Arkitektura

Iruñeko Udaletxea

Erdi Aroan Iruñea lau hiribildutan banatua zegoen, Nabarreria, San Zernin, San Nikolas eta San Migel burguak alegia. Nabarreria gune zaharrena zen, jatorrizko hiri baskoia izan zelako, eta geroago hiri erromatarra bertan kokatu zutelako. Biztanleria bertako baskoiez osatua zegoen. San Zernin eta San Nikolas burguak beranduago sortu ziren, Erdi Aroan, eta Done Jakue bidearen itzalean hazi ziren, etorkin frankoez osatutako populazioarekin. San Migel burguari dagokionez, badirudi txikiagoa zela, eta Nabarreriaren hiri-hazkundeak irentsi omen zuen.

Burguen arteko harremanak txarrak izan ziren Erdi Aroan zehar. Denborarekin auzo bakoitzak bere harresi eta gotorlekuak eraiki zituen, eta haien arteko liskarrak etengabekoak izan ziren, erregetzari etengabeko arazoak sortaraziz. Azpimarratzekoa da 1276ko Burguen Gerra, non San Nikolas eta San Zernin auzoek aurre egin zioten Nabarreriari, baita suntsitu ere, Frantziatik etorritako armada baten laguntzarekin. Arazo hauek ekiditeko asmoz, Karlos III.ak Bateratasun Pribilegioa ezarri zuen 1423an, Iruñea hiri bakarra zela adieraziz, tarteko harresiak suntsituz eta erakunde, eraikin eta defentsa komunak sortuz.

Hiri berriak behar zuen udaletxea hiru burgu nagusien arteko eremu libre batetan eraiki zuten, gaurko Udaletxe Plaza dagoen tokian bertan, hain zuzen ere, historian zehar eraikin ezberdinak egon badira ere, guztiak toki berean altxatu direlako. Lehengo udaletxe hau eraikin gotikoa izan zen, eta interes artistiko handirik gabeko lana izan omen zen autore batzuen ustez. Obrak poliki garatu ziren, 1487an oraindik bukatu gabe zegoelako, eta lanak XVI. menderarte luzatu ziren.

XVIII. mendean jatorrizko udaletxe gotiko hura oso egoera txarrean zegoen, eta horregatik 1753 eta 1759 urteen artean fabrika berri bat altxatu zuten. Diseinu orokorra Juan Miguel de Goyeneta nafar arkitektoak burutu zuen, etxetzar barroko handi bat eraiki zuelarik. Udaletxe honen bi elementurik interesgarrienak aurrealdea eta barruko eskailera nagusia izan ziren. Eskailera Jose Marzal Tuterako maisuak egin zuen, eta lan dotore eta ederra izan zen, oso argitsua gainera, eskailera honen gainean kupula linternaduna zegoelako. Zoritxarrez, lan bikain hau ez da gaur egun arte iritsi, ikusiko dugun bezala.

Udaletxeko aurrealdea Jose Zay Lorda Iruñeko arkitektoak egin zuen. Erretaula baten egitura du, hiru kale eta hiru solairuekin, gehi atikoa. Kaleak antolatzen dira binaka doazen zutabe exentuekin, guztiak kajeamenduekin apaindutako plinto altuen gainean altxaturik. Inspirazio klasikoko ordenen gainjartze erromatarra erabili zen, beheko solairuan zutabe toskanoak paratuz, beste bi pisuetan jonikoak eta konposatuak diren bitartean. Solairuak entaulamenduen bitartez bereizten dira, metopa eta triglifoez osatua behekoa, eta mentsulekin beste biak. Balkoiek ere laguntzen dute aurrealdearen egitura ortogonala azpimarratzen, lehengo bi pisuetan burdinazko balaustradekin, atikoarena harriz egina dagoen bitartean.

Solairu bakoitzean hiru bao daude, atikoan izan ezik, bertan bakarra dago eta. Bao zuzenak dira, beheko pisuan izan ezik, bertan arku beheratuak ikus daitezkeelako alboko kaleetan, erdiko ate nagusian erdi puntuko arku handi bat dagoelarik. Eraikinaren apaindura sistema bao hauen inguruan biltzen da, landaretza eta arrokaia ugarirekin. Ate nagusiaren alboetan, azkenik, naturala baino tamaina handiagoko bi eskultura alegorikoak ikus daitezke, Udaleko politika gidatu behar duten bi bertuteak irudikatuz, Zuhurtasuna eta Justizia.

