Mendiak

Jurramendi

Lizarrako mendi hau mugarri geografikoa da; baina mugarri historikoa ere izan da, XIX. mendeko gerren garaian batik bat. Izan ere, gerra horiek karlismorako erreferentzi bihurtu zuten. Hala ere, beste bandoek ere, hala nola armadak eta beste sentsibilitate politiko batzuek, bere egiten saiatu izan dira.

Antzinarotik, Jurramendin eta haren inguruetan gizakia bizi izan da, eta horren lekuko dira Musen herri erromatarra (Arellano), K.o. I. eta V. mendeen artean mendiko eguteran kokatu zena.

Erromatar hiria desagertu eta zazpi mendetara, Jurramendiri aipatzen duten lehen erreferentziak aurkitzen ditugu, bertan dagoen Iratxeko monasterioari lotuta. Aipamen horiek 1120. urtekoak dira, eta monasterioak "ex Monte Surra" haize-errotak eraikitzeko egin zuen emakida bati erreferentzia egiten diote. Erdi Aroaren garai horretan, bi zona bereiz daitezke: batetik, ekonomikoki errentagarriena zena, monasterioaren alboko hegaletan, eta, bestetik, ikuspegi espiritualetik baliagarriena, maldarik aldapatsuenean. Lehenengo horretan kokatu ziren goian aipatu errotak eta "vinna del ospital de Montehurra", handik gertu igarotzen den Done Jakue bideari buruzko dokumentu batean aipatzen dena (1321). Bigarrenean zonan, berriz, hainbat baseliza zeuden, esaterako: San Millani dedikatutakoa, 1183ko dokumentu batean jasotzen dena, eta San Cibriani dedikatutakoa, 1332ko beste agiri batean jasotakoa.

Erdi Aroko dokumentuetan zehar, bestelako deitura batzuk ere ematen zaizkio mendiari, hala nola Jeto eta Xurra.

1508an, Joanes eta Katalina errege-erreginak Lizarrako merkatuko San Joaneko Lope alkateari ahalmena eman zioten mugak eta mugarriak lehengoratzeko, eta mugetako bat "Monteiurako mendipean" ezarri zuen. Zonak jada ez zuen interes ekonomikorik monasterioarentzat, bertako lur elkorrek errentagarritasun txikia ematen zutelako eta abeltzaintzarako aprobetxamendua urria zelako, baita espirituala ere. Done Jakue bidearen gainbeherarekin, baselizetatik gertu zeuden ospitaleak erabiltzeari utzi zioten. 1545ean, San Millaneko baseliza berritzen saiatu ziren; baina, dirudienez, ez zuten akordiorik lortu, dokumentuetan ez baitzaio aipamen gehiagorik egiten. Hurrengo mendeetan, tokikoek erabiltzen zuten batik bat, eta topografiarako soilik, mendiaren jabetza zuten Aiegiko eta Iguzkitzako katastro-erreferentziek erakusten duten legez.

Historikoki ospea hartu du, karlismoarekin lotuta dagoelako. 1835ean, nolabaiteko garrantzi militarra izaten hasi zen, lehen gerrate karlistan. Martxoan, Zumalakarregik bertan kokatu zituen tropak, eta enboskadak eta bat-bateko erasoaldiak prestatu zituzten, maldak baliatuta. Liberalak kexu ziren karlistek mendi-inguruetan bakarrik eraso egiten zutelako, eta koldartzat zeuzkaten, sastrakadien eta basoen artean jardutegatik. Horrela, karlismoa eta mendia behin betiko uztartu ziren.

Lizarraldean, kokaleku erabakigarria zen, ibarretako lautaden aurretik azkeneko mendi-bastioia baitzen, karlisten hiriburuaren babesle eta Ameskoa haraneko gotorleku. Ez da harritzekoa, hortaz, lehenengo gerratik Jurramendik protagonismoa hartu izana, karlismoa eta haren borroka-modua islatuz. Liberalen memorian ere badu bere lekua, militarren artean bereziki. Izan ere, liberalentzat, borroka-modu baten adierazgarri izateaz gain, arrakasten eta aitorpenen iturri izan zen, ofizialek inguruetan gauzatutako ekintzak ordainsariak eta maila-igoerak justifikatzeko erabiltzen baitzituzten.

