Erakundeak

UZEI Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea

Donostian kokaturiko irabazi-asmorik gabeko elkartea da. 1977 urtean euskara berritu eta mundu modernora egokitzeko helburuarekin sortu zen, edozein hiztunek edozein lan-eremutan egokitasunez eta zehaztasunez erabil dezan.

Bazkidez osatutako elkartea da eta pertsona fisiko nahiz juridikoak izan daitezke bazkide.

1986 urtean EUSKALTERM terminologia-bankua sortu zen, urtetan egindako hiztegi terminologiko guztiak batuz.

1987an Eusko Jaurlaritzaren Babespeko Elkarte bihurtu zen hizkuntza-plangintzako ikerlanean aritzeko. 1989an aldiz, Eusko Jaurlaritzak, hizkuntzaren ikerketan eskaintzen dituen zerbitzuengatik eta Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorreko lanak sustatzen dituelako, onura publikoko aitorpena eman zion.

Helburu nagusia euskararen ikerketa eta sustapenean datza. Hauek dira UZEIren jarduera-lerro nagusiak:

  1. Hiztegi Orokorra: UZEIko Lexikografia Sailak Euskaltzaindiaren Hiztegi Baturako ikerketa-lana egiten du, beste hiztegi osagarriak, Sinonimoen Hiztegia adibidez, lantzen dituelarik .
  2. Corpusgintza: euskarazko testu-corpusen diseinuan, egituratzean eta lematizazioan aitzindaria da UZEI.
  3. Hiztegi teknikoak: hasiera batetik dihardu hiztegigintzan, hiztegiak EUSKALTERM banku terminologiko publikoan integratzen direlarik. Era berean, UZEI, terminologiaren normalkuntzarako erabakiak hartzen dituen Eusko Jaurlaritzaren Terminologia Batzordeko kide da.
  4. Itzulpengintza teknikoa: arlo berezietako itzulpen eta lokalizazioak ere egiten ditu, besteak beste informatikan, medikuntzan, zuzenbidean, arkitekturan eta enpresa-kudeaketan.
  5. Trebakuntza: bere lanaren hedapenari garrantzia ematen dionez, jardunaldiak eta kongresuak antolatzeaz gain, trebakuntza eskaintzen du bere ezagutza-esparrutan, unibertsitatean eta graduondokoetan ere.
  6. Hizkuntza-teknologiak: Innobasqueko kide da eta bere ezagutza-esparruetan (terminologian eta lexikografian) hainbat ikerketa-lerro ditu irekiak.

Elkarte honen egitasmo nagusiak honako hauek dira:

  1. Hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia duten balio erantsiko zerbitzuak eskainiz Euskararen normalizazio linguistikoaren alde lan egitea. Euskararen ikerketan, normalizazioan eta hedapenean diharduten erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea, euskara, kultura nahiz goi-mailako zientzien beharretara moldatu eta egokitu ahal izateko.
  2. Euskararen barnean, xede berezietako hizkeren finkapena eta hedapena sustatu nahi du. Irizpide lexikografikoak eta terminologikoak finkatuz, euskararekin zerikusia duten hiztegi nahiz lan terminologiko eta lexikografikoak burutu. Euskal Herriko proiektu terminologikoen aholkularitza eta koordinazioa egin.
  3. Euskal lexikoaren eboluzioa etengabe aztertzea, euskararen lexikoaren corpusa bildu eta ikertuz.
  4. Hizkuntza naturala prozesatzeko proiektuetan parte hartu eta hizkuntzalaritza aplikatuaren arloan ikerketak bultzatu eta indartzea. Informatika eta telekomunikazioen arloko teknologia berriez baliatuz hizkuntzalaritzari aplikatutako ikerketa-lerro desberdinen baitan, difusio-sistema modernoak bultzatzea.
  5. Datu-banku terminologikoa eta Datu-base lexikografikoaren antolaketa nahiz mantenimendua eramatea. Lexikografiari eta terminologiari buruzko biltzarretan eta jardunaldietan parte hartzea eta gaiaren inguruan ikastaroak antolatzea. Kontsulta telematikoaren zerbitzuak ere sortu eta mantentzea.
  6. Euskararen moldatze-lanak burutzea, bai bertan testu originalak sortuz eta baita itzulpenak egiten ere.
  7. Unibertsitateekin eta hizkuntzaren arloan ikerketa egiten duten beste erakundeekin harreman kulturalak izan eta lankidetza-hitzarmenak egitea.
  8. Bekadunak prestatu eta ikerketa-proiektuetan sartzeko aukera ematea.

UZEIk euskara munduarekin zerikusia duten erakunde ezberdinekin lankidetza-hitzarmenak ditu (Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskaltzaindia, UPV/EHU, etab.). Hauetaz gain, babesa emandako beste zenbait erakunderekin ere harreman sendoa mantentzen du (Euskadiko Kutxa, Gipuzkoa Donostia Kutxa eta Euskal Fundazioa).

Nazioarteko beste erakunde batzuen kide da, hala nola AETER, EAFT, ELRA, etab. Eta hainbat terminologia-erakunderekin harremanetan eta lanean dihardu (IULA, TermCat, etab.).