Dantza

Jauziak edo Iautziak

Izenak berak dantzaren nolakoa den dioskula, Euskal Herriaren eskualde kontinentaleko dantzarik bada, beste ororen gainetik, jauziak dira horiek, hau da, Nafarroa Behera Luzaide barne eta Lapurdi eta Zuberoako dantza da, Biarnoraino ere iritsi delarik. Luzaiden dantza-jauzi gisa ere ezagutzen dira.

Zirkuluan egiten den dantza dugu. Dantzariaren jarrera serioa eta arretatsua izan ohi da, gorputz-enborra zuzen baina zurruntasunik gabe, besoak soinarekiko paralelo baina itsatsita eraman gabe dituela. Zangoak dira, oinak zehazkiago, mugimendua jartzen dutenak. Dantza zirkularrek osatutako multzoaren barruan, jauziak definitzerakoan, erlojuko orratzen kontrako noranzkoan dantzatzen diren dantzak direla esan ei da eta halaxe dira hastapenean edo kasu gehienetan. Baina jauziek berezko dauzkaten bilakaera eta simetriari begiraturik, erraz ikusten da norabide batean egiten diren urratsak kontrako norabidean desegiten direla gerora (nahiz eta honela oso gutxitan gertatu modu erregularrean). Badira arauak urratsen kateatzea errazteko, izan ere, urrats guztiak eskuineko oinarekin hasten baitira erlojuko orratzen kontrako norabidean dantzatzen denean eta ezkerrekoarekin kontrako norabidean joaten denean. Hau da, zirkuluaren erditik begiratuz gero, kanpoko oinarekin beti. Urrats guztiak amaitzerakoan gorputza barruko oinaren gainean jarri ohi da kanpoaldekoa apur batean atzeraturik Nafarroa Beheran , honetara, hurrengo pausuari ekiterakoan, lehendabiziko araua errespetatzen laguntzen delarik. Pausu ezberdinetan (erdizka, ezker, eskuin, ebats) egiten diren bira guztiak, dantzaren norabidea aldatzeko baliatutakoak, zirkuluaren barrurantz egiten dira.

Dozena eta erdi urrats ezberdin, unitate motor beraren gainean artikulaturik, zein bere izenaz, era askotara baina ausazkorik gabe konbinaturik, dira egun ezagutzen diren hamaika jauzi-dantzak, edozein festa bereziren zioz, Bestaberri (Gorpuzti-eguna) edo inauteriak esaterako, dantzatzen direlarik. Urratsak behar bezala eta egokiro kateatu besterik ez da egin behar. Hala ere, litezkeen konbinazio guztiak aintzat hartuta, zaila da oso dantza ezagunak eta hauen aldaerak oroitzea. Zortzi eta hamasei konpasetako esaldi erregularretan banatutako segidak direnez, esaldi bererako urrats-konbinazio ezberdinak egin daitezke doiketa egokiaz. Hori dela eta, aldaerak suertatu ohi dira, are gehiago zabalkunde gehien dutenen artean. Hortik dator, hain zuzen, aditu batek dantzariei datozen urratsen berri emateko beharra. Abisu hauez baliaturik, apur bat ikasi duen edonork erraz egin ahal du edozein jauzi, urratsen segidak oroitu beharrik gabe, sarri oso luzeak. Alabaina, dantza gozagarriagoa da egin beharreko urratsak buruan direlarik, adi eta erne egoteko beharraz liberatuta. Dantzari frankok buruz dakite hainbat jauzi. Gizarte-inguruaren ikuspuntutik, jauzien menperatzea dantzari gaztearen dohain eta gaitasunaren lekuko izan ei da eta komunitatearekiko kokapena areagotzen da. Eskualdearen arabera, dantzaren estiloa nabarmen aldatzen da, nahiz urrats berak diren. Izenekin hasi eta hauen bilakaera zein ildo melodikoak bat datoz, zenbaitetan, Baztango mutil-dantzekin.

Urratsen izenak egin beharreko mugimenduari dagozkio: aitzina (aurrera), erdizka, zotez (jauzi edo zote Luzaiden), dobla, lau urrats, pika, pika ezker, pika eskuin, erdizka eta hiru, ebats, luze eta ebats, kontrapasa, zeina, ezker-hiru, eskuin-hiru, ezker airean, ebats eta hiru, otez eta hiru (zote eta hiru).

Luzaiden, pauso komunei jo, jauzi, zeina, aitzina, erdizka, zote, dobla, dobla eta hiru, lau urrats, pika -pika ezker, pika eskuin-, erdizka eta hiru, ebats, luze eta ebats, antrexatak, kontrapasak, ezker-hiru, eskuin-hiru, ezker airean, ebats eta hiru, zote eta hiru, antrexatak kurri deitzen zaie. Ikus bedi, esaterako, Muxikoak dantza zinez herrikoia osatzen duen sorta, Miguel Angel Sagasetak Luzaiden jasotako erregistroaren arabera:

  1. Aintzina (bis)
  2. Erdizka, dobla, erdizka ta hiru (bis)
  3. Erdizka, dobla ta hiru, erdizka (bis)
  4. Erdizka lauetan
  5. Zote, erdizka, dobla, erdizka
  6. Ezker, erdizka
  7. Lau hurrats (bis)
  8. Pika, erdizka, pika, erdizka (bis)
  9. Pika eta ezker, pika, erdizka (bis)
  10. Erdizka, dobla, erdizka ta hiru (bis)
  11. Erdizka lauetan
  12. Zote, erdizka, dobla, erdizka
  13. Erdizka, dobla, erdizka (bis)
  14. Erdizka lauetan
  15. Zote, erdizka, dobla, erdizka
  16. Erdizka lauetan
  17. Zote ta hiru, erdizka, dobla, erdizka (bis)
  18. Erdizka lauetan
  19. Zote, zote, zote ta hiru, erdizka, dobla ta hiru, erdizka, zote
  20. Segida:
  21. Erdizka lauetan
  22. zote, erdizka, dobla, eskuin, ezker, erdizka
  23. zote, erdizka, dobla, eskuin, ezker, antrexatak eta fini.

