Musika taldeak

Azala

Musika taldea.

Donostiako Argia dantza taldean (1966-1971), Euskal soinu-tresnen "Sustraiak" (1971-1974) eta Donostiako Txantxangorri (1973-1980) taldeetan ibili ondoren, 1981ean Juan Mari Beltran musikariak AZALA taldea sortu zuen.

Talde hau euskal herri-musika eta euskal herri soinu-tresnak jorratzeko eta zabaltzeko helburuarekin sortu zen. Garrantzia handia ematen zion euskal herri musikan erabiliak izan ziren eta oraindik erabiltzen ziren berezko euskal soinu-tresnei. Baita ere euskal herri-dantzez eta herri abestiz osatutako errepertorio aberatsari, aurreko euskal herri-musika biltzaileek (bereziki R. M. Azkue eta Aita Donostia) idatzitako kantutegietan argitaratutakoa eta zuzenean bildutakoa.

Bere estilo edo joera, bere partikulartasuna izan da ere, garai horretan oso zabaldua zegoen "folk" estilo barnean kokatzen zen.

Taldea Txantxangorri txarangako musikari batzuekin osatu zen. Horrela, hasierako formazioan bost hauek ziren Txantxangorri txarangatik etorritakoak:

Juan Mari Beltran: txistua, alboka, txirula, dultzaina, klarinetea ..., Marta Cocho: Akordeoia eta flauta, Karlos Garaialde: Klarinetea, Iñaki Larramendi Goñi "Peke": Bonbardinoa, Juan Mari Egaña: Perkusioa. Eta hauekin batera Tere Cocho: biolina. Talde honek 1981eko uztailaren 2an Bilboko Santiago Plazan eman zuen bere lehen kontzertua.

Segidan taldeko partaideen aldaketa batzuk eman ziren eta musikari berriak agertu ziren: Isabel Beasain abeslaria, Asier Carrasco Biolin jolea, Koro Andonegi akordeoilaria eta Ana Martin Somokurzio abeslari eta gitarra jolea.

Azala taldea Donostiako Konstituzio plazan

Azala taldea Donostiako Konstituzio plazan, 1981 (Arg. J. M. Beltran).

Ikusten denez, talde honen helburuan euskal herri musikaren alderdi asko kontuan hartzen ziren: soinu-tresnen hotsak eta errepertorioak, kantutegiaren estilo, inguru, giro eta mota ezberdinetako kantak eta herri-dantzak eta Euskal Herriko eskualdeak.

Azala taldea Euskal Herriko herri askotan eta mota askotako ekitaldietan ibili zen bere musika eskaintzen: Donostiako Nazioarteko Folk Topaketak, Kilometroak, Nafarroa oinez, Ibilaldia, Korrika ... Euskal Herritik kanpo egindakoen artean aipagarria da 1982an Vilanova i la Geltru-ko "2 Festival Internacional Musica Popular Tradicional" jaialdian izan zuten parte hartze arrakastatsua.

Azala taldearekin Katalunian

Azala taldearekin Kataluniako Vilanova y la Geltrun, 1982ko nazioarteko jaialdian. (Arg. J. M. Beltran).

1983an grabatu zuten Azala tituluarekin lehen diskoa (IZ-184). Bertan agertzen den errepertorioak argi eta garbi adierazten du zein zen taldearen izpiritua eta helburua:

1.- Mutil txaleko gorri, Bizkaiko herri kantua albokarekin. 2.- Trokeaus, dultzanarekin jotzen den Arabako herri dantza. 3.- Ala baita, Oiartzungo herri abestia. 4.- Bedaioko ingurutxoa, Bedaiko txistularia zen J. Antonio Sarasolari ikasia. 5. - Aita eta ama, Zuberoko abestia ahotsez eta xirulaz. 6.- Mazurka, M. A. Sagasetaren liburutik hartutako Luzaideko dantza. 7.- Dultziñeruak, Azkoitiko Montte baserriko dultzaineroi ikasitako martxa. 8. - Neure senar, Lantz herrian Azkuek hartutako dantza abestua. 9.- Kadrile, Mauleko "Copen" xirulariari hartutakoa. 10.- Iurretakoa, Azkuek Iurretan hartutako alboka errepertorioko kanta. 11.- Horko bidea, Baraibarko doinu zahar bat Gabriel Aresti poetaren hitz berriekin. 12.- Arantzako neska dantza eta mutil dantza, Arantzako txistularien errepertoriokoak.

Azala tituludunen diskoa

Azala tituludunen diskoa (1983).

1984an Juan Mari Beltranek taldea uzten du, segidan Txanbela talde berria sortuz.

Orduan hasten da Azala taldearen bigarren etapa. Asier Carrasco, Marta Cocho eta Koro Andonegi izan ziren jarraitu zutenak eta Joxe Leon Kazabon (gitarra) sartu zen Azala talde berrituan. Harekin batera Iñaki Malbadi (trikitixa), Ramon Dorronsoro (perkusioa), Ion Arrizabalaga (atabala) eta Tomas Diez (dultzaina) sartu ziren. Zortzikote horrek 1985ean grabatu zuen Azala taldearen bigarren diskoa, Marrutxipi (Elkar-104), guztiz instrumentala. Berrikuntza gisara, disko horretan taldekideen hainbat konposizio grabatu zuten, nahiz eta doinu tradizionalak izan diskoaren zutabe nagusia.

Azala taldea

Azala taldea, 1985 (arg. ELK-104).

Trikitixak ohikoak ez zituen soinu-tresnekin (gitarra, flauta...) uztartzea izan zen taldearen ekarpen nagusia. Diskoz disko partaideetan hainbat gorabehera egon bazen ere, Koro Andonegik, Asier Carrascok eta Joxe Leon Kazabonek osatzen zuten taldearen bihotza. Azalaren bilakaeraren seinale, ukitu zeltak topa daitezke 1987an grabatutako taldearen diskorik arrakastatsuenean: Zaldiko Maldiko (Elkar-150).

Azala taldea urte haietako euskal folk musikaren adibide garrantzienetakoa da. Arlo horretan sari garrantzitsuak irabazitako taldea da. Besteen artean, 1986an Madrilgo Kultur Ministerioak antolatu zuen folk topaketa batean lehen saria lortu zuen.

Herriz herri kantaldiak ematen aritu ondoren, plazak alde batera uztea erabaki zuten 1987. urtearen erdialdean.

Hala eta guztiz ere Azala taldeko kide batzuek ez zuten musika erabat utzi. Egoera horretan, 1989an kaleratu zuten laugarren eta azken diskoa, Marigaizto (Elkar-205). Berrikuntza asko zekarren diskoa izan zen. Aurreko bietan ez bezala, Jojo Bordagarai eta Ramuntxo Carrereren ahotsak entzun daitezke hainbat kantutan -gero, ibilbide propioa garatu zuten Jojo eta Ramuntxo izenarekin-. Baita Tapia eta Leturia bikotearen trikitixa eta panderoa, eta jazz munduan izen handia zuen Eduardo Salvadorren baxua ere. Bestalde, disko horretako errepertorioaren pieza gehienak taldekideen konposizioak dira. Dena den, zuzeneko emanaldiak utzi ta, ez ziren garai onak taldearentzat, Kazabonek azaldu zuenez:

"Duela urte eta erdi utzi genituen herriz herriko iharduerak, asperturik bait geunden. (...) Folkak etorkizun iluna du; jende gutxi ibiltzen da gure atzetik, eta honen ondorioz etekinak oso urriak dira".

Disko hau izan zen Azala taldeko ibilbidearen azken agerpena.