Kontzeptua

Argazkigintza

Argazkigintzaren oinarria kamera iluna izan zen. Irudiak erdiesteko prozedura hori antzinatik ezaguna zen. Berez, kaxa itxia besterik ez zen; albo batean zulotxo bat egiten zioten eta bertatik sartzen zen argiak beste aldean kanpoko objektuak proiektatzen zituen, baina buruz behera. Tresna horrek irudiak ikusteko aukera eskaintzen zuen eta oso erabilia izan zen Errenazimenduaz geroztik, batez ere Barrokoaren garaian. Hala ere, ez zuen irudiak finkatzeko betarik ematen, ezta argazkiak eskuratzeko ere. Zientziak aurrera egin arte itxaron behar izan genuen -zilarrezko gatza beltztea argiaren efektuaren bitartez-, argazkigintzari hasiera emateko.

Hori lortu zuen lehena J. N. Niepce (1765-1833) zientzialari frantsesa izan zen. 1826an egin zuen lehen argazkia "Le Graseko lehiotik bista" izenburupean. Gero, L. J. M. Daguerre-rekin (1791-1851) -jatorriz Ipar Euskal Herrikoa- elkartu zen, eta honek asmakizuna aldatu egin zuen prozesua sinplifikatuz. Horrela jaio zen daguerrotipo esaten diogun prozesua. Horren bitartez, argazkia erdiesten da zilarrez landutako azal baten gainean, Niepcen hasierako prozedurak planteatzen zituen zenbait arazo tekniko gandituz eta esposizio denborak murriztuz. Ia garai berean, H. Florence, H. Bayard edota W. Fox Talbot bezalako ikerlariek bestelako metodoak garatu zituzten; Fox Talbotena calotipo zuen izena eta paperezko euskarriaren gainean negatiboak lortzen zituen eta negatibo horietatik abiatuz kopia positiboak paperean ere lortzen zituen. Horrela, argazkigintza sortu egin zen.

Lehen garai honek XIX. mendearen amaiera arte iraun zuen eta orduko argazkigintzak pintura kopiatu besterik ez zuen egiten, hots, imitatu egiten zuen pintura ordezkatzeko asmoarekin. Horrela, argazkigintzak bere hizkuntza propioa garatzeko bidean ezer gutxi aurreratu zuen. Garai honetako izen azpimagarrienen artean bi hauek ditugu: A E. Disderi eta O. G. Rejlander; lehenak paisaia jorratu zuen eta bigarrenak aldiz erretratua. Hala eta guztiz ere, joera berriak agertu ziren eta argazkigintza bere lengoaia propioa sortzen hasi zen. Lehenengo ahalegina Nadar frantsesak burutu zuen, estilo pertsonala landuz bereziki erretratoak gauzaterakoan; ondoren, J. M. Cameron britaniarra agertu zen, esparru bera jorratuz. Baina argazkigintzak bere benetako alderdi espresiboak garatzeko aukera topatu zuen, erreportaietan alegia; genero honetako lehendabiziko lanak R. Fenton britaniarrak burutu zituen, hauxe izan baitzen gerrako argazkiak atera zituen lehen argazkilaria, Krimeako Gerran alegia. Jarraian, kritika sozialarekin zerikusia zuten lanak eginez M. B. Brady, J. A. Riis eta L. W. Hine estatubatuarrak nabarmendu ziren.



Hala ere, aurrerapen ugari behar izan ziren nortasun propioa zuen argazkigintza heldua ahalbidetzeko, hau da, berezkoak zituen baliabideetan konfiantza edukitzeaz gain, bere lengoaia eratzeko prest zegoen argazkigintza. Aurrerapen horien artean argazkiak burutzeko prozesuaren merketzea nabarmendu zen. Hala gertatu zen G. Eastman estatubatuarrak 1888an Kodak argazki-kamara asmatu zuelako, kamara horrek plakak erabili beharrean pelikula bilduta zeramatzaten karreteak erabiltzen baitzituen. Argazkiak bat-batean lortzeko prozedura berri honek argazkigintzaren hedapena ekarri zuen eta XX. mendearen hasieratik aurrera argazkigintza ulertzeko modu berria sortu zuen, lengoaia eta ikusmoldea aldatu baitzituen. Eta aldaketa handiena sensibilitate berri baten agertzearekin hasi zen. Horrela, ordurarte egiten zen bezala gertaerak objektibotasunez ikusi beharrean, hainbat argazkilarik modu subjektiboan, artistikoan irudikatzen zuten errealitatea. Berez, gauza bera egin zuten XIX. mendearen erdialdetik aurrera errealismoa, inpersionismoa, postinpresionismoa eta sinbolismoa lantzen zuten hainbat artistak.

Argazkilari hauek dira nabarmendu beharrekoak: P. Martin, E. Atget, A. Stieglitz, E. Steichen, F. E. Evans eta P. H. Emerson. Argazkilari horiek, errealitatearen lekuko izateaz gain, berau irakurtzen ikasi zuten, begiratzearekin soilik konformatu gabe; errealitatearen irakurketa subjektibo honek argazkigintzaren lengoaia aberastu egin zuen.