Jauzien katalogoa berrogeita hamar dantzatatik gorakoa da. Egia da guztiak ez direla herri guztietan dantzatzen. Bakan batzuek baino ez dute zabalkunde handia eta sarri askotan komunitate askotan zein bere dantza dute, zeinek bere izenaz deituta. XIX. mendearen amaieran, jauzien bildumak argitaratu ziren, gaur egun arte bizirik iraun dutenak. Doinuak bitarrak dira eta luzera oso anitza. Jauzi nagusi edo handienetako batzuk hirurehun konpasetatik gora iristen dira eta beste batzuk, ostera, hamasei segidatakoak besterik ez dira. Aldi berean, konpas-kopuru ezberdineko esaldiak edo barruko elkartzeak ere gertatzen dira (hiru, lau, bost eta hamabi edo hamalau arte). Erritmoa bizia da 90 eta 100 bitarteko zuriaren balioaren araberako abiaduraz, azken garai hauetan abiadura handiagotzerik sumatzen den arren. Era honetako fenomenoa ohikoa da dantza herrikoietan hiri-inguruetara hurbilduta, musikariei eta musika-tresna berriei leporatu ohi zaiona.

Esan daiteke jauzien zerrenda zabalean badirela batzuk gehiago zabaldu direnak, beste batzuk, izenari men eginez gero, herriren batekoak diren bitartean. Bada sorrera berrikorik ere. Hona hemen jauzi dantzatuenak: Muxikoak, seguruenera ezagunena eta eskualdeko instrumentista guztien errepertoriumetan dena, hain da honela ezen batzuek desegokiro muxiko baiteritzote jauzien generoari. Bere doinuak antza du Baztango izen bereko mutil-dantzarekin. Lapurtar motxak, Lakartarrak eta Ahuntza, ohiturak batu duen hirukotea, dantza bakarra bailitzen jo ohi dena. Buruz dantzatzeko zailenetakotzat hartu izan da. Eskualde osoan da ezaguna eta, agian honegatik, sortu dira egun diren hamaika aldaerak. Alabaina, zabalduen eta ezagunenak, laburrak eta errazak direlako, dira Hegi, Ostalerrak, Marianak, Katalana eta, batez ere, Zazpi jauziak, euskal geografia osoan milaka jarraitzaile dituena. Marianak era Aitzina pika izenaz ere ezagutzen dira, berori baita dantzaren lehendabiziko urratsa. Xibandiarrak, luze eta ederrenetakoa da, anitza delako oso urrats eta erritmoetan, gainbeheran zihoan eta Miguel Ángel Sagasetak jaso zuen Aldats baserriko Juan eta José Miguel Luro anaien eskutik. Aipatutakoez gain, Lapurtarrak edo Baztandarrak, Millafrangarrak, Ainhoarrak, Moneindarrak eta Azkaindarrak ere aipa daitezke, azken honek, tonu txikiko doinu lasaikoak, zenbait bertsio diskografiko dituela.

Jauziak gizonezkoen dantza ziren, emanaldi publikoetan bederen, emakumezko askok, ordea, jakin bazekiten dantzatzen eta seme edo nebei irakasten zieten, bai eta haiek berek eremu pribatuetan dantzatu ere. Hala ere, XX. mendeko hirurogeita hamargarren urteetara arte ez ziren publikoki dantzatu; populazio gehienak, oraindik ere, dantzatzeari pentsaezina zeritzolarik.

Jauzietan hamaika dira agertzen diren estilo edo dantzatzeko erak. Denboran eta espazioan izan duen iraupenak sustatu egin ditu egun dituen adierazpide guztiak, dantza bizia baita, adierazpideok dantzariak beste direlarik. Nafarroa Beherako edozein herritako Gorpuzti-eguneko bestan eta izan beharreko ekitaldi zeremonialak izan ondoren, berez, jauzien dantzatzeko sortzen den biribilak estilo eta adin guztietako lagina eskaini ohi du. Nafarroa Beherean bitariko sailkapena egiten da oinarrizko formari begira: batetik, pausoka dantzatutakoak, oinak zorua laztantzen ibiltzen direnean, gorputzaren higidurari dohain berezia emanik; eta airetiko jauziak, antrexata asko eginik, askoz ere indar handiagoa eskatzen dutenak, gorputzak grabitatearen legea ahazten duela dirudielarik. Beste atal batean kokatu beharrekoak lirateke jauzi zuberotarrak, Zuberoako dantza ezin ezagunago eta itzulinguru ugarikoak bilakatu direnak.

Jauzian nabarmentzekoa da dantzariaren jarrera, beren baitan bildurik egoten baitira, gorputza zurrun, burua arin alderaturik eta begirada biribilean harrapatuta. Dantzariaren barne gozamena pausoak zehatz eta egoki eginda lortzen da eta, aldi berean, biribilaren talde-harmonian partaide sentituz. Jauzien dantzan aritutako dantzariek, festaren festan egon arren, agertzen duten gogo-aldarte barrenkoi eta serioak argiro adierazten du, biribilean dantzatzeko era zahar eta oinarrizko honi egozten zaion naturaz gaindiko izaera.

Txirula eta ttunttuna dira jauziak dantzatzeko baliatzen diren instrumentuak, hiru zulodun flauta zaharrarekin bat egin edo berori ordezkatu duten instrumentu berriak gehitu diren arte.