Zornotzako Jasokundearen Andre Maria elizatearen parrokia-tenplua da eta, horrenbestez, udalerriko erlijio-eraikin garrantzitsuena. Harlandu oso fina ageri du. Nabe bakarra du eta burualde poligonala. Garai ezberdinetako elementu ugari (sakristia, arkupea, dorrea) baitaratzen dituen multzo bat osatzen du, guztiak bat egiten dutelarik bere altuera eta sendotasunagatik nabarmentzen den eraikin ederrean.
Kanpoaldetik perimetro osoan zehar luzatzen diren estribu jarraituen segida modura ikusten da, erlaitzaren altueran errematatuz. Estribu horiek burualdearen inguruan kapera bat gordetzen dute alde banatan. Arkupea (1849koa, inskripzioan adierazten denaren arabera) eraikinaren oinarrizko zatia (XVI. mendearen erdialdea eta XVII. mendearen erdialdera bitartean egindakoa) baino askoz ere geroagokoa da. Arkupe horrek aurrealdeko murru osoa zeharkatzen du eta alboetatik abiatzen da altuera ertainean. Horrela, paramentuetan zehar gaineratutako edozein elementuk duen kutsu latz eta hutsalarekin hausten du neurri batean. Arkupe hori nahiko soila bada ere, bere kutsu neoklasikoari esker (erdi-puntuko arku guztietan azpimarratzen diren pilastra, friso, giltzarri eta inpostekin), murruen zorroztasun jarraitua hautsi egiten da arinki. Dorrea da multzoaren simetria bertan behera uzten duen elementu bakarra. Dorre horrek aparteko bi zati ditu estiloari dagokionez. Hala, beheko gorputza gotiko berantiarra da, arku zorrotzeko sarrerak eta hartako bao konopialetako bik (horietako bat geminatua) erakusten duten moduan. Kanpandorrea, berriz, XVIII. mendearen amaierakoa, barrokoa da, eta oso anitza atalei dagokienez. Atal horietan, funtsean, kanpai-maila, kupula eta linterna ikus daitezke. Barnealdea tertzelete-gurutzeriaz dago estalia. Nabea bost ataletan banatzen da erdi-puntuko parpain-arkuen bidez. Horri burualdea gaineratu behar zaio. Bao guztiak erdi-puntukoak dira aurrealdeko murruan izan ezik, bertan idi-begi handi bat irekitzen baita. Hiru sarbide ditu. Bat oinean eta beste biak alboetan. Sarrera nagusia XVI. mendearen amaierako portada manierista baten adibide argia da, erdi-puntuko arkuarekin.
Arte higigarriari dagokionez, erretaula nagusia nabarmentzen da, XVIII. mendearen erdialdeko lan rokokoa. Erretaula hori bat dator presbiterioaren forma poligonalarekin eta estilo horri berez dagozkion ezaugarriak ditu. Oso traza hanpatua du eta urre-xaflaz hornitua dago hedadura osoan zehar. Erretaularen irudi esanguratsuena Ama Birjina titularrarena da, 1650 ingurukoa, aurrez elizako burualdea apaintzen zuen erretaulatik hartua. Gainera, predelaz, gorputz batez eta oskol erako atikoz osatzen den egituran bestelako irudi batzuk ikus daitezke, garrantzi gutxiagokoak, esate baterako, Santa Luzia, Santa Ageda, San Miguel Arkanjelua, San Pedro, San Rafael, San Pablo eta Aingeru Zaindaria, guztiak barroko berantiarrekoak. Nabean, era berean, garrantzi gutxiagoko beste erretaula barroko batzuk daude, esate baterako, San Joserena, Andre Maria Arrosariokoarena edo Atxiloketarena. Azpimarragarriak dira, halaber, sakristiako tiradera-altzaria eta Presbiterioko hesia, biak rokokoak, eta balio zenbatezina dutenak.
