Musika taldeak

Txanbela

Musika taldea.

Donostiako Argia dantza taldean (1966-1971), Euskal soinu-tresnen "Sustraiak" (1971-1974), Donostiako Txantxangorri (1973-1980) eta Azala taldeetan ibili ondoren, 1984 urtearen hasieran Juan Mari Beltran musikariak Txanbela taldea sortu zuen.

Azala taldearen ildotik jarraituz, Txanbela taldea euskal herri-musika eta euskal herri soinu-tresnak jorratzeko eta zabaltzeko helburuarekin sortu zen. Garrantzia handia ematen zion euskal herri musikan erabiliak izan ziren eta oraindik erabiltzen ziren berezko euskal soinu-tresnei. Baita ere euskal herri-dantzez eta herri abestiz osatutako errepertorio aberatsari, aurreko euskal herri-musika biltzaileek (bereziki R. M. Azkuw eta Aita Donostia) idatzitako kantutegietan argitaratutakoa eta zuzenean bildutakoa.

Txanbela

Bere estilo edo joera, noski beti bere modu partikularrean, garai horretan oso zabaldua zegoen "folk" estilo barnean kokatzen zen.

Txanbelaren lana hertsiki erlazionaturik dauden bi eremuen bidez burutzen zen: Alde batetik, aintzinako gai, estilo eta erritmo musikalen azterketa eta moldaketaren bidez eta bestetik, bai doinu zaharrak eratzeko garaian, bai eta berriak sortzerakoan ere, tradiziozko eredu hauetan oinarritutako garapen kreatiboaren bidez.

Bere emanaldietan Euskal Herriko eskualde ezberdinetako musika entzun daiteke, estilo askotako eta funtzio ezberdinetako musika. Kantu eta doinu alaiak, tristeak, amodiozkoak, festetarakoak, dantzarakoak,... Euskal Herriko soinu-tresna herrikoien berezko errepertoriokoak. Hori dena, dagokion euskal soinu-tresnekin eta unibertsalago diren beste batzuen laguntzarekin.

Txanbela taldea, 1984ko bere sorreratik 2001-03-09an Arrasaten eman zuen azken kontzertu arte Euskal Herriko eskualde guzietan eskaini zuen bere musika, baita atzerrietako toki askotan ere, egindako ehunka emanaldietan eta makina bat ekintza kulturaletan parte hartuz. Zuzeneko emanaldiez gain, hamazazpi urte horietan Txanbela taldeak lau disko grabatu zituen.

Txanbela

Hona hemen taldearen historiatik aukeratutako emanaldi, grabaketa eta ekintza batzuen aipamena:

1984an R.D.A.n (Ekialdeko Alemanian) zehar bira bat burutu zuen hiriburu nagusienetan hamaika kontzertu emanez. "Txanbela" izenburudunen taldearen lehen diskoaren argitalpena.

Disko honen errepertorioak garbi adierazten du euskal herri musika eta soinu-tresnekiko taldeak zuen jarrera eta helburua. Araba, Lapurdi, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Zuberoako jatorrizko abesti eta doinuak, Alboka, txistu, xirula, gaita-dultzaina eta txanbelaren errepertorioa, baita albokarako egindako dantza berri bat. Diskoa osatzen zuten hamaika piezetatik bost ziren abestiak eta zazpi instrumental hutsak.

Hasiera horretan lau musikari hauek ziren Txanbela taldea osatzen zutenak:

  1. Juan Mari Beltran: Txistu-danbolina, dultzaina, alboka, xirula-ttunttuna, txanbela eta flauta.
  2. Iñaki Peña: Akordeoia eta trikitixa.
  3. Maria Pilar Otxoa de Eribe Royo: Biolina eta ahotsa.
  4. Juantxo Villalba Etxabe: Gitarra.

Diskoaren grabaketan, panderoa jotzen Xabier Berasaluze "Leturia"k eta lautea jotzen Fernando Unsainek lagundu zuten.

1985an, Madrilen kontzertu bat eman zuen, estatu osora Radio 3-ek osorik eskeini zuelarik. Salamanca-ko "Festival de la Música de los Pueblos" delakoan, "Plaza Mayor"-en kontzertua Euskal Herria ordezkatuz.

1986an Paris-eko Euskal Etxean eta Gazteizko "II Muestra de Folk Araba" nazioarteko jaialdian TVE grabatutako kontzertua.

1987an "Izarrako Folk Musika Jaialdia"n ETBk grabatutako kontzertuan parte hartu zuen.

Txanbela

Taldearen bigarren diskoaren argitalpena "Doinurik Doinu" izenburuarekin.

