Arkitektura

Andre Mariaren parrokia-eliza. Elexalde

Elexaldeko Andre Mariaren parrokia-eliza XVIII. mendearen hastapeneko eraikin barroko bat da, nahiz eta absidean aztarna erromaniko ugari dituen.

Nahiz eta tenplua, dokumentuen arabera, jadanik XI. mendean eraikita bazegoen ere, aipatutako baoa ez da XII. mendearen lehen erdialdearen aurrekoa. Eraikuntza osoan hori da pieza esanguratsuena, izan ere, gainerakoan zenbait elementu interesgarri ikus badaitezke ere, sarritan eraberritu da nahiko modu baldarrean. Oinplano luzeko nabe bakarra du, bi isurkin, oinean dorrea, atxikitako sakristia eta arkupe moderno bat. Aipatutako nabea lau ataletan dago banatua luneta-gangen eta arku eskartzanoz hornitutako parpainen bidez. Arku horiek mentsuletan sostengatzen dira. Gainera, eraikinaren goialdean zurezko koru eder bat lekutzen da. Estilo gotiko eta errenazentistako bao ugari nabarmentzen dira. Garrantzitsuena sarbide nagusia da, hegoaldean dagoena, zorroztua, dobela handiz eta inposta molduratuz hornitua. Dobela horietako batean aizkora bat ikus daiteke erliebean. Gainera, arkua sostengatzen duten harlanduetan gurutze bat antzematen da, eta ur bedeinkatu ontzi bat ere badago, ziurrenera, bao erromanikoaren garai berekoa. Badira beste bao gotiko batzuk ere: hiru, erdi-puntuko arkudunak, absidean; eta sarreraren gainean geminatu zorrotz bat, barnealdera begira. Beste sarbideak adobedun burualdea dauka, barrokoa da eta dorrearen azpian dago. Dorre horretan bi aro nahasten dira, azpialdea XVII. mendekoa eta goialdea modernoa (1910) baita.

Absidean lekutzen den bao erromanikoak aparteko aipamena merezi du, izan ere, oso gutxi dira Bizkaian garai hartako arrastoak. Itxura landugabe samarra dauka (ez du simetriarik islatzen). Litekeena da jatorrian bi bao ezberdinetakoak ziren bi erdi izatea gaur egun ikusten dena. Berreraikuntzaren ostean, bao horiek berraprobetxatu eta biekin bat egingo zen. Oso txaranbeldua da eta erdi-puntuko hiru arkiboltaz dago hornitua. Hauts-babesa sagarren eta soken irudiz dago apaindua, eta gainerako arkutxoetan sagar gehiago ikus daitezke. Fusteak landareen eta animalien motiboekin daude apainduak.

Erretaula nagusia estilo neogotikokoa da, XX. mendearen hastapenekoa. Erretaula hori behe erdi aroko formula gotikoak xehetasunez kopiatzen zituen estilistikaren adibide argia da. Funtsean, atikoak, predelak eta hiru kale eta atiko bateko bi gorputzek osatzen dute erretaula eta bertan San Blasen, San Juanen, San Andresen eta Kristo Gurutziltzatuaren irudiak ikus daitezke. Erretaularen alboetan bi tailu, bata Andre Mariarena eta bestea San Gabriel Arkanjeluarena. Parrokia-elizaren aldamenean dago Hilerria, inposta molduratuan sostengatutako erdi-puntuko arkudun portada neoklasikoa eta frontoi klasizista ageri dituena. Goialdean piramide formako pinakuluak eta gurutzea, guztia harlanduan.