Arkitektura

San Martin parrokia. Ardanaz de Izagaondoa

Ardanaz de Izagaondoako San Martin parrokia landa erromaniko berantiarreko elizen artean sar daiteke, izan ere, 1200. urteari dagozkion zenbait konposizio protogotiko barneratzen ditu. Ezaugarri horiek aldatu egin ziren XVI. mendean kaperak gaineratuta eta XVII. mendean portada eraiki eta dorrean hainbat konponketa (1625ean Miguel de Altuna eta Martin de Elduayenek egindakoak) eginda.

Tenpluak elkarren artean ezberdinak diren bost ataldun nabe bat dauka, burualde erdizirkularrekoa. Korua oinetan altxatzen da arku eskartzano batekin. Oinplano irregularreko sakristia bat absidearekin elkarlotzen da Epistolaren aldean.

Kanpoaldetik parrokiak ez du eraikuntza-batasun itxurarik, izan ere, hainbat konponketa egin dira bertan. Neurri batean, lan horietako asko agerian daude, esate baterako, kontrahormaz sendotutako silarri txikidun erdi aroko zenbait murru. Murru horien gainean zuburu lau zenbait kokatzen dira. Gainera, arkiboltaz eta hauts-babesaz hornitutako leiho erromaniko baten arrastoak ikus daitezke. Portada, XVII. mendekoa, erdi-puntuko arku bat da, diamantezko puntekin. Haren inguruan pilastra ildaskatuak podium eta friso doriko gainean eta, erremate modura, bazterretan bolak dituen hiruki formako frontoi bat. Guztia oso estetika puristaz.

Parrokiaren tresneria hiru erretaulak, urregintza-piezaz osatutako bilduma ez oso mardul batek eta bataiarri batek osatzen dute. Azken hori korupean dago eta XVI-XVII mendeen artekoa izan daiteke. Oina kono-enbor formakoa da, molduratua, eta haren gainean katilu erdi esferiko bat bermatzen da, azpialdean galloiak dituena.

Erretaula nagusia parrokiako titularrari, San Martini, dago eskainia eta Santa Katalinakoa (Ebanjelioaren aldeko kaperan kokatua) egin zen garaian eraiki zen maisu berdinen eskutik. Erretaulak traza oktogonala du eta, modu horretan, burualdeko zirkuluerdira egokitzen da. Elementu hauek ditu: hostotzaz apaindutako predela, hiru kale eta bi kalearte dituzten bi gorputz, bata horma-hobiz hornitua eta bestea arkitrabatua, eta oskol-atikoa. Programa ikonografikoa horrela osatzen da: mukulu biribileko eskulturak eta pintatutako mihiseak. Juan de San Miguel eskultoreak egin zituen 1703an San Anton, San Joan Bataiatzailea, San Juan Ebanjelaria eta Santa Barbararen mukulu zabar samarrak, kalearteetan daudenak, eta titularraren multzoarekin lotzen direnak. Bestelako jatorria dute San Jose eta San Frantzisko Xabierrekoaren estilo herrikoiko eskultura barrokoak, lehen gorputzeko alboko kaleetan daudenak. Atikoan mihise barrokoak daude, hondo ukituekin. Gainera, baten bat modernoagoren batekin dago ordezkatua. San Miguel, Gurutziltzaketa, Ama Birjina eta Aingeru Zaindaria irudikatuz. Santutegia erretaularen garai berekoa da eta horrela osatzen da: predela eta zutabe ildaskatuak dituen gorputz bat, erliebeduna (San Pedro, Berpiztua eta San Pablo). Santutegian muntatuta zegoen erakustokia desagertu egin da.

Santa Katalinaren erretaulak manierismoari zor zaion traza ageri du. Dena den, barroko kutsua duen dekorazio naturalistaz dago hornitua. Predelean San Pedro eta San Pabloren erliebeak irudikatzen dira, haien erdian Santa Katalina filosofoak nahasiz agertzen direlarik. Horma-hobian titularraren eskultura itzel bat gordetzen da. Kapera horretan bertan XVII. mendeko Gurutziltzaketa bat dago.

Azken erretaula hori Epistolaren aldean dago eta Ama Birjinari dago eskainia. 1560 inguruan egindakoa da, traza plateresko batekin. Erretaula hori horrela osatzen da: idulki txiki bat eta balaustrez bereizitako hiru kaledun bi gorputz. Kale horietan pintatutako oholtzak sakabanatzen dira, marko zuzena ageri dutenak, titularraren eskultura salbuetsita, hura horma-hobi batean baitago sartuta. Erretaulari masoneria eta amaierako ohola kendu zaizkio eta etxe batean gordetzen dira; lehen ordenakoa ez den pintore baten teknika erakusten du, adierazpen malenkoniatsua duten aurpegidun irudiak eta kanon luzatua islatuz.

Azkenik, urregintza-bildumari dagokionez, zilarrezko kaliza lau bat nabarmendu behar da, XVII. mendekoa, traza purista garatua duena. Bada beste kaliza bat, dagoeneko barrokokoa, XVIII. mendekoa, apaindurarik gabea, oinarriaren atzealdean Iruñeari dagokion P (Pamplona) koroatu bikoitza duena. Antzeko eskema dauka zilarrezko kopoi batek, marka bera duena, LA/RUNVE zilargileak egindakoa. Bildumako pieza zaharrena XVI. mendeko zilarrezko pixide bat da, hau da, kaxa txiki zilindriko lau bat, oinarrian egilearen marka duena, bereizten zaila.