Zinekoak

Segoviako Ihesa

Imanol Uribek zuzendu eta Angel Amigok Frontera Films-en bitartez 1981an ekoiztutako filma. Siete Calles eta Agur Everest filmekin, laurogeigarren hamarkadako "euskal zinema" sortzea ekarri zuen Eusko Jaurlaritzaren itzuli beharrik gabeko dirulaguntza-politikari hasiera emanez.

Izatez euskal zinematografia-egitura sortzeko plataforma lez sortua, erkidegoko erakundeen kultura-politikaren erabateko adierazgarri izan zen. Ez da harritzekoa bere ekoizleak 1981ean Eginen "Estatutua estreinatzen den film bezala" aurkeztea. Gertatutako egitateetan oinarrituz, 1976an ETAko kide batzuek Segoviako espetxetik egindako ihesaldia, eta Amigok -ihes egindakoetariko bat- berak idatzi eta Operación Pontxo izenburudun liburu eta filmean ere, espetxean tunelaren eraikuntza lan nekagarritik euskal Pirinioetara iritsi eta mugalariekin izandako txarto-ulertuaren ondorioz Auritz eta Orreagatik hurbilko eremuan galduta eta bertan behera utzita geldituz Guardia Zibilak euretariko gehienak berriz harrapatu zituzten arte atxilotuek bizi izandako abentura dramatikoa azaltzen digu. La fuga de Segovia, bere gauzatzean lan bikaina da. Uribek, Papillón edo Fuga de Alcatraz bezalako ihes-filmetan azaldutako heroiaren zerbitzurako ekoizpena saihestuz izaera errealistadunaren aldeko apustua dagi -Amigo, Patxi Bisquert, Gaztelumendi etab. bezalako ihes egindakoek filmean izanak ekoizpenari sinesmen nabarmenagoa emanez - abentura-generoa eta film politikoa trebetasunez uztartuz.

Estreinaldiaz geroztik izaera politikodun eztabaida-gune izango da. Ezker abertzaleko atal batzuk filmaren sortzaileei Euskadiko Ezkerraren eta ETAren (p-m) postulatuekin gatibatu izana leporatu zieten. Bestalde, filma aurkeztean adierazitako abentura-sena gora-behera, argi zegoen jarrera politikoa hartuta zegoena. Halabeharrez, ikusleak atxilotuekin konplizitate loturak ezartzen zituen. Planteamendu honek Estatu espainiarrean banaketa-arazo larriak sortarazi zituen. Zigor lez, Kalitate Sari Berezia kendu egin zitzaion, urte batzuk geroago bidegabetasun hori konpondu egin zen arren. Arazoak arazo, herritarrengandik onarpen handia izan zuen eta Orleanseko Zinematografia-Jardunaldien Sari Nagusia eta Donostiako Zinemaldiko Nazioarteko Kritika-Saria ere lortu zituen.

  • Amigo, Ángel: Veinte años y un día, San Sebastián, Igeldo Komunikazioa-Communication, 2001, 221 pp.
  • Angulo, Jesús (et al.): Entre el documental y la ficción. El cine de Imanol Uribe, Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1994, 181 pp.
  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 pp.
  • López Echevarrieta, Alberto: Cine Vasco: de ayer a hoy -época sonora-, Bilbao, Mensajero, 1984, 331 pp.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, núm. 3, 1999, 407 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.
  • Unsain, José Maria: El cine y los vascos, San Sebastián, Eusko Ikaskuntza /Sociedad de Estudios Vascos-Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca, 1985, 355 pp.
  • Zunzunegui, Santos: El cine en el País Vasco, Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundia/Diputación Foral de Vizcaya, 1985, 603 pp.