Arkitektura

San Esteban Parrokia. Alzuza

Nafarroako landa guneetako tenpluetan ohikoa den moduan, Altzuzako honen jatorria Erdi Arokoa da, nahiz eta aurrerago hainbat konponketa egin diren bertan, hastapeneko fisonomia aldatzea eragin dutenak.

Oinplanoan nabe bakarra du, lau atal berdinetan banatuta. Azken atala burualdea da, estero zuzenean errematatua. Hirugarren atalaren parean kapera bat irekitzen da, Ebanjelioaren aldean. Murru horretan, era berean, murru barneko eskaileraren bolumena ikus daiteke, korura eta dorrera iristeko erabiltzen dena. Epistolaren aldean tenplura sartzeko atea dago, bigarren atalaren parean. Sakristia, berriz, buruhorman irekitzen da, eta oinplano karratuko gela bat da.

Murruak silarrixka eta silarrikoak dira, eta konponketa ezberdinak egin direla nabaritzen da horien estereotomia ezberdinetan. Bi leiho daude zulatuta, bata burualdeko murrura irekia, hegoaldetik, erdi-puntuko arkuan errematatua, eta bestea zuzena, oinetako murruan. Eremu berean koru bat altxatzen da, gerora egina, zurezkoa.

Erdi aroan nabea kanoi-gangaz estali zen, parpain-arkuz artikulatua. Arku horiek murruan ahokatutako mentsuletan eusten zioten indarrari. Haatik, aro barrokoan estaldura-sistema horren ordez egun dagoen luneta-gangen sistema ezarri zen, burualdera ere iristen dena, jatorrizko parpain-arkuen bidez ataletan bereizia.

Kanpoaldetik, dorrea nabeko lehen atalaren gainean altxatzen da. Oinplano angeluzuzena dauka eta fuste labur eta itsua, goran erdi-puntuko hutsuneekin errematatua. Hain zuzen, hutsune horietan daude kanpaiak. Epistolaren aldean harresi bat ikus daiteke, silarrizkoa, erdi-puntuko arku batekin irekia eta hiru eskailera-maila dituena sarbide gisa. Atea bera profil eskartzanoa duena deskarga-arku batek babestu du, eta erdi-puntuko arku erromanikoa dauka. Arku horren turuta-forma hiru arkibolta lauekin gainditzen da. Arkibolta horiek, era berean, beste hiru zutikotan zurkaizten dira, horiek ere dekorazio gabeak, nahiz eta moldura batekin dauden hornituta, kapitel korritu tankeran.

Presbiterioan erretaula nagusi barroko bat gailentzen da, San Esteban deitzekoa. Erretaula predel batek, hiru kaleko gorputz batek eta hegal itzelen arteko atiko batek osatzen dute, eta erremate modura, frontoi kurbatu hautsi bat. Ordena korintiarreko zutabe bidez artikulatzen da. Santutegia berreskuratua da, XVI. mendearen amaierako lan erromanista batetik ekarria. Ikonografiari dagokionez, hainbat tailu barroko aurki daitezke, esate baterako, San Pedrorena, San Esteban titularrarena eta Santa Barbararena. Horrez gain, atikoan gurutziltzaketa bat ageri da. Erremedioko Andre Mariaren tailua jatorrizkoaren kopia bat da, gotikoa, XIII. mendekoa eta izen bereko ermita batekoa, bertatik XX. mendeko 70eko hamarkadan lapurtu baitzuten. Eremu horren barnean murru barneko santutegi bat ikus dezakegu, burdinazko langaz itxitako arku konopial batekin.

Ebanjelioaren murruan San Frantzisko Xabierri eskainitako erretaula txiki bat aurki dezakegu, predel batez, binakako salomondar zutabedun gorputz batez eta hegal itzelen arteko atiko batez osatua. Titularraren tailua barrokoa da, XVII. mendekoa, eta atikoan Santa Luziaren erliebe bat dago. Korupean erdi aroko bataiarri bat dago, harroin zirkularra, fuste zilindro formako laburra eta kopa erdi esferiko galloiduna dituena.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, vol. III, C.A.N. 1982, pp. 46.
  • FERNÁNDEZ-LADREDA, Clara: Imaginería medieval mariana. Pamplona, Gobierno de Navarra, 1988, 342 or.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, IV* libk., Merindad de Sangüesa, Abaurrea Alta-Izalzu, Pamplona, Gobierno de Navarra, Arzobispado de Pamplona, Universidad de Navarra, 1989, 200-202 or.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Pamplona, C.A.N., 1983, 25 or.