Zinekoak

Kareletik

Anjel Lertxundik zuzendu zuen filma, 1987an, eta Irati Filmak etxeak produzitu. Horrela, eta Zergatik panpox, Ehun metro eta Hamaseigarrenean aidanez film ertainak egin ondoren, euskara zinemagintzan normal integratzeko beste ahalegin bat egin zuen Irati Filmak etxeak.

Filma, bada, euskara hutsez filmatu zen. Filmeko istorioa Orion jazotako egiazko gertakari batean dago oinarriturik. Arrantza eta kontrabandoa uztartzen dituen arrantzontzi bateko tripulazioan zentratzen da ekintza. Arrantzaleetako bat, Miel (Patxi Bisquert) beste lankide baten, Agustínen (Felipe Barandiarán) andregai ohiarekin maitemintzen da. Egundoko gorrotoa pizten da bi gizonen artean. Gau batean, itsaso zabalean, norbaitek kareletik egozten du Agustin. Ordutik, denek Miel jotzen dute errunduntzat, eta zurrumurruak eta susmoak hedatzen dira herrian. Zorionez, azkenean bizirik agertzen da Agustin, eta itsasoan bera hiltzen saiatu zen marinela salatzen du. Filmeko alderdi funtsezkoetako batek, trama beltzaren garapenak, huts egiten du obra osoan, zuzendariak sekula ez baitu lortzen suspense pixka bat ekartzea kontatzen ari den istoriora.

Giroen deskribapena, aldiz, aparta da, arrantzaleek itsaso zabalean duten bizimodua zehaztasun ikaragarriz agertzen baita. Interesgarria da, era berean, errugabea errudun bihurtzen duen esamesa- eta zurrumurru-giroaren erretratua. Imanol Uribek deskribatua zuen jadanik, La muerte de Mikel filmean. Baita Lertxundik berak ere, Hamaseigarrenean aidanezen. Herri batean ezkutuan den eta edonoiz indarkeria piztu dezakeen susmo txar giro itogarri hori euskal gizartean ezkutuan dagoen indarkeriaren metafora da, Lertxundiren iritzian. Azpimarragarria da, halaber, aktoreen interpretazio bikaina. Felipe Barandiaran, Lurdes Orube, Patxi Bisquert eta Mario Pardo ezin hobeto ari dira; baita Mikel Garmendia handia ere, Balantxas mozkorrarena egiten. Tamalez, filmak ez zuen kritikaren oniritzia jaso. Txarteldegian ere emaitza kaskarra izan zuen. Mikel Garmendiak, halere, sari bat jaso zuen Cartagenako Zinemaldian. Bestalde, filmak Fikzioko Zinemaren Lehen Saria eskuratu zuen Azoreetako "Do mar e das ilhas" Jaialdian.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 pp.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, núm. 3, 1999, 407 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.