Kontzeptua

Txanbela

Musika tresna.

Euskal Herrian ezagutzen diren aerofono motako eta oboe tipotako (mihi bikoitzekoa) soinu-tresnetako bat txanbela da. Ezagutzen dugun dultzaina-gaitaren antzekoa, baina pixka bat motzagoa.

Pitaren mihiak, gehienbat kanaberazkoak izan dira, baita adarrezkoak eta, P. Caubet-ek azken garaietan egiten zituen bezala, plastikozkoak.

Pierre Caubeten txanbela baten kopia

Pierre Caubeten txanbela baten kopia

Tutua, konikoa da eta nagusiki ezpelez egina izaten zen. Luzeraz dultzaina baino motzagoa, gutxi gorabehera dultzainak belarriak deitutako zuloetaraino duen luzera (txanbelak ez du halakorik). Tonu-aldaketarako, dultzainak bezala zortzi zulo ditu: zazpi aurrealdean (behealdetik azkena pixka bat alboratua behatz txikirako) eta bat atzealdeko goialdean.

Txanbela, Zuberoan, Pirineotako magalean erabili izan da, eta gaur egun ia galdua dago. Hango artzainak izaten omen ziren txanbela jole nagusiak.

Bordahandi

Altzaiko Bordahandi Altzaiko txanbela jolearen txanbelaren kopia

Lakarriko Pierre Caubet txanbelariaren errepertorioaren bitartez, antzinako euskal musikaren estilo eta joera berezia mantendu du, gaur egun gure herri-kantutegian dugun musika-era zaharrenetariko bat. Horregatik txanbela ez da soinu-tresna bat bakarrik, musika egiteko era ere bada. Estilo horri buruz, Zuberoan bada esaera bat; "txanbela bezala ari da kantatzen".

Pierre Caubet

Pierre Caubet txanbela jotzen, 1977

Iruñeko Gaiteroek hirurogeita hamargarren hamarkadan egin zuten txanbelaren ikerketa sakona, Lakarriko Pierre Caubet "Chubuko Arhan" txanbelaria lokalizatu zutenean. Soinu-tresna honi buruz zerbait jakin nahi badugu, horiek egin zuten lanera jo behar dugu, bai 1977an idatzitakoa , eta 1978an grabatutakoa . 1984an Pierre Caubeten interpretazioaren beste grabazio bat egin zen , eta filmazioa bat ere bai . Pierre Caubet 75 urte zituelarik 1988. urtean hil zen. Berak erakutsi zigun txanbela zer izan zen, nola jotzen zen eta berak eman zigun, jotzen eta kantatzen, soinu-tresna honen errepertorio eta musika estilo zaharra eta aberatsa. Badakigu geroago hil zela txanbelari izandako Lakarriko "Bordahandi", baina honek aspaldian ez zuen jotzen eta horregatik kontsideratzen dugu Pierre Caubet belaunaldi zaharreko azken txanbelaria.

Garai batean euskal herri musikan, beste herrietan bezala, erritmo, eskala, "modo" eta "estilo" ugari erabiltzen ziren. Askotan ez zeuden gaurko "tonu" edo "modo" baten barruan, ez zituzten betetzen musika "ofizial"aren arauak, ez eskema melodikoak eta ez metrikoak. Horregatik, grabagailuak sortu arte, doinu herrikoiak jasotzen aritu zirenek arazo handiak izan zituzten, ezin baitzuten entzundakoa musika paperean idatzi. Geroago, pixkanaka, joera berezi horiek galtzen joan dira eta gero eta herri musika "akademikoago", estandarrago egin da. Txanbelak mantendu du (guretzat J. Pierre Caubetek) bere txokoan antzinako forma horietako bat.

Pierre Caubetek ondo bereizten zituen bi mundu horiek eta berak grabatutako diskoaren aurkezpenean Iruñean ospatutako emanaldian kantu bera bietan kantatzeko gai zela ondo erakutsi zuen: aire librean eta modu akademikoan (tonala, metrikoa...). Lehenengoa antzinako modua da, eta zailagoa; horretarako nota bakoitzaren luzapena (erritmo ez-metrikoak izaten baitira) eta frekuentzia ezagutu behar da (batzuetan eskala tenperatuaren notetatik tonu erdia baino gutxiagoko aldeekin). Bigarrena berriagoa, musika akademiak jarritako eskala eta erritmoak erabiliz. Kasu askotan modu hori elizetako teklatuen eraginez ikasiko ziren, hauek behartuko baitzuten jendea bere sistema harmoniko, melodiko eta erritmiko barruan kantatzera.

Pierre Caubet

Pierre Caubet, 1984

Txanbelak dituen zulo guztiekin posible da dultzainak ematen dituen notak ematea, baina Caubetek beste modura egiten zuen, honako dijitazio eta eskala erabiliz:

Behetik hasita; dena itxita.- La
2. eta 3. zuloak irekita.- Si (baxu xamar)
2., 3. eta 4. zuloak irekita.- Do-Do# artekoa
2., 3., 4., eta 5. zuloak irekita.- Re
2., 3., 4., 5. eta 6. zuloak irekita.- Mi
2., 3., 4., 5., 6. eta 7. zuloak irekita.- Fa#
Behatz txikiko zuloa (1) eta atzekoa beti itxiak mantentzen ditu.

Ikus daitekenez, eskala honek antza handia du, bai interbalika eta hedadura aldetik, albokaren eskala zaharrarekin.

Pierre Caubeten txanbelaren errepertorioko doinu guztiak kantuak dira, eta kantu bakoitzeko bi bertsio desberdin ematen zituen: bata kantaturik eta bestea txanbelarekin joaz. Biak era librean emanez antzekoak ziren, baina bertsio kantatua silabikoago eta instrumentala apaingarrizko nota gehiagorekin ematen zituen. Nabarmena ere da doinu hauen esaldi musikal guztiak nota luze batekin bukatzen direla eta nota hori askotan ez duela frekuentzia mantentzen, baizik eta bukatzen ari den heinean, erremate gisa, tonuz behera egiteko joera duela. Hau eta tarteko beste nota berezi horiek txanbelarekin egitea posible da behatzak mugitu gabe, txanbelaren pita ahoan duzula haize eta muturraren presioa aldatuz.

Esaldi melodikoei buruz zera esan dezakegu; Europako musika akademikoak XIII. mendean ezarritako zortzi puntu edo konpasen arauak ez duela izan eragin handia txanbelaren musikan. Txanbelaren errepertorioan esaldien neurria aldakorra dela eta erabat kantuaren hitzen beharretara loturik dagoela.

Hau guztia ikusirik, beste edozein soinu-tresna zahar berreskuratzea zaila bada, txanbelaren kasuan zailagoa dela esan dezakegu. Ez baita nahikoa jotzea bere berezitasun hori galtzen bada. Hori da txanbelaren arima eta euskal musikan egiten duen ekarpenik garrantzitsuena.