Arkitektura

San Saturnino eliza. Artaxoa

San Saturnino eliza Artaxoako Erdi Aroko "El Cerco" izeneko harresien barruan dagoen tenplua da, eta XIII. mendean eraiki zuten, estilo gotikoan. Gaztelu-elizaren itxura du, forma sinple eta funtzionalekin, Frantzian XIII. mende bukaeran eta hurrengo mendearen hasieran egiten zen modura.

Oinplanoan nabe bakarra du, altua eta zabala, eta bost ataletan banatua dago, gehi estuagoa eta baxuagoa den burualde pentagonala. Sakristia burualdeari itsatsita dago, Epistolaren aldean, eta hasiera batetan kartzela bezala erabili zuten oinplano karratuko gela txikia da. Nabe hau harroin eta kapitel poligonalak dituzten zutabeen gainean dauden gurutze gangekin estalita dago. Oinaldean, bestalde, arku beheratu batekin irekitzen den koru jasoa dago, XIII. mende bukaerakoa eta estilo gotikoan egina. Bi pilare sendoen gainean eraikia dago, eta koru-azpikoa gurutze ganga batekin estalita doa. Bitxia bada ere, koruko kapitel hauek apaindura figuratiboa dute, nabekoek ez bezala. Munstroez eta gizakiez osaturik dauden eszena ezberdinekin apainduak daude, horietako batzuk erlijiosoak eta Bibliatik hartuta.

Ebanjelioaren aldeko murruan tenplua eraiki zen garai bereko ate gotikoa dago, nahiz eta bere funtzio praktikoa aspaldin galdu zuen, Kristo Santuaren kapera neoklasikoa eraiki zen garaian hain zuzen ere. Arku zorrotz handi batekin irekitzen da, eta duen zeihartasun zabala baketonekin apainduriko bi arkiboltekin bideratu egiten da. Azpian fuste leuna eta landare-dekorazioa eta apaindura historiatua duten kapitelak dituzten zutabetxoak daude. Elizaren kanpoaldean harlanduzko murruen nagusitasuna sumatzen da, izaera trinko eta itsuarekin, batez ere gerora garatuko ziren eraikin gotiko arinekin konparatuz gero. Kontrahorma sendoek ere laguntzen dute sentsazio hori areagotzen, eta baoen gabeziak eta murruen indarrak gazteluaren itxura ematen diote tenpluari. Leiho bakarrak kontrahormen artean ikusten diren bao txikiak dira, eta kanpoalde osoan ikusten den apaindura garrantzitsuena eragin erromanikoa erakusten duen inposta bat da, animalien irudiekin eta landare-apaindurarekin tarteka dekoratuta. Burualdean ere kontrahorma sendoak daude horma-atalak bereiziz, eta hauen gainean bi leiho ikus daitezke, txikiak, zorrotzak eta gargola batzuekin apainduak.

Elizaren teilatua prestatua zegoen baita ere hiriko defentsa-sisteman parte hartzeko, adarbe terrazatu baten moduan, erronda-pasealeku batekin. Euriaren urak, gainera, bideratu egiten ziren teilatuan bertan dagoen hustubide batetara, eta kanpoko hormari itsatsitako pilare baten barrutik jaisten ziren, elizaren koruaren azpian dagoen ur-biltegi batetaraino. Ur hori erabili ahalko zen kanpoko etsairen batek hiria setiatuz gero, azpimarratuz, berriro ere, tenplu honek jokatzen zuen papera garrantzitsua Artaxoaren defentsa-sisteman.

Elizaren oinaldeko murruan sarrera nagusia dago, gotikoa eta XIII. mendeko azken herenean egina. Arku zorrotza darama, zeihartasuna landare-apaindura ugari daramaten hamabi arkiboltekin bideratzen delarik. Baketonak fuste leuna duten zutabetxoen gainean doaz. Tinpanoari dagokionez, eragin frantsesa erakusten duten motiboekin apainduta dago. San Saturnino elizaren santu titularra ikus daiteke, baita Nafarroako Joana I.a erregina eta haren senarra Frantziako Felipe "Ederra" erregea ere. Bigarren mailako bestelako motibo erlijiosoak ere agertzen dira, zurruntasun nabaria erakusten duten erliebeekin, landare-apaindura ere aurki daitekeelarik.