Disko hau grabatu zenerako aldaketak izan ziren taldean: M. P. Otxoak taldea utzi zuen eta bere ordez Aurkene Alzuak hartu zuen galduko biolina eta ahotsaren tokia. Bestaldetik, hasierako laukote zena boskotea bihurtu zen Jose Ramon San Sebastianen sartzearekin. Honek, abesteaz gain gitarra eta tuba jotzen zuen. Diskoaren grabazioan Karlos Garaialdek danborra eta panderoa joaz lagundu zuen.

1988an "Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia"n parte hartu zuen.

Txanbela

1989ko abenduan "Hirugarren Koxkan" izenburua duen hirugarren diskoa argitaratu zuen. Honen zuzeneko aurkezpena Donostiako Antzoki Zaharrean egin zen "The Oyster Ban" taldearekin batera antolatutako kontzertu bikoitzean.

Ohiko boskoteaz gain, grabazioan honako laguntzaileak izan ziren: Agustin Laskurain: kaja eta atabala. Carlos Garin: Danborra. Heltzegor ahots taldea.

1990ean ETBko "Funtzioa" programa ezagunean zuzeneko kontzertua eman zuen. Maiatzean Bretainia bisitatu zuen, "2º Rencontre Internationale de la Clarinette Populaire" jaialdian, hainbat kontzertutan parte harturik Euskal Herria ordezkatzen.

1991ean, Jerez de la Frontera-ko Udaletxeak antolatutako "Folk 91" Herri Musikaren Zikloan eta Torrelavega-ko "Festival Internacional de Folk" jaialdietan parte hartu zuen. "Nafarroa Oinez 1991" egunerako Juan Mari Beltran eta Pello Zubiriak egindako "Euskaraz bizi" kantuaren grabaketan parte hartu zuen.

1992an ETB 1eko "Begirik kendu gabe" programan zuzeneko emanaldia eskaini zuen. Urte honetan beste aldaketa izan zen taldearen osaketan. Iñaki Peña eta Aurkene Alzuak taldea utzi zuten, eta handik gutxira Jose Ramon San Sebastianek, boskote berrian Miriam F. Atxaerandio biolin-jolea, Xabier Loitegi akordeoilaria eta Mendigaina Gorostiaga abeslari eta gitarra-jolea sartu ziren.

1994an Gasteizko Andra Mari Andra Mari Zuriaren jaietan Aihotz plazan antolatutako kontzertu egitarau barnean.

Txanbela

1995ean Galicia-ko Guitiriz herrian (Lugo) urtero egiten den "XVI Festival de Pardiñas" parte hartu zuen.

1996an Soriako hiriburuan ospatzen den "Folk Soria" musikaren jaialdian kontzertua eskaini zuen.

1997an Bartzelona-ko "Centre Artesa Tradicionarius"en kontzertua "II Festival de Música Basca - Euskal Herria al CAT" jaialdian parte hartu zuen. Urte honetan argitaratu zen "ARIN-ARINKETAN" izenburuarekin taldearen laugarren eta azken diskoa. Ordurako Juantxo Villalbak eta Xabier Loitegik taldea utzi zuten eta Ane Errege Belda akordeoilaria sartu zen.

Diskoa, Juan Mari Beltran, Miriam F. Atxaerandio, Mendigaina Gorostiaga eta Ane Errege Belda laukote gisa egin zen. Grabazioan Koldo Kiltxano gitarra-joleak eta Arantxa Ansa txalapartariak lagundu zuten.

1998an, Iruñeko Udal Kultur batzordeak antolatutako kontzertu zikloan Iruñeko Erraldoien Txokoan jo zuen.

Txanbela

1999an Donostiako Sagues auzoko ospe handiko San Joan gaueko kontzertua eskaini zuen, baita Soriako Udalak antolatutako San Saturio Festa Nagusietan eta Errenterian ospatutako Kilometroak 99an.

2000an Ane Errege Beldak taldea utzi zuen eta azken urtean aurreko hirukotearekin batera, Imanol Azpeitia akordeoilaria eta Amaia Intxaurburu perkusionista aritu ziren. Alberite de Iregua (Errioxa) "Festival Internacional de Música Folk, 2000", "V Lugnasad Bretoña" (Galizia) musika zeltiar nazioarteko jaialdian, Azpeitian ospatutako Kilometroak 2000an eta Araiako (Araba) Areto Nagusian. Garai honetan 2001ko martxoak 9an Arrasateko kiroldegian eskaini zuen Txanbela taldeak bere azken kontzertua AEKak antolatutako Korrika Kulturalean.

Txanbela