Elkarteak

Mugaz gaindiko lankidetza eta Euro-Eskualdeak

Mundu mailan garatutako hainbat fenomenoren eraginez (akumulazio fordista ezaugarri zuen erregimen batetik ezaugarri posfordista ezaugarri duen erregimen baterako iragaitea, merkatuen eta kulturen globalizazioa eta antzinako Estatu-Nazio subiranotasunaren azaleratzea), erregulazioaren dibertsifikazioa bizkortu egin da bazter guztietako maila guztietan (globalki, estatu mailan, eskualde nahiz toki mailan eta alboz albo). Alboz alboko eskala hori mugaz gaindiko, eskualde arteko eta nazioz gaindiko eragileen (eskualdeak, udalerria eta gizarte zibileko eragileak) arteko harremanaren ondorioa da, mugetatik eta testuinguru orokorretik haratagokoak direnak.

Europar Batasunak bereziki eragileen arteko nazioarteko sistema misto bat bultzatu du. Sistema horretan estatuek, eskualdeek eta udalerriek lankidetzarako aukerak sorrarazten dituen geometria-taula aldakor baten gainean jarduten dute. 1987. urteko uztailean Europako Agiri Bakuna kaleratu zen. Haren bidez, Eskualdeko Politika Komunitarioa eraldatu egin zen, eskualdeen arteko ezberdintasunak murrizteko helburua ezarri zelarik. Modu horretan, hiru egitura-funtsen (EGEF, NBBEF, EGIF) arteko ekintza eskualde izaera duten bost helburu nagusitara bideratu zen. 1992ko Maastrichteko tratatuan xedatutakoari jarraiki 1993an Funtsen erreforma orokor bat gauzatu zen. Lehen helburua atzeratutako eskualdeak sustatzea zen, hots, Barne Produktu Gordina batez besteko komunitarioaren azpitikoa zutenak, hau da, %75 azpitiko neurriak erregistratzen zituztenak. Bigarren helburua industria arloan gainbeheran ziren eskualdeak birsortzea zen. Halaber, beste helburu bat sortu zen, seigarrena, biztanleriaren dentsitate oso urriko eskualdeen egiturak garatu eta doitzea.

Sustatutako lankidetza horren esparru nagusia mugaz gaindikoa izan da. Europako Eskualde Mugakideen Elkartea (ARFE) 1971n sortu zen eta 4 balio esleitzen dizkio mugaz gaindiko lankidetzari:

  • Balio politikoa: Europan eta EBko printzipioetan (subsidiaritatea, kohesioa, garapenerako lankidetza, lurralde-garapenaren baterako finantzaketa, etab.) txertatzen laguntzea.
  • Balio instituzionala: eragile publikoen inplikazioa, baterako helburuak lortzeko baterako interes eta baliabideak ezartzea, etab.
  • Balio sozioekonomikoa: mobilizazio endogenoa, garapen-politiketan eta lurralde-plana eta garraio-azpiegitura hobetzeko jardunean ekonomia- eta gizarte-eragileen (enpresak, sindikatuak, talde ekologistak) partaidetza sustatuz.
  • Balio soziokulturala: mugaz gaindiko eskualdearen ikuspegi orokorra, unibertsitateko adituen sarea eratzea, ondare historikoa hedatzea, bateko zein besteko hizkuntzak ezagutzea, etab.

Europar Batasunean mugaz gaindiko lankidetza hori gauzatzeko hainbat modu daude (esate baterako, lan-komunitateak); baina Euro-eskualdea da bere balioak ondoen egokitzen dituena. Hauek dira hartako elementu nagusiak: garapenerako lankidetza printzipioa eta subsidiaritate-printzipioa; mugaz gaindiko estrategia bat izatea; tokiko eta eskualdeko baterako estrategia bat izatea; eta eragile pribatuen eta gizarte zibileko eragileen partaidetza (Cots, Morata).

Garapenerako lankidetzak bi dimentsio ditu, bata bertikala eta bestea horizontala. Lehenengoari gagozkiola, Estatu kideak eta estatuko, eskualdeko eta tokiko organoak Batzordearekin lankidetzan aritu behar dira komunitateko neurriak egikaritze aldera; horretarako, egitura osagarriak eta konpetentzia-espiriturik gabeak baliatu behar dituzte, maila guztietako lankidetza ahalbidetzen duten mekanismoen bidez.

Garapenerako lankidetza horizontala mugaz bi aldeetako eragileen arteko harremanari buruzkoa da: paritate-irizpideak ezarri behar dira eta finantzazio-iturriekin zerikusi duten oztopoak nahiz administrazioen arteko ezadostasunak gainditu egin behar dira. Harreman horiek gauzatzeko ezinbestekoa da mugaz gaindiko egiturak izatea, iraunkorrak direnak eta erabakitzeko gaitasuna dutenak.

Europako Batzordea gobernu-maila ezberdinetan nahikoa erraz mugi daiteke, hori dela eta, politika arloko ekintzaile gisa jardun du, estrategia alternatiboak luzatuz eta eragileen arteko koalizioak antolatuz (Pirinioetako lan-komunitateekin loturak egitea), zenbaitetan Estatu kideen baimen espliziturik izan gabe (Perkmann, Morata). Horrela, Interreg pizgarri ekonomiko garrantzitsua izan da nazioz gaindiko sareak eratu ahal izateko. Ekimen horiei esker, eskualdeek eta gainerako estatuz azpiko eragileek garrantzia gehiago hartu dute hala Europako esparruan, nola erabakiak hartzeko estatuko esparruetan.

Europako Parlamentuak, 2004an, hala definitu zituen Euro-eskualdeko elementuak:

  • Eskualdeko eta tokiko kolektiboz osatutako egiturak, mugaren bi aldeetara.
  • Idazkaritza iraunkorra izatea eta berezko baliabideak dituen talde tekniko eta finantzarioa izatea.
  • Lankidetza elkarren artean eratutako estrategia batean oinarritzen da.
  • Mugaz gaindiko harremanetarako plataforma bat da, besteak beste, herritarrak, politikariak, instituzioak, indar ekonomikoak edota gizarte- eta kultura-eragileak batzen dituena.
  • Erabakiak mugaren alde bakoitzean indarrean diren prozeduren arabera aplikatuko dira, konpetentziekin eta egiturekin lotutako gatazkak ekidite aldera.
  • Lankidetzaren edukiak baterako interesetatik abiatuz zehazten dira.
  • Plataforma horiek, batez ere, Interreg ekimen komunitarioetan barneratutako programak eta proiektuak prestatu edota aplikatzeko baliatzen dira.

Europako Batzordeak Euro-eskualdeak lehenesten ditu Interreg delakoa txertatzeko, izan ere, haietako egitura da Europako Batzordearen mugaz gaindiko oztopoak kentzeko estrategiara ondoen egokitzen dena; lan-komunitateetan, aldiz, egitura zurrunagoa denez eta eremu geografiko handiagoa hartzen duenez, koordinazio arazoak izaten dira. Horrenbestez, eremu horretan Interreg barneratzen duena Pirinioetako lan-komunitatea izatea, ezohiko gertaeratzat jo behar da.