Literatoak

Iceta Elizalde, Mariano

Idazle baztandarra eta euskararekin, bertsolaritzarekin eta Baztango haraneko tradizioekin konprometitutako gizona. Elizondo, 1915eko uztailak 14 - Elizondo, 2001eko urtarrilak 8.

Aita, Federiko Izeta, zarauztarra zuen, erlojugilea. Ama, berriz, Juana Elizalde, Elizondokoa zuen. Mariano zortzi anaietan zaharrena zen, Elizondoko Mutilenea etxean jaio zen eta familia-giro euskaldun batean hazi zen, nahiz eta garai hartan herrian gaztelania zen hizkuntza nagusia. Eskolako ikasketak amaitu ostean, 1929an aitaren erloju-dendan hasi zen lanean eta, 1984an erretiroa hartu arte, jardun hartan ibili zen. Erloju-lantegi apal hura Baztango kultura eta literaturako zentro bilakatu zen.

1963an ezkondu zen Lekarozeko Gabriela Goñi Olaetxearekin. Bi alaba izan zituzten: Maria Ines eta Juana Mari.

Mariano Izeta euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik egin zen ezagun. Gaztaroan, 1936ko gerra zibilaren aurretik, bertsolaritzaren giroan murgildu zen era aktiboan eta bizitza osoan zehar ahozko literaturako genero horretako zale eta defendatzaile sutsu izan zen. Hogei urtean zehar hainbat jaialdi antolatu zituen Elizondoko Antxitonea trinketean eta Nafarroako txapelketen alde ere lan egin zuen. Bertsolaritza txapelketetako epaimahaikide izan zen sarritan (egun Mariano Izeta Saria izeneko txapelketa bat egiten da) eta Bertsolarien Lagunen Elkarteko Ohorezko Presidente ere izan zen.

Artikuluak ere idatzi zituen. Hala, 1957az geroztik kolaboratzaile izan zen hainbat aldizkaritan, besteak beste, Zeruko Argia, Herria, Arantzazu, Diario de Navarra eta Vianako Printzea.

1961ean Euskaltzaindiko Euskaltzain urgazle izendatu zuten eta 2000. urtean ohorezko kide.

1962an Dirua Galgarri polizia-eleberria argitaratu zuen, 1972an Nigarrez sortu nintzan eleberria eta 1985ean Sorgiñak infernuko errekan izeneko ipuin-liburua.

1996an argitaratu zen bere ikerketa-lan garrantzitsuena, Baztango hiztegia. Bertan dagoeneko erabiltzen ez ziren Baztango euskararen hitz eta esamoldeak jaso zituen. Ildo horretatik, 1985ean Baztango hiztegi ttipia argitaratu zuen eta 1993an Baztango erranairuak, haran horretako atsotitzen bilduma bat. Azken liburua 1999an kaleratu zen Baztango Kontuak izenburupean. Bertan haran horretako hamabost lekutako bizipen eta bitxikeriak jaso zituen.

1957-1958 biurtekoan Elizondoko alkate-epai izan zen eta 1980-1984 bitarteko legealdian Baztango Udaleko zinegotzi. 1997ko maiatzean, haraneko Batzorde Nagusiak Baztango seme kutun izendatu zuen aho batez. Urte hartako uztailaren 25ean Elizondoko herriak haren omenez eraikitako plaza inauguratu zuen, "Mariano Izeta Erreboteko plaza" izenarekin.

Baztango folklorea mantendu eta berreskuratzeko eginahalean azpimarragarria da dantzari izan zela eta mutildantzak ezagunen maisu ere bai. Elizondoko Santiago festetan mutildantzarien sokan taldeburu izan zen, eta baita beste festa galant askotan ere (1939-1996 bitartean).

Baztango Udalak Mariano Izena beka antolatzen du urtero, euskararen ikerkuntza sustatzeko xedez.

  • Baztango kontuak. Labayru Ikastegia, 1999.
  • Dirua galgarri. Auspoa, 1962.
  • Nigarrez sortu nintzan. Aurrezki Kutxen Konfederazioa, 1982.
  • Baztango hiztegia. Nafarroako Gobernua. Argitalpen Funtsak, 1998
  • Abril, Jon. Mariano Izeta (1915-2001). Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2002.

Honako artikulu hau oraindik ez da entziklopedia honetan euskaraz landu. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago eskura dezakezu Mariano Izetari buruz.