Aipamen berezia merezi dute barnealdean garai batetan zeuden horma-pinturek, gaur egun Iruñeko Nafarroako Museoan gordetzen diren arren. Gotikoak dira, eta bi garai ezberdinekoak. Zaharrenak 1300. urte ingurukoak dira, eta burualdearen erdiko atalean zeuden, Azken Epaiketaren gaia irudikatuz. Erdi-erdian gurutzea zeraman Pantokrator bat zegoen, eta Pasioaren sinboloak zeramatzaten aingeruak. Azpian San Pedro eta San Pablo agertzen ziren, Jerusalen Zerutarra irudikatzen zuten arkitektura batzuekin. Gertu eta eserita agertzen ziren gainerako apostoluak, Azken Epaiketan aholkularitza lana egiteko prest egongo balira bezala. Artaxoako lehen maisu honen obrek eragin frantsesa erakusten dute zalantzarik gabe, baita oroimen bizantziar bat ere, programa ikonografikoaren garapenean hain zuzen ere. Giza irudietan garai horretan ohikoa zen estilizazioa nabaritzen da, eta marrazki markatuarekin perfilatzen dira. Bigarren maisua Iruñeko Roke izenekoa da, eta 1340. urtean margotu zituen hemengo pinturak, inskripzio batek adierazten duen moduan. Kasu honetan San Saturninoren gorpuaren lekualdaketaren istorioa irudikatzen da eszena ezberdinetan.

Presbiterioan San Saturninoren erretaula nagusia ikus daiteke, Pierres eta Andres izeneko bi maisuk eginda, XVI. mendearen lehen laurdenean. Konposizio-eskema eta traza gotikoa du oraindik, apaindura gingildun batzuek eta pinakulu batzuek erakusten duten moduan. Bost kaleko hiru ataletan egituratua dago, erdiko kalea besteak baino zabalagoa delarik. Erdiko kale horren beheko tokian San Saturnino elizako santu titularraren eskultura dago, erretaularen garaian egina baina oso eraldatua hurrengo mendeetan. Zaharragoa eta interesgarriagoa da nitxo nagusian dagoen irudia, XIV. mendeko Amabirjinaren taila. Irudi gotikoa da, eta Amabirjina eserita agertzen da Haurrarekin. Anatomiaren ezagutza zehatza nabarmendu daiteke, baita arropen trataeran erakusten dituen tolestura naturalak. Polikromia, hala ere, kontserbazio-egoera txarrean dago, hurrengo mendeetan egin izan diren eraldaketa ezberdinengatik.

Aipatutako erretaula nagusi honetaz aparte, Artaxoako San Saturnino eliza honetan beste erretaula batzuk daude. Kristo Santuaren erretaula, adibidez, izen bereko kaperan aurki daiteke. XVII. mendekoa da jatorriz, neoklasizismoaren garaian eraldaketa sakonak egin zizkioten arren. Gorputz bakarrekoa da, fuste ildaskatua daramaten bi zutabeekin, eta erdian XVI. mende bukaerako Gurutziltzatu bat dago. Obra honetatik gertu Arrosarioko Andre Mariaren erretaula barrokoa dago, XVII. mende bukaerakoa kasu honetan. Bere trazak bankua du, eta honen gainean zutabe salomondarrak daramatzan gorputz bakar bat dago, gehi frontoi kurbatua eta irekia daraman atikoa. Irudi nagusia XVI. mendeko Amabirjinaren eskultura da, mukulu biribilekoa eta Errenazimendu garaikoa, nahiz eta bere forma eta kontzepzioan irudigintza gotikoaren eragina oraindik sumatu daitekeen. Elizaren barruan dagoen erretaulen serie luze honen azkeneko lana San Joan Bataiatzailearen erretaula da, XVII. mendearen bukaeran egina eta estilo barrokoan beraz. Erretaula honen traza lehen aipatu den eliza honetako Arrosarioko Andre Mariarenaren antzekoa da, eta hura bezala hau ere zutabe salomondarrekin egituratua dago. Erdian, San Joan Bataiatzailearen mukulu biribileko irudia dago, XVI. mendearen lehen laurdenean eta estilo erromanistan egina.

Elizaren deskribapena bukatu aurretik aipatu behar da, hasteko, koru jasoan dagoen aulkiteria, neoklasikoa, baita koru-azpikoan dagoen harrizko pontea, eliza eraiki zeneko garaikoa. Sakristian gordetzen dira zilargintza-lan gutxi batzuk ere. Hauen artean, adibidez, XVII. mendeko kaliz barrokoa aipa daiteke, baita zilarrezko erlikia-ontzi barroko bat eta XIX. mendeko kopoi bat, material berean egina.