1872tik 1876ra arteko gerrak eman zion osperik handiena Jurramendiri. Batetik, karlistentzat, 1873ko azaroaren 7tik 9ra arteko batailan, eta, bestetik, alfontsotarrentzat, 1876ko otsailaren 18koan. Lehenengoek bertan izandako garaipena mitifikatu zuten, eta euren memoriaren ardatz bilakatu. Bigarrenek, aldiz, karlistei kontra egiteko eta haien garaipena baliogabetzeko erabili zuten, eta euren garaipena erabateko garaipena bihurtu zuten. Bien bitartean, karlismoaren eta basoaren arteko lotura indartu zen, lubakiak sistematikoki erabiltzen hasi zirenean. Mendia -eta Jurramendi, bereziki- gotorleku karlistarik garrantzitsuena zen, eta 1876an alfontsotarrek garaipen karlista bertan behera utzi bazuten ere, mendia karlistei lotuta geratu zen, haien erresistentziaren, itxikeriaren, lubakien eta bortizkeriaren seinale.

Aitzitik, karlistentzat mendiak funtsezko gauzen babesleku ziren: erlijioa, balioak eta ohitura. Izan ere, mendiek karlisten landa-mundu idealizatua islatzen zuten. Mundu hori zen, hain zuzen ere, erlijioa, balioak eta ohiturak biltzen zituen benetako euskal gunea, eta karlisten propaganda-tresna izan zen. 1876an, karlismoak bere eredua ezartzeko aukera galdu zuen, eta, gogoz kontra, Berrezarkuntzaren gizartean eta politikan sartu zen. Jurramendi grabatuetan, pinturetan, kontakizunetan, istorioetan... agertu zen, jarraitzaileak leial bihurtzeko, eta ahal zen heinean, hedatzeko propaganda gisa.

Horren aurrean, armadak Jurramendi ondare bilakatu nahi zuen, mendian gauzatutako batailak ikertuz eta mendiari etengabeko protagonismoa emanez, bisita eta maniobra militarren bidez. Bisita horietan garrantzitsuena Alfontso XIII.ak 1903an abuztuan egindakoa izan zen, tropen hedapena zuzentzeko. Armadaren bitartez, Jurramendi liberalismoan sartu zen sinbolikoki. Dena dela, horrek ez zituen desagerrarazi Lizarrako mendiak liberalentzako zituen konnotazio txarrak. Gainera, karlismoak ez zion inoiz ere mendiari uko egin.

II. Errepublikan, Comunion Tradicionalista alderdiak Jurramendiren oroitzapena modu sistematikoagoan ustiatzen hasi zen, eta haiek bakarrik erabil zezaketen ondaretzat jo zuten. Jada ez zen oroitzapen loriatsua bakarrik, baizik eta inspirazio-iturri ere bai: gazteek jarraitu beharreko eredua zen, indarrean zegoen erregimenaren aurka egiteko. Memoria demokratizatu nahi zuten, erabilera eruditutik edo elitistatik harago. Karlisten gizarteak legatu hori bere gain hartu behar zuen, eta legatu hori iragan gerlariari, hau da, 1833ko, 1808ko eta gurutzaldien garaiko arerioen aurkako borrokari bereziki lotuta zegoen.

Jurramendi izan zen proposatutako irtenbidea: mendi belikoa, 1873koa, Lizarrako sancta sanctorum-aren ateetan Moriones jeneralaren errepublikanoak bota zituen, eta 1931n ere, errepublikarrak kanporatuko zituen. Jarrera horren erakusle, 1936ko uztailaren 25ean Jurramendiko tertzioa eratu zuten, hirugarren unitate militar karlista. Hala, 1873 (baita 1835 ere) eta 1936 artean helburuek bere horretan jarraitzen zutela agerian geratu zen. Horrela ikusi zen ere 1939ko maiatzaren 3an, Jurramendiko erromeria hasi zenean. Erromeriak helburu zuen gerra karlistak omentzea eta 1936ko gerran tradizionalistek izandako parte-hartzea aldarrikatzea, baita Nafarroak izan zuen protagonismoa ere, Foru Aldundiak ekitaldiari emandako babesak argi erakusten duen bezala.

Hala eta guztiz ere, armadak ez zuen alde batera utzi mendia bere memorian sartzeko asmoa. 1943ko abenduaren 2ko dekretuz, unitate militarrak berrantolatu ziren, eta Konstituzio Errejimendu zaharrak Jurramendi Mendiko 20. Ehiztari Batailoia izena hartu zuen. Aldaketa hori ez zegokion tradizio bakarrari, biak biltzen baitzituen: karlista zein liberala. 1939ko armada garaileak bere gain hartu zituen tradizionalismoaren eta milizia liberalaren oinordekotza.

50eko hamarkadaren amaieratik, karlismoaren herentzia tradizionalista zalantzan jarri zuten mugimendua eguneratu eta berritu nahi zuten sektoreek. Berrikuntza horiek hedatzeko plataforma izan ziren Montejurra izeneko argitalpena eta erromeria bera ere, 70eko hamarkadan oihartzun handia lortu zuena, nazioan nahiz nazioartean.