Zinekoak

Moja Alfereza

Filma 1986an egin zen. Javier Aguirrek zuzendu zuen, eta Goya Films-ek eta Actual Films-ek produzitu zuten.

Haren bitartez sartu zen Javier Aguirre euskal zinemaren esparruan. Aurretik, ibilaldi harrigarria egina zen espainiar zineman: zenbait lan esperimental egin zituen han, eta, haiekin aldizkatuz, komediak, beldurrezko filmak eta baita haurrei zuzendutako filmak ere: Parchis taldearentzat egindako film-saila, adibidez. La Monja Alferezen gidoia Aguirrek berak idatzi zuen, Katalina Erausoren oroitzapenetan eta Thomas de Quincey-ren The Spanish Military Nun liburuan oinarrituta. Katalina Erauso pertsonaia egiazkoa izan zen. Donostian jaio zen, 1592an. Aguirrek urteak zeramatzan pertsonaiarekin obsesionatuta. Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza politikak aukera paregabea eskaini zion, euskal emakume harrigarriaren ibilerak film bihurtzeko. Katalinak historia bitxia du: monasterio batetik ihes egin ondoren, gizon jantzita igaro zuen Espainia osoa. Gero, ontziz Amerikara joan, eta soldadu gisa atera zuen bizimodua. Zauri batzuk sendatu nahi zizkiotenean ohartu ziren emakumea zela. Espainiara itzuli zenean, Felipe IV.a erregeak bizi arteko pentsio bat eman zion. Geroago, Erroman, Aita Santuak berak gizon-arropak erabiltzeko baimena eman zion. Bazen jadanik pertsonaiari buruzko bertsio zinematografiko bat. Hark ere La Monja Alferez zuen izena. Emilio Gómez Muriel zuzendari mexikarrarena zen. María Félix ederrak egiten zuen Katalina Erausorena. Hortxe zegoen koxka: nola sinetsaraz, ikusleei, pantailan hain eder ageri zen emakumea gizontzat pasa zitekeela.

Aguirreren bertsioan, hobeto zaindu zen alderdi hori. Hala eta guztiz ere, emaitza artistikoa oso apala izan zen. Ez da sakon aztertzen zer den emakume izatea gizonek modu tiranikoan agintzen duten mundu batean. Aguirrek feminista goiztiartzat aurkeztu nahi izan zuen bere heroia, baina alferrik. Ez ziren erabili sexuaren aldetik gaiak eskaintzen zituen aukerak ere, zeren, filmean zehar, berarekin maitemintzen diren damen ihesi baitabil Katalina beti. Aguirrek irtenbide bakarra aurkitzen du hor: protagonistak hanka egitea, haren ahal ugariak aprobetxatu gabe. Bestalde, aurrekontu txikiak ere mugatu zuen azken emaitza. Jantziak eta lekuak kalitate kaskarrekoak ziren; gudaldien irudiak, apalak. Ez zen lan duin bat egiterik izan. Kritikak hotz tratatu zuen filma. Ikusleek ere, halatsu.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 pp.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, núm. 3, 1999, 407 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.