Dantza

Txipiritona

Joku dantza. Bi dira dantza hau jasotzen duten idazleak: R.M. de Azkue eta Patxi Arrarás. Biek ala biek Ultzamako Alkotzen (Nafarroa) jasotzen dute.

Herriko mutil gazteak soka batean jartzen dira eta 6/8 erritmoan dantzan ateratzen dira, aitzinako postuan dagoenak egiten duenari erreparatuz eta imitatuz.. Beste dantza batzuetan gertatzen den moduan, honetan ere melodia kanta batek laguntzen du. Jokua honetan datza: Sokan lehendabizikoa doan mutilak kantatu ala banan-banan aipatutako arropak kentzen ditu eta sokan doazen gainontzeko mutilek aurrenekoak egindakoa errepikatu behar dute, beraiek ere arropak kentzen dituztelarik aurrenekoaren dantza eta mugimenduak imitatzen dituzten bitartean.

Lehendabiziko dantzariaren imitazioa dantza oinarri gisa, beste joku-dantza batzuetan aurki dezakegu, Baztango Itsas-dantza delakoan, adibidez.

R.Mª de Azkuek, bere Cancionero Popular Vasco liburuan "Aista! Txipiritona" delako kanta bat jasotzen du, dantzaren deskribapenarekin batera:

"El mozo que la danza, según lo que indiquen los cantores, se va desprendiendo del elástico en la primera estrofa, txamarret ori, txamarret ori; del chaleco en la segunda, korotilo ori, korotilo ori; de la faja en la tercera, etc. Los demás mozos de la cuerda tienen que imitarle, desprendiéndose a su vez de sus prendas y danzando y moviéndose como el delantero." (Azkue, 1968; 272)

Alkozko (Ultzama, Nafarroa) Justo Albizurengandik jaso zituela adierazten du , nahiz eta beste aldaera pare bat ere aipatzen dituen. Kantua bost bertsoz osatua dago, non aurrenekoan ez den inongo arroparik aipatzen, baina bigarrenetik aurrera dantzariei zamarra, txalekoa, gerrikoa eta atorra kentzeko eskatzen zaien.

I. ¡Aista! Txipiritona, txipiritona, txipiritona.

¡Aista! Bataren gaitza besteraen ona,
Auxe bai dala txipiritona

II. Aitzineko orrek kendu dezala
txipiritona, txipiritona.
¡Aista! Kendu dezala txamarret ori, txamarret ori.

III. Bigarren orrek kendu dezala
txipiritona, txipiritona.
¡Aista! Kendu dezala koratilo ori, koratilo ori.

IV. Irugarren orrek kendu dezala
txipiritona, txipiritona.
¡Aista! Kendu dezala garriko ori, garriko ori.

V. Laugarren orrek kendu dezala
txipiritona, txipiritona.
¡Aista! Kendu dezala atorra ori, atorra ori.

(Azkue, 1968; 272)

Aldi berean dio "Aista" hitzak inongo esanahirik ez duela eta "Txipiritona" lotzen du Juan Ignacio Iztuetak bere "Guipuzkoa?ko dantza gogoangarriak" liburuan soinu zaharren artean "Chipiritona" deritzon dantzarekin.

Dantza hau, Guipuzcoaco 36 dantzen artean soinu zaharretako bat bezala jasotzen du, baina parekotasunak ez doaz izenaz haratago, melodia eta dantza ezbardinez osatua baitago.

J.I.Iztuetak ziurrenik hasiera batean ahotsaren laguntza hutsez (kantatuz), eta gero txistu eta danbolinak lagundurik dantzatzen diren soinu zaharren artean kokatzen du "Chipiritona", eta bere egitura honela definitzen du:

Chipiritona: Chipiritonac zati bat-baizic ez du, eta au 13 puntukoa. 13 puntu obec artu bear ditu dantzariac modu oneta 4, 5, 4. (J.I. Iztueta, Guipuzcoaco Dantza, 252 orrialdea).

Aipatu beharra dago, J.I. Iztuetak soinu bakoitza aztertzen duela bere liburuan, soinua osatzen duten puntu eta konpas guztiak nabarmenduz, eta errepikapen eta zati guztiak aipatuz. Era berean, puntu horiek betetzeko dantzariak erabili ditzazkeen Gipuzkoako dantza pausu guztiak zehazten ditu, dantzariak bere gaitasun eta maisutasuaren arabera pausu zailagoak aukeratzeko aukera duelarik. Koreografiaren aldetik, "Chipiritona" honela deskribaturik geratzen da:

"Orain esan bear dizutet Chipiritona, noiz eta Nola dantzatu bear den. Guizon dantza, andre edo nescachez ornituric, bigarren aldiaco-zubiac eguitean, irteten-da aurrendaria bere escuco Eche andrearekin plazaren erdira, besteric gabe, eta jarri bear dute biac aurkez-aurke. Orduan jotzen du Damboliñac deia, zeñaren laugarren puntuan aurrendariac murisca edo cabriola egiñic, ifini-bear-dion chapela buruan aurkezean daucan eche-andreari, eta dantzatu bi-aldiz Chipiritonaren 13 puntuac, lehenengoan senzillo eta bigarrenean alduen goitiena, eta ederkiena. Au bucatu bezin laister, jo-bear-du dambolinac deia, eta onen laugarren puntuan, lenago guizonac bezala, andreac murisca eguinic, ifini-bear-dio guizonari bere-chapela buruan, eta biac bat batean dantzatu bear dituzte chipiritonaren 13 puntuac bi-bider lendabizicoan senzillo eta bigarrengoan alduten goitiena eta egokien diraden aldaerakin. Orduan joco du damboliñac deia, zeñaren azkenengo puntuan plaza guziari agur eguiñic, joango dan aurrendaria bere dantzariarekin lenengo tokira.

Bere bat egin dezake azkendariak bere eskuko andrearekin, aurrendariak bezala, baldin badakite biak txipiritona dantzatzen, baña ez bestela. Premiazkoa da bada gizonak bezala jakitea andreak ere dantza mota au, plazaren erdira irtenik, dantzatzekotan." (J.I. Iztueta, Guipuzcoaco Dantza, 256 orrialdea)

Beraz, "Chipiritona" zein pausu erabiliz dantzatzea dantzariaren esku geratzen den soinu bezala geratzen da, baina egitura koreografiko finkatu bat betez:

13 puntuko egitura duen zati bakarra besterik ez du, (4, 5, 4) eran antolatzen delarik. Deiaren ondoren, mutilak txapela neskaren buruan jartzen du, eta berak bakarrik bi errepikapen oso dantzatzen ditu (aurrenekoa pausu xume eta errazak erabiliz eta bigarrena ahalik eta pausu zail eta ikusgarrienekin), ondoren, neskak txapela berriz mutilaren buruan jarri ondoren, bi dantzariek beste bi errepikatzen dantzatzen dituzte elkarrekin (berriz ere, aurreneko errepikapena pausu errazekin eta bigarrena ahal duten pausu zailenekin).


Partitura ikusi

MID entzun