Dantza

Kapela dantza

Gipuzkoako herri gehienetan ospatzen diren bai Jai Nagusietan bai bestelako jai egun askotan Gizon Dantza dantzatzea ohizkoa izaten da. Elizkizunaren ondoren, herriko gazte eta helduak bertako enparantzan biltzen dira antzinako erritual hau burutzeko asmoarekin. "Gizon Dantza" da Gipuzkoako enparantzetan dantzatzen den dantza sozialetatik garrantzitsuena.

Gizon Dantzan herriko gazteek eta gizon helduek eskutik helduta soka bat osatzen dute. Soka honetako aurreneko dantzariari "Aurreskua" eta azkeneko dantzariari "Atzeskua" deitzen zaie. Doinu ezberdinen laguntzarekin oso erritualizaturik dauden dantzak interpretatzen dituzte.

Hasteko, bi dantzari gidariek (Aurreskua eta Atzeskua) elkarren arteko desafio bat burutzen dute, Aurkez-Aurke dantza dantzatuz bakoitzak bere trebezia bestearen aurrean aurkeztuz.

Ondoren eta banaka irtenda dantzari bakoitzak alpargata edota eskua aldatzeko soinua zortzikoa dantzatzen dute, dantzari bakoitzak bere trebeziaren arabera koreografia ezberdina aurkezten duelarik.

Dantzari guztiak zortzikoa dantzatu ondoren, emakumeak dantzarazteko deialdia eta gonbidapena jasotzen dute andreen deitzeko soinua doinuaren laguntzarekin. Emakumeak banan bana aterako dituzte, aurrenekoa aurreskuarentzat, ondoren atzeskuarentzat eta ondoren gainontzeko dantzarientzat. Lehenengo emakumea aurreskuarengana hurbiltzen denean honek Erreberentzia edota Agurra dantzarekin agurtzen du, bigarren emakumea atzeskuarengana hurbiltzen denean era berdinean agurtua izango delarik.

Ondoren, eta gainontzeko emakumeak sartzen diren bitartean zortziko baten doinua jarraituz aurreskuak eta atzeskuak dantza pauso konbinazio desberdinekin zortziko ezberdinak dantzatzen dituzte, bakoitzaren trebeziaren arabera dantzatutako pausoak konplikatuagoak izango direlarik.

Emakume guztiak plazaratzen direnean, berriro ere aurreskua eta atzeskua plaza erdira irten eta Aurkez-Aurke dantza dantzatzen dute.

Azkenik eta borobil batean jarrita Fandango eta Arin-Arinak dantzatzen dira, ondoren, eta hamaiketakoa burutu ondoren, Karrika Dantza dantzatuz herriko kaleak eta tabernak igaroko dituzte.

Erritual hau bai gizonezkoek, jaien egun nagusienean, bai gazteek, beste egun batean, bai ezkondutako emakumeak (Andre Dantza) eta neskatilak (Neskatxena), hauek gehienetan jaien azkeneko egunean, ospatzen zuten.

Burdinolak zeuden herritan, ohizkoa izaten zen bertan lanean aritzen ziren olagizonen kofradiek Gizon Dantza dantzatzea. Berau Legazpin ere gertatzen zela uste da. Bertan, 18 "peaileak", burdinoletako ordezkariak, "Kapela Dantza" dantzatzen omen zuten. Dantzaren izenak dantzariek erabiltzen zuten kapelan (ustez aitzinean olagizonek erabiltzen zituzten kapelak) dauka jatorria.

Legazpin Kapela Dantza maiatzak 4an, Santikutz Egunaren hurrengo egunean, dantzatua izan ohi da (gaur egun data aldatu egin da), bezperan ospatzen den Gizon Dantzarekin ezberdintasun batzuk dituelarik:

  1. Kapela Dantzan edonork parte har dezake, Gizon dantzan aldiz dantzatzeko trebetasun handienak dutenak parte hartze dute.
  2. Gizon Dantzan Aurreskuak Erreberentzia dantzatu ondoren soka zubi batetik igaro behar da, horrela sokaren zentzua aldatzen da eta une honetan aurreskuarentzat atsegina ez den dantzari bat kaleratua izan daiteke. Atzeskuak erreberentzia dantzatu ondoren berriro zubi hau egiten da. Zubi hauek Kapela Dantzan ez dira burutzen, beraz dantzarien "boikotarik" ez da egoten.


Kapela Dantza 1930. hamarkadan desagertu egin zen. Baina garai horretako partaideen oroimenean iraun zuen eta azken urtetan dantza hau berreskuratzea lortu du Sustraiak Dantza Taldeak. 1996. urtean dantza hau berreskuratzen da, ordutik hainbat herritarrek dantza honetan parte hartu dutelarik.

Gaur egun burutzen den Kapela Dantzak aldaketatxo batzuk ditu, egungo egoerari egokitua dagoelarik. Hau dela eta, emakumeek gizonezkoen garrantzi berbera dute, gaur egun neska askok kapela buruan dutela dantzatzen baitute. Garai batean plazan orduak eta orduak igarotzen zituzten dantzatzen, aldiz gaur egun plazako emanaldia ordu batean amaitzen da. Urteetan maiatzaren 4an dantzatua izan da, baina, gaur egun, egunak Santikutz Jaietan izan duen garrantzia galdu duela eta lan eguna dela kontutan hartuta, Sustraiak Dantza Taldeak Kapela Dantza Mirandaola Egunaren bezperan, larunbatean, ospatzea erabaki du.

Hori bai, garai haietan bezala, plazako emanaldiaren ondoren kaleak eta tabernak zeharkatzen jarraitzen dute egun guztian zehar.