Militarrak

Zubiaur Ibarguren, Pedro de

Zenarruza, 1540 - Ingalaterra, 08-1605. Militarra, itsasgizona eta asmatzaile bizkaitarra.

Pedro de Zubiaur (edo Zubiaurre) beste ezeren gainetik militarra izan zen, Felipe II-ari guda eta misioetan zerbitzua eskaini zionetariko bat. Gainera, espia bezala, filipinetako isileko zerbitzuetara arte ere zabaltzera heldu zen ospe handia lortzera iritsi zen. Askoz gutxiago ezagutzen da, hala ere, gure teknologia aroko ikur eta zeinu izatera bihurtu den dokumentatutako lehen episodioetariko bat sortarazi izanaren egitatea: "industria mailako espioitza".

Itsasoari oso uztartutako kapare-sendia bateko (Zubiaurtarren Jaurerria) bigarrena izanik, ez da harritzekoa Pedro itsaso-armadagatik erakarrita sentitzea, behin prestatu ondoren, bere zerbitzuak, aintza eta aberastasun asmoz, beste askok eta askok egin zutenaren antzera, Koroari eskaintzea. Laster Armadan sartu zen, Flandesen misio arriskutsuetan parte hartu eta frantziarren eta ingelesen aurka jardunaz. Hirurogeiko hamarkadan zehar Londresen merkatari ekin zion, baina hori antza estalgarria besterik ez zen, zeren laster Felipe II-aren espiarik preziatuena izatea lortu zuen. Bere zeregina ingelesen babesaren balore estrategiko eta posizioak zehaztea zen, Armada gaindiezina zenaren inbasiorako bidea leuntze asmoz.

Bernardino de Mendoza (1541-1604), Londresen enbaxadore zenak agindu zion hurrengo egitekoa Ambereserako ontzi-trafikoan portu estrategikoa zen Flessingako setioaren plangintza egitea izan zen. Ontzidirik ez zuen arren, bere kabuz bi ontzi erosi zituen eta 1584an Lermako Dukeari 300 soldadu eskatu zizkion. Ingelesak horretaz ohartzean Londresko Dorrean bi urtez atxilotu egin zuten. Bertan, egoera gogorretan bizi izan zen, tormentu eta torturak jasanez, baina ingelesek zeuzkaten teknika hidraulikoak ere "espiatzerik" izan zuen: ura hirira ponpatzeko gai zen Tamesisen ertzetan zegoen Peter Morice alemanaren asmakizuna behatu zuen . Behin makina -piezarik pieza- buruz ikasi ondoren, Zubiaurrek era ezkutukoan Felipe II-ari maketa batzuk, aztertu eta hiri espainiarren baten frogatu zitzan, igorri zizkion. [Bitxitasunez, Zubiaur, bitartean, iruzur-xede izan zen: bere maketak eman zizkion mezulariak, gezurrontziz beste bati saldu zizkion; geroago, Espainiara itzultzean salatu egin zuen, traidorea atxilotua izanez.

"Industria espioitza" bezala izendatu dezakegun ekintzaren hurrengo bi hamarrekoetan zehar, Zubiaurrek isilpean itsaso-zereginetan parte hartu zuen, lehenengo Flandesen, espainiar atxilotuak berreskuratzen lagunduz, eta ordutik aurrera (1588) Baionako, Bretainiako, Lisboako eta Gibraltarreko itsasertzean frantziarren, ingelesen, holandarren eta baita kortsarioen aurrean ere borrokan jardunaz.

1603an, Valladolideko errege-Gortearen egoitza berrian ingeniaritzaren arloan bere sarrera bakarra izatera iritsiko zena gauzatu ahal izatea lortu zuen: Pisuergako urak jasotzeko makina bat eraiki izatea, hau da, "Zubiaurreren asmakizuna" izendatu zena (hainbat gizalditan zehar Juanelo Turrianori leporatua izan zen arren). Laburtutako bertsioan, kate, gurpil eta baketoi batzuen bitartez mugitzen ziren eta aldi berean errekaren korronteak bultzatutako gurpil hidrauliko bik bulkatuak ziren enbolodun (edo tisibikak) ponpak ziren. Bai xurgatzerako mekanismoa eta baita enboloen tramankulua ere, itsaso-eskarmentuetan oinarritzen dira; eta Zubiaurrek, horretan, bere hainbat ibilaldietan zehar, ontzien xukatze-ponpak ezagutu zituen, bestalde besoz mugitutako tisibikak (Diego de Ribeirok espainiar ontziei egokitu zizkien bezala) besterik ez zirenak.

Bere funtzionamenduan arrakasta izan arren, Zubiaurren asmakizuna ez zen gizarte-zerbitzu bezala komertzializatua ez ustiatua izan. Lermako Duke diruzalea baino ez zen izan bere jauregiko larre eta lorategiak ureztatuz guzti horretatik onurarik atera zuena, valladolidtarrek (makinaren benetako jabe zirenek) ur tanta bat bera ere lortzerik izan ez zuten bitartean 1604an hark uraren emakida betirako nola kentzen zioten ikusten zutela. Horren guztiaren atzean herriaren industria eta gizarte-garapena bultzatzeko uraren goratze-asmakizuna berebiziko tramankulu bat zenaz ohartarazteko espainiar agintari eta erregeen ezgaitasuna aurkitu dezakegu. Eta, egia esan, Zubiaurrek ez zuen inolako babes ofizialik izan asmakizun hori egiterakoan eta ezin izan zituen ponpa gehiago ere garatu eta ez eta konpentsaziorik eskuratu ere (bere heriotzaz geroztik bakarrik, erregeak alargunari 2000 duket eman zizkion); hau da, errege-sendiarentzako jolas bezala baino ez zen baliogarri izan. Ingalaterran, aldiz, Moricek Koroarengandik babesa jasan zuen, eta honek asmakizuna 21 urtetan zehar patentatu egin zion, Sozietate baten bitartez bere asmakizuna ustiatuz ikaragarrizko aberastasuna eskuratzen zuela. Ez da hau, Espainian eta Ingalaterran (antzerako zergatiak, ondo dakigun bezala, XVII. mendean Austriarren krisialdiarekin harremanik dute) goratze-makinek izandako arrakasta-maila desberdina ekarri zuten zio historikoak aztertzeko tokia. Espainiar teknikaren historian adituenetariko bat izandako Nicolas García Tapiaren hitz hauek [bere Ingeniería y arquitectura en el Renacimiento español (1990), 303-04 orr.] desberdintasun horien garrantzia jator laburbiltzen dutelakoan nago:

"Lurrun-makinetan eta errekuntza-motorretan txandaka mugitzen diren pistoi eta zilindroen antzeko oinarri mekanikoa dute "tisibikoek"... Jakina, lurrunaren jokaeraren forma zientifikoa falta da... baina Juanelo Turriano, Juan Fernandez del Castillo eta Pedro de Zubiaurre ingeniariek nahikoa ezagutza praktikoak zituzten transmisioa, mugimendua eta enbolo-zilindroko sistema ahalbideratzen dituzten mekanismoei buruz...

Aurretik esandakoari esker, erraz ulertu dezakegu Toledoko eta Valladolideko tramankuluek izan zezaketen garrantzia, Ingalaterran baino lehen Espainian Industria Iraultza ekarriko zuen teknikaren garapena ahalbidetzeko, baldin eta XVII. mendeko baldintza historikoak egokiagoak izan balira".