Esan bezala, aurrealdea Jose Zay Lordak diseinatu zuen. Hala ere, bere proiektua ez zen erabat errespetatu, eta atikoaren egitura Juan Jose Catalanek eraldatu zuen, Jose Jimenezen eskulturak ere erantsi zirelarik. Atikoak frontoi hautsi baten itxura du, kiribildura handiekin bi izkinetan, eta bakoitzaren gainean mazoa daraman Herkules batekin. Erdiko kaleari dagokion zatian, kajeamenduekin apainduriko pilastren gaineko frontoi handi bat dago. Frontoiaren barruan hiriko erloju ofiziala dago, baita atikoan irekitzen den bao bakarra ere. Frontoiaren erpinaren gainean Ospearen eskultura alegorikoa ikus daiteke, tronpeta jotzen, eta haren ondoan bi kanpai eta Nafarroako eta Iruñeko armarri polikromatuak daramatzaten bi lehoi.

Orokorrean, esan dezakegu aurrealde hau lan dotore eta fina dela, oso ongi antolatutako elementuekin. Barrokoa da neurri handi batetan, nahiz eta errokoko estiloari dagokion dekorazioa erabili zen, eta elementu klasiko batzuk ere ikus daitezke, hala nola zutabeak eta entaulamenduak. Autore batzuk, hala ere, azpimarratu dute atikoa eta gainontzeko solairuen artean dagoen harmonia falta, baina hau, esan bezala, ez da Zay Lorda maisuaren diseinuaren akatsa, baizik eta aipatutako gertaera historikoen ondorioa.

Udaletxe barrokoak bi mendez iraun zuen, eta 1951an, eraikinaren kontserbazio maila eskasagatik eta hiriaren hazkundeagatik, beste fabrika handiago bat altxatzea erabaki zen. Honetarako, udaletxearen atzealdean dagoen Santo Domingo plazari zati handi bat kendu zitzaion. Obrak Jose Yarnoz Orcoyen zuzendu zituen, eta 1953rako bukatu ziren. Modu honetan, lehen esan dugun bezala, lehengo eskailera barroko dotorea desagertu zen, baina Yarnozen eraikin berria Zay Lordak eginiko aurrealdeari erantsi zitzaion zorionez.

Udaletxearen barruan bestelako obra artistiko garrantzitsuak ikus daitezke. Gaurko eskailera nagusian, adibidez, 12 mihise daude, 1512tik aurrerako Espainiako erregeak irudikatuz. Nafarroako erregeak bezala agertzen dira, Nafarroako ordinalarekin beraz, eta Diego Díaz del Valle Cascanteko margolariak egin zituen, 1797an. Harrera-gelan Madrilgo eskolako autore batek egindako San Ferminen mihisea dago, XVII. mendekoa, eta Espainiako Isabel II.a erreginaren eta haren senarra Francisco de Asísen erretratoak, XIX. mendekoak. Gela honetan ere ikus daitezke XIX. mende bukaeran Salustiano Asenjo nafarrak margotutako hiru musikari garrantzitsuen erretratuak, Julián Gayarre, Pablo Sarasate eta Hilarión Eslava. Beste gela, pasabide eta bulegoetan aurkitu ditzakegu obra ezberdinak, hala nola José Jiménez Dososo Madrilgo pintoreak 1687an egindako San Ferminen mihisea, Inocencio García Asarta nafarrak 1907an egindako bi historia-koadroak edota Jose Maria. Ascuncek 1972an margotutako Iruñeko bista bat.

Zilargintzari dagokionez, udaletxeko kaperan ikus daitezke obra batzuk, hala nola San Ferminen, San Severoren eta Xabierko San Frantziskoren erlikiontziak. Aipatuko ditugu, azkenik, zilarrezko hiru mazoak, Ignacio Iriarte zilarginak egina 1805an, edota 1954an Udalak erositako bolizko Kalbarioa.