Eskultoreak

Zugasti Arizmendiarrieta, José

1952an Eibarren jaiotako eskultore gipuzkoarra.

1970ean Madrilera joan zen. San Fernando Arte Ederren Goi-eskolan egin zituen ikasketak. 1980an itzuli eta Donostian finkatu zen.

Bere ibilbide luzean zehar erakusketa kolektibo garrantzitsutan parte hartu du, besteak beste: Gipuzkoako Artista Hasiberrien erakusketa ibiltarietan (1978, 1979 eta 1980); Arteder erakusketetan (1981, 1982 eta 1983); Blanco y Negro biurtekoan (1980 eta 1982); Gasteizko Eskultura eta Pintura biurtekoan (1980 eta 1982); Madrileko Nuevo Espacio Galeriaren inaugurazio-erakusketan (1982); Euskal Artisten Elkartearen sorrera eta aurkezpenean (1983); Nafarroako Jaialdietako pintura lehiaketan (Erriberri, 1984); Donostiako Artisten Erakusketan (Wiesbaden-Donostia, 1985); Arte Vasco hoy (Bilbo, 1987); Arte 80 (San Telmo Museoa, 1991); Glasgow 1990; Arco Nazioarteko Azoka Madrilen (1992, 1997 eta 1998); eta etenik gabe 2000-2006 bitartean Bilboko Vanguardia Galeriaren eskutik. Azoka horretan berriro bere lana ipini zuen ikusgai 2010. eta 2011. urteetan. 2011n Donostian, Kubo-Kutxa Aretoan, egindako erakusketa kolektiboan parte hartu zuen, Ultramar: una aproximación al patrimonio artístico de Kutxa desde las adquisiciones recientes, 2008-2010 izenburupean.

Era berean, 1981. urtetik (Gernikako Euskadiko Kutxaren erakusketa-aretoa) bakarkako erakusketak egin ditu erakusketa-espazio publiko eta pribatuetan, nagusiki, Euskal Herrian: Iruñea, Hondarribia, Errenteria, Donostia, Bilbo. Halaber, bakarkako erakusketak egin ditu Salamanca, Madril eta Kolonian. Bere bakarkako azken erakusketa, "Jose Zugasti: Formen Dantza" izenekoa, Eibarreko Alfa Arte Espazioan egin zen 2010ean eta Fruto terrenal izenekoa Bilboko Vanguardia Galerian paratu zuen, 2012ko martxotik maiatzera.

Beste sari batzuen artean Gasteizko V. Biurteko Plastikoko Lehen Saria (1980), Gipuzkoako Artista Hasiberrien XXIII. Lehiaketako Lehen Saria (1982) eta Valentziako Bancaixa Saria (1993) aipatu behar dira. 1997an Bizkaiko hiriburuko Udalak deitutako Bilbao Ría 2000 lehiaketa irabazi zuen, "A la deriva" lanarekin. 2002an Caja Vital kutxaren Eskultura Publikoko II. Lehiaketan saria jaso zuen eta 2005ean Herrialdeko Bide, Kanal eta Portuetako Ingeniarien Elkargoaren 125. urteurrenean eskulturako Lehen Saria eskuratu zuen.

Zugastiren lanak aurki daitezke Donostiako San Telmo eta Diozesiar museoetan; Bilboko Arte Ederren Museoan; Artium museoan (Gasteiz); Eusko Jaurlaritzan; Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundietan; Bilbo, Donostia, Lemoa edota Eibarreko Udaletan; eta Euskadi, Katalunia eta Gaztelako banku-erakunde ezberdinetan, esate baterako, Bartzelonako Caixan edo Valentziako Bancajan. Orobat, Nikaraguako Museo Nazionalean bere lana ikus daiteke.

Ilustratzaile grafiko modura, kolaboratzaile da hainbat argitalpenetan, esate baterako, Cuadernos de Alzate izenekoan. 1998. eta 1999. urteetan Berlingo "Arte Forum" erakusketan parte hartu zuen.