Pintoreak

Garcia Asarta, Inocencio

Margolari nafar hau Gastiainen jaio zen 1862ko abenduaren 28an, eta Bilbon hil, 1921eko ekainaren 6an.

Gasteizen egin zituen ikasketak. Hogei urte zituela, Erromara joan zen ikasketak hedatzera eta, bizirauteko, mundu osoko pintura-maisu ospetsuenen kopiak margotu eta saldu behar izan zituen, hala nola Miguel Angel eta Caravaggio. Nafarroako Foru Aldundiak beka bat eman zion 1883an.

1890an Parisera joan zen, Jules Lefevre, Boujereau eta Robert Fleury margolari eta maisu famatuen eskutik ikasteko. Bost urte beranduago, 1895ean, erakusketa interesgarria egin zuen Frantziako hiriburuko Sulberberg arte-galerietan, arrakastatsua izan zena.

1896an, Madrilera joan zen, Pradoko Museoan urtebetez lan egiteko. 1897, 1899, 1904 eta 1906 urteetan, Arte Ederren Erakusketa Nazionaletan parte hartu zuen, Madrilen. 1917an, obretako batzuk aurkeztu zituen Bilboko Euskal Artisten Erakusketan.

Garcia Asartaren obra bi garaitan bana daiteke, eta lan egin zueneko hiriburuek banaketa horretan eragin nabarmena dute. Batetik, Erromari lotutako ikasketa fasea dugu. Aro horretan, akademizismo tradizionalari nabarmen lotzen zaio, eta pintura kostunbristara eta historikora gerturatzen da. Beranduago berriz, Parisen dagoeneko, pintura-lengoaia berritzaileago batera gerturatu zen, baina mihisearen ikuspegi tradizionala begi bistatik galdu gabe. Bigarren garai horretan, hau da, 1900 urtetik hil zen arte, margolaria Bilbon lekutu zen, eta erretratuak egiten zituen bereziki.

Hona hemen erretratu aipagarrienetako batzuk:

  1. Evaristo Churruca,
  2. Maximo Aguirre,
  3. Pablo Garcia Ogara,
  4. Sabino Arana,
  5. Estanislao de Aranzadi,
  6. Luis Usobiaga,
  7. Jose Antonio Arechavala,
  8. Graciano Diaz,
  9. Arambarri,
  10. Gandarias,
  11. Meñana eta Mi prima Petra.

Askotariko koadroak:

  1. Costas de Ondarroa,
  2. Convalecencia,
  3. Sardineras vascongadas,
  4. Idilio en la playa,
  5. El hogar pescador,
  6. Noticias de Cuba,
  7. Ulises atraido por las sirenas,
  8. Apunte en la plaza de Oriente,
  9. Cercanías de mi pueblo,
  10. Paisaje de Estella,
  11. La hora de la siesta en la sierra de Urbasa,
  12. La consulta con el vigia,
  13. Mar Cantabrico,
  14. Un rincon en la sierra de Urbasa,
  15. Los llanos de Estella,
  16. Una aldeana de las Amescoas.