Arkitektura

Jorge Oteiza-Fundazio Museoa. Alzuza

Altzuzan Oteiza eskultorearen Museo bat ireki zen, izan ere, artista eta haren emaztea 1975ean udalerriko etxetzar zahar abandonatu batean finkatu ziren, artistaren sormena ahalbidetzeko isolamendu bila. Jorge Oteiza (1908an Orion jaio eta 2003an Donostian zendua) XX. mendeko eskultore adierazgarrienetakoa izan zen. Haatik, saiakera-idazle, poeta eta, are, antropologo modura ere nabarmendu zen. Eskultore modura, bere estiloan espazioaren eta hutsunearen esperimentazioa eta eskulturaren desokupazioa dira nagusi.

Museoaren eraikina Francisco Saenz de Oiza arkitekto nafarrak (1918an Kasedan jaio eta 2000. urtean Madrilen hil zena) egin zuen, eta "Jorge Oteizaren ondarearen eta Saenz de Oizaren azken lekukotzaren behin betiko topaketa da, eskultura eta arkitektura garaikidean funtsezkoak izan ziren bi egile, lagunak eta lankideak hainbat proiektutan XX. mendearen erdialdetik". Arkitektoak kolore gorrixkako hormigoizko kubo erraldoi bat proiektatu zuen, gainetik kolore iluneko eta forma irregularreko hiru gorputz prismatikoz errematatua. Gorputz horiek argia hartu eta barnera igortzen dute. Horrela, aretoak argiztatzen dira eskultura-lanei protagonismoa ostu gabe. Saenz de Oizak aitortu zuenez, helburua edukitzaile arkitektonikoa "eskulturaz beteriko eskultura" bilaka ez zedila zen, hots, edukiontzi arkitektonikoak ez zezala eskultura-edukiaren garrantzia ezkutatu. Eraikina, barnetik Oteizak Arantzazuko monasterioko eskultura-lana egiteko baliatu zuen tunela irudikatu nahi du. Halaber, ia hogeita hamar urtez Oteizaren bizileku eta lanleku izandako etxebizitza barneratzen da, museoaren ernamuina baita, eskultoreak berak konfiguratua bizi zen artean.

Bilduma artistikoari dagokionez, 1690 eskultura, 800 marrazki, 2000 klera-proiektu eta egilearen liburutegi pertsonala, 5000 liburuxka inguruz osatua, jasotzen dira. Horrez gain, artistaren zenbait idatzi, bere hemeroteka zabala eta pertsonalki erabili zituen hainbat objektu jasotzen dira. Jasotako lan aniztasunari esker, eskultorearen sorkuntza-bilakaera irudika daiteke osorik, kutsu espresionistako bere lehen obrekin hasi eta, pixkanaka, figurazioa albo batera utzi eta espazioa hustu eta desokupatzeko prozesu ezagunera iritsi arte. Halaber, Arantzazuko lanerako egindako pieza eta zirriborroak aurki daitezke, eta baita forma geometrikoak hustea ondorio izan zuten formaren gaineko bere ikerketak ere, artistak eskultura-jarduna alboratzea ekarri zuen arteari eta bizitzari buruzko prozesu batean, izan ere, berak berretsi eta adierazi zuenez, "eskuetan eskulturarik gabe geratu nintzen". Museoko beste elementu garrantzitsu bat da Kleren Laborategi ezaguna. Bertan, egiaz, hainbat material aurki daitezke, esate baterako, papera, eskaiola, letoia, zura edo kortxoa. Egileak material horiek bere ikerketa artistikoetan sakontzeko baliatu zituen.