza hil eta berehala, Tolosako lehen magistratuaren eskumenak baliatuz, emaztearentzat eskatu zuen Gaztealzategiko maiorazkoaren jabegoa. Hil ondorenean horrelakoak ere sarri gertatzen zitzaizkien bere maila eta ahala zuten pertsonei, eta horrela gertatu zitzaion Francisco Jose Lapazari ere.