Arkitektura

San Migel Parrokia. Badostain

San Miguel parrokia XIII. mendearen hastapenean Badostain herrian eraikitako tenplua da, eredu protogotikoei jarraiki. Izan ere, eraikitako eraikin zaharraren zenbait arrasto mantentzen dira. Dena den, lehen eraikuntza hura barrokoan eraldatu egin zen eta aldaketak gangan izan zuen eragina batez ere.

Oinplanoak nabe bat hartzen du, lau ataletan banatuta eta burualde lauz eta alboetako kaperaz hornitua. Kapera horiek gurutzaduraren parean daude, oinplano ezberdinekoak dira eta ertz-gangaz daude estalita. Nabea luneta-gangaz estaltzen da eta bi gingileko mentsulen gainean sostengatzen diren parpain zorrotzez dago sendotua. Mentsula horiek estalki protogotiko zaharraren lekukotza dira, burualdearen gainean altxatzen den kanoi zorrotzeko atalarekin batera.

Oinean arku eskartzanoa duen koru eraberritua altxatzen da, zurezko balaustradaz hornitua. Barnealdean guztia luzitua dago, parpain-arkuak eta mentsulak izan ezik, horietan harlandua ikus baitaiteke. Sakristia barrokoa da eta burualdera atxikita dago. Bi ataleko oinplanoa du, luneta-gangaz estalia.

Kanpoaldetik so, eliza desitxuratu samar ikusten da eta material aldetiko batasunik eza du ezaugarri. Portadak estilo erromaniko berantiarra du. Ertz biziko hiru arkiboltaz eta euri-babesaz hornitutako erdi-puntuko arkua dauka, palmetaz apaindua. Guztia kapitel lauko zutikoetan sostengatuta, muturretan izan ezik. Dorrea burualdearen gainetik altxatzen da, Ebanjelioaren aldean. Korupean dago bataiarria, fuste poligonala, forma bereko kapitelaz koroatua, eta tamaina handiko katilu galloidun bat dituena.

Hiru erretaula mantentzen dira, horietako bi alboetan. Erretaula nagusia burualdean dago lekutua. Ebanjelioren aldeko erretaula Andre Maria Arrosariokoari dago eskainia, barrokoa da, XVIII. mendekoa, eta San Isidroren, Andre Maria Arrosariokoaren eta San Antonioren tailuak ageri dira bertan, garaiko polikromia mantenduz. Atikoan, Santa jesarri bat ikus daiteke, errenazentista, XVI. mendearen bigarren herenekoa, Miguel de Espinalek egindako erretaula nagusiko eskulturarekin lot daitekeena.

Alboko beste erretaula, kaperan, Epistolaren aldean, kokatuta dagoena, Sortzez Garbiari dago eskainia eta traza manierista dauka, XVII. mendearen lehen erdialdekoa. Bertan San Jose eta San Frantzisko Asiskoaren tailu modernoak ikus daitezke. Halaber, Sortzez Garbiaren tailu erromanista (baina sarritan berriro pintatua) eta, atikoan, Andre Maria Arrosariokoa daude, Sortzez Garbiaren aurretiko estiloarekin azken hori.

Burualdea erretaula nagusi itzelak hartzen du, San Migueli eskainia, XVI. mendearen lehen hereneko eskultura espresiboa eta mendearen azken hereneko eskultura erromanista oso gertutik ezagutu zituen ( 1553-1590 bitartean egin zuen lan) Miguel de Espinal eskultoreak egindakoa. Erretaula horrela egituratzen da: predela, hiru kale eta bi kaleartez osatutako hiru gorputz, elkarren artean zutabe bidez bereiziak. Goran atiko sinple bat, erdiko kalean bermatzen den frontoi erdizirkular batek koroatua. Dekorazio-errepertorioa trantsizio-aro horri dagokio. Hala, biluzik dauden irudiak, Hermes, fruten girlandak, kartelak, motibo geometrikoak eta frisoetan kerubinak ikus daitezke. Bertako programa ikonografikoetan mukulu biribileko santu isolatuak jasotzen dira, horma-hobien barnean goi-erliebedunak. Predelean apostoluen erliebeak daude, hirunaka multzokaturik, tartean Hermes dagoela. Santu ugari bere tasunei esker ezagut daitezke. Gainera, pasiozko ikur ugari irudikatzen dira, eta baita Haurtxoa duen Ama Birjina ere. Erretaulan garaiko santutegia dago konponduta, traza ederrekoa. Polikromia oso belztua badago ere, jatorrizkoa da. Aipagarria da eskulturen gauzatze tekniko bikaina. Hala, San Miguelek konposizio dinamikoa erakusten du eta aurpegiera idealizatua duten eta buru-apaingarri konplexuak dituzten emakumezko irudi batzuk ere ikus daitezke, santu batzuen laztasun aszetikoarekin kontrajarrita.

Sakristiaren barnean bi eskultura mantentzen dira. XVII. mendearen hastapeneko Gurutziltzaketa erromanista bat, eta garai bereko Jesus haurtxo barroko bat, jantzia. Gainera, Ama Birjina jesarriaren tailu bat ere bazen, erromanikoa, baina dagoeneko ez da mantentzen.

Urregintzako tresneriari dagokionez, lau kaliza mantentzen dira. Horietako hiru zilarrezkoak. Zaharrena XVI. mendekoa da, nahiz eta XIX. mendean kopa bat gaineratu zitzaion. Bigarrenak XVIII. mendeko egitura barrokoa agertzen du. Hirugarren eta laugarren kalizak XIX. mendekoak dira. Zilarrezkoak zilargilearen LECUN/VERRI markak, Iruñearen PP bikoitza (Pamplona) eta 31 zenbakia (1831) ditu izkiriaturik. Halaber, bi krisma-ontzi sorta mantentzen dira, bat metal barrokokoa eta bestea zilar rokokokoa, berantiarragoa. Horrez gain, zilar urrekarako ekisaindu bat dago, 1800. urtekoa, traza barrokoa duena eta maisuaren AGUIN/AGALDE markak, Iruñearen PP bikoitza (Pamplona) eta 800 zenbakia dituena izkiriaturik.