Baina XX. mendetik aurrera argazkilari batzuk ez ziren konformatu errealitatea modu artistikoan islatzearekin eta abangoardien artean murgiltzea erabaki zuten. Horrelaxe sortu zen argazkigintzaren lengoaia eta abangoardia artistikoena bateratzen zituen argazkigintza artistikoa. Ildo honetatik, hainbat argazkilari nabarmendu ziren, besteak beste, Rodchenko eta Moholy-Nagy konstruktibistak, edota J. Heartfield, R. Housman eta Man Ray, dadaistak eta surrealistak. Horiez gain, ordea, asko izan ziren joera abangoardistarekin bat zetozen argazkiak burutu zituztenak, nahiz eta bere burua abangoardiazko mugimendu zehatz baten barruan ez kokatu, estaerako, P. Strand, E. Weston, A. Kertesz, A. Sander, D. Lange edo Brassai. Argazkigintza eta arteak oso lotura hestua izan zuten gerra arteko urte horietan. Eragina elkarrekikoa izan zen eta horrek mesede handia egin zion argazkigintzari, bere lengoaia aberasten jarraitu ahal izan baitzuen.

Hogeitamarreko hamarkadaren hasieran ere aurrerapen teknikoek aldaketak ekarri zituzten argazkigintzan eta horiei esker iritsi zen berau benetako heldutasunera. Aldaketa horiek E. Salomon eta O. Barnacken eskutik etorri ziren. Salomonek formatu txikiko argazki-makina asmatu zuen, flashik gabekoa, eta Barnackek Leica argazki-makina, hau ere formatu txikikoa eta gero hedapen handia izan zuena, argazki pelikula txikitua baitzeramana. Bi asmakizun horiek funtsezkoak izan ziren, mugitzeko askatasun handiagoa eskaintzen baitzuten eta estiloa ere libreagoa izan zitezkeen. Azken finean, argazki makinak sinplifikatu eta erabilgarriagoak bilakatu ziren heinean, errealitatea askoz ere hurbilagotik jarraitu ahal izan zuten, eta modu zuzen eta pertsonalagoan egin ahal izan zituzten argazkiak.

Argazkigintzaren bilakaera ahalbidetu zuen beste elementua argazki erreportajearen sorrera izan zen. Erreportaje horietan, gertaera baten une desberdinak erakusten zituzten eta argazkien bidez egiten zen kontakizun guztia. Genero hori Estatu Batuetako Life edo Frantziako Vu bezalako aldizkariek agertu zirenean garatu zen, horrelako lanak argitaratu baitzituzten. Argazkiak gertakarien lekuko bihurtu ziren eta lengoaia bezala onespena lortu zuen. Askok defendatu zuten argazkigintza mota hau, argazkia bera dokumentu historikoa zein artistikoa baitzen. Azpimarratzekoak dira 1947an euren lana defendatzeko asmoz agentzia propioa sortzea erabaki zuten argazkilariak; Magnum izena eman zioten agentzia horri eta hurrengo hamarkadetan argazkigintzaren bilakaera bideratu zuen erreportajearen arloan. Agentzia horretan bertan lan egin zuten, besteak beste, R. Capa, E. Erwitt. H. Cartier-Bresson edo W. Eugene Smith argazkilariek, baina beste argazkilari askoren estiloan ere eragina izan zuten, esaterako, M. Alvarez Bravo, W. Eggleston edo R. Doisneau.

Berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran atzera pausu nabarmena eman zuen argazkigintzak telebista agertu zelako. Teknikoki argazkigintzak ordura arte dena lortu zuen, baita kolorea 1935. urteaz geroztik, baina telebistaren konpetentzia zela eta, helburuak, funtzioak eta bere lengoaia propioa aztertu behar izan zituen berriro ere. Nolabait esateko, bere barnera bildu behar izan zuen. Jada ez zen gertakarien lekukoa, eta horren ondorioz bere baitara bildu zen. Azken hamarkada horietan argazkilari ezagunenak honako hauek izan ziren: W. Evans, M. White, R. Frank, W. Klein, J. Gutmann, R. Avedon, I. Penn, C. Beaton eta D. Hamilton.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik aurrera argazkilari belaunaldi berria sortu zen. A. Katz Estatu Batuetan eta Bernd eta Hilla Becher bikotea Alemanian izan ziren horien buru. diziplina osoa birplanteatzen hasi ziren, begirada berri baten alde apostu eginez eta garaiko mugimendu artiskoen eragina jasoz -pop artea, arte minimalista, arte kontzeptuala, arte povera, lan art-. Paisaia edo erretratoa bezalako ohiko generoak aldarrikatzen zituzten baina postmodernitatearen kontzeptuaren eraginez garatutako perspektiba berri baten ikuspuntutik. T. Ruff, A. Gursky, C. Sherman, R. Mapplerton, A. Serrano, S. Neshat eta S. Salgado bera ere, begirada garaikide berri honen adibide izan daitezke.

XX. mendearen amaieran teknologia berria agertu da argakigintza ulertzeko eta erabiltzeko modua guztiz aldatu duena, bide berria eraikiz. Digitalizazioaren sorreraz ari gara. Argazkigintzak berezkoa zuen izaera dokumentala alde batera utzi baldin badu ere, beste arazo batzuk sortu dizkio, oraindik bideratu gabe dauden arazoak alegia. Teknologia digital berriek irudien erregistroan esku hartzeko aukera ematen dute, eta ondorioz, errealitatea eraldatzeko gaitasuna dute, irudiak manipulatu eta distorsionatu egin daitezke, argazkigintzak berezkoa duen errealismoa galdu gabe. Irudien objektibitatearen galerarekin, XXI. mendean egungo aroa argazkigintzaren ondorengo aroa bezala jotzen da, gainditutatzat ematen baita argazkigintza errealismoaren eredu bilakatzen zuen kontzeptua. Hala ere, jatorritik argazkigintzan irudiaren manipulazioa beti gertatu da, eta ondorioz, egungo argazkigintzak aurrez aurre dituen erronka berriak ez daude bakarrik prozedura mekanikoetara edo birtualitatearen kontzeptura lotutak, berezko irudira eta bere esanahira